Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

HIRI BATEN TAMAINA DUEN MAGALA

 

Mesedez, orraztuko zenizkidake

belarriak? —Vladimir Maiakovski.

Ezer ez da ezer ez bada

mendekuaren defizit arraro bat,

zeinean amorrua den

maitasunaren modu gorena.

Urrunago iristen da

nora doan ez dakiena —Eusebio Calonge.

Justiziaren, memoriaren eta elkartasunaren

definizio berri bat ments,

eskelen herrentasun historikoari

muzin egiten ez diona,

bizitzaren tristezia arintzeko moduko

elbarritasun mendre bat.

Ze lubakik babestuko nau

nire gaztetasunetik —Heiner Müller.

Denborak bukatutako izenak,

deklaratu gabeko gerra ororen biktimak,

denbora faltak eraildako munduak.

Eta bitartean, han kanpoan, nigandik at,

gauza mordoa gertatzen da —Rodrigo Garcia.

Samurtasunaren mapa edo muga,

nornahik defendatzen duen

tristeziaren mugarrien kontrola.

Munduak entretenitu dezaten nahi du

baina aztoratu beharra dago

aztoratu aztoratu —Thomas Bernhard

aztoratu samina izan dadin

hil-urren den amona bati eskua hartzeko bulkada,

edonoren oroitzapen xumeenak ekarriz

behin eta berriz gogora:

zuhaitz hura, begirada hura,

sekula zeharkatu gabeko xenda hura.

Harritu egin zen bera ikusteko eta

egunero ordu berean munduan zegoela jakiteko

premiaz jabetu zenean —Sam Shepard.

Ez dago justiziarik akabatu denarentzat,

ez dago justizia definitzeko modurik

bukaera horren lekuko direnentzat.

Poesia guztia

            ezezagunari buruzko

                            bidaia da —Vladimir Maiakovski.

Besarkada bakoitzean hasi eta amaitzen den zoriona,

oroitzapen bat konpartitzean

hasi eta amaitzen den mendekua.

Badakizu jendea negarrez entzuten dudala

beti nire inguruan?,

beti dago norbait negarrez,

baina jendearen aurpegiak begiratu eta

ez du inork negarrik egiten, inork ez,

inork ez dirudi negarrez, eta hala ere

nik negarrez entzuten dut jendea, ez duzu zuk

jendea negarrez entzuten? —Angelica Liddell.

Saminaren izenordea,

zorionaren historia,

ahozko biografia.

Behin betiko bukatu behar da teatroan

jokaera funtsean estetikoekin. Teatroa da

artearen legeek bizitzaren ausazkotasunarekin

talka egiten duten lekua, eta talka horietatik

sortzen dira gatazka bortitzenak —Tadeusz Kantor.

Bukatutako pertsona ororen oroitzapen txiki oro

artxibatzen duenarena da

jainko demokratiko baten irudi posible bakarra.

Utikan errepresentazio ikuskizuna,

obra bat gauero aldatu behar da,

funtsezkoa da obra aldatzea —Antonin Artaud.

Bizitza oholtzarik zailena,

familia publikorik zorrotzena:

testua buruz ikasi,

dioena ahazteraino amen.

Mesedez, orraztuko zenizkidake

belarriak? —Vladimir Maiakovski.

Hiri baten tamaina duen magala,

amona bat edozein amona,

ahotsik gabe urrundutako izenak ospatzeko

mututasuna edo itsasoa.

Ez ezazu begiratu.

Mundua lehertzeko zorian da —Harold Pinter.

Ezin da mundua ulertu

amona baten edozein amonaren

eskuak ukitu gabe.

Nire emazteak idatzitako lehen gutunak

bere begiradak izan ziren —Joan Brossa.

Jaso ditudan maitasun istorio

guztien isiltasunarekin mintzo zait

oroitzapen bat irauten duen denbora.

Zoroa! Pailazoa! —Vladimir Maiakovski.

Bai, diot nik.