Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
BESTEAK
gure antza dugu
baina ez gara
gu bezalakoak:
titular bateko protagonista izateari uko egin
bizirauteko aukerak zenbatu
artizarrari begira zigarro bat piztu
sudur handia eta ipurdi iletsua eta
titi txikiak eduki eta pozik egon
euria egiten duenero larrua jotzeko grina izan
gorantz doazen maldak beherantz korritu
norbait hizkuntza arrotzez mintzo denean gozatu
inori deus esan gabe atzerriak zenbatu
musika entzun eta abesten saiatu
inork «dakizkidake» esandakoan bizarra moztu
bilera batera joan eta ezer esan ez
bilera batera joan eta etengabe gaia aldatu
zakilari eragin eta eskuak usaindu
uzkia igurtziaz batera belarrira xuxurlatu
alua ferekatu eta atzamarrak milikatu
ezinezkoa denean ere heterogaya izan
famili bazkarian euria itsaso hautsi bat da esan
eta algaraka lehertu modu kezkagarrian
gazteagoei kontzertu hartakoak kontatu
eta onartu oraingo hauek direla garai onenak
azkazal hautsiekin zer egin erabaki behingoagatik
gure antza dugu
baina ez gara
gu bezalakoak:
sartu burua komun zuloan zer sentitzen den jakiteko
pixa egin ohearen alboan eta gero ahaztu
hordiak atrapatu antzerki oihal batean bildurik
hunkitu agureak kalean astiro paseatzen ikusteaz
eta pentsatu: agian putakume batzuk izan ziren gaztetan
irrikatan egon lantokira joateko
ez lagundu zure premia duen lagunari
eta biharamunean bai baina berandu
ez esnatu garaiz ez jaiki ez jantzi
zirkuko akrobata batez maitemindu
zuretzat garrantzitsuenak diren gauzak
gorroto dituen harekin liluratuta geratu
eta erremediorik gabe zoriontsua izan
beltzez pintatu sukaldea
urteak bete eta urteak hustu
betiko ikusezina bihurtu
disolbatu bizitzan gatz edo azukre
eguneko aldartearen arabera
uholde arriskua dagoen egunetan
leiho guztiak zabaldu eta aldarri egin:
hilkorra naiz eta zer arraio
goxoa dago kafe ziztrin hau
gure antza dugu
baina ez gara
gu bezalakoak