Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

MINA

 

Mina pertsona bat izango balitz

(esan dezagun Ulrich Müheren belaunak eta

Nastassja Kinskiren belarriak dauzkala),

minak aurpegia edukiko balu

isilune adar listu gurpil baten ostean

errua nori egotzi jakingo nuke:

 

ez dakit zer egin txikitan galdu zenituen hortzekin,

dagoeneko estu dituzun zapatekin,

urtez urte gordetako barne isuriekin,

hortzen arteko arrasto beilegiekin,

nahi gabe irentsitako arrain hezurrekin,

etxeko hoditerian ilez ile osatu duzun pelukarekin,

hogeita hamar urtez moztu dituzun atzazal zatiekin.

 

Mina pertsona bat izango balitz

belaunburuak ukituko nizkioke,

planeta bikien forma bildu ahurrean,

ezpainen zama gerturatu haietara,

itsumustuan sumatu ildo bakanak

eta mugimendu bakoitzeko hezur-ikara.

Belarriak mamiekin irudikatuko nizkioke,

edertasunaren kanonetatik ihes egiten duten

atal elkarrengandik urrunduak,

zeinetan erna daitezkeen listuaren astindu soil batez

atsekabearen hego zauriak.

 

Mina pertsona bat izango balitz

sorbaldetatik oratu eta astindu egingo nuke,

bokal bakarraren errepika luzatuz.

Begien barrutik heldu eta

haren aurrean eseriko nintzateke,

elurra ile zurien barrura sartuz

eztia erlearen ziztadara nola.