Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

FABRIKA ZAHAR BAT DA IRAGANA

 

Ez dago mundurik hemen.

Hegoa galdu duten torlojuak, zilindroak, hodiak,

herdoila besterik ez.

Jaberik gabeko izerdia.

Itogin itoak.

 

Non dago jendea?

 

Non daude hamaiketako irriak

grebarako deiak

goseak

aurpegiz beteriko izenak?

 

Ez dago mundurik hemen.

 

Iraganak aspaldi utzi zion ileak kentzeari,

belarrak jan ditu bazterrak.

Zokoetako aleen artetik edozein unetan

alu bat, zakil bat aterako dela dirudi.

Adokin zartatuen ertzetan.

Makina hautsien zokondoetan.

Genitalez beteriko

fabrika erraldoia da iragana.

 

Non dago jendea?

 

Denborak bere egin duen segundo bakoitzeko

hauts maluta bat.

Oihartzun lehorra.

Ahaztua izan ala museo bilakatu,

iraganak ez du beste paturik.

 

Baina non dago jendea?

 

Non daude atzo hil ala bizikoak ziren galderak?

Non pentsakor uzten zituzten galarrenak?

 

Adreilua. Eskailera. Horma.

Non dago jendea?

 

Ez dago mundurik hemen.

Asmatu egin beharko dut bat.