Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

POZA

 

«Faltan botako zaitut» esan dio

ulertzen ez dudan hizkuntzan,

rakija basoa tragoz edatearekin batera.

Aulki gainera igo eta topa egin du soldadu ohiak:

«Une zailenetan alboan izan dugun jendearen omenez!».

Edan egiten dute, erre egiten dute, negar egiten dute.

Isilik dago orkestra zuzendaria izkina batean,

entzuten duen ahotsen doinua ulertu nahian.

«Aurpegi batzuek metrailak zartatutako etxeak dirudite»

pentsatu du alabak bere amari begira.

Mahai gainera igo da irribarre gozoko neska:

«Topa egin dezagun joan direnen alde!,

hondakinetatik berreskuratutako oroitzapenen alde!».

Edan egiten dute, erre egiten dute, negar egiten dute.

Oroitzapenak zerrendatu ditu gizon heldu batek,

egunkariek kontatu gabeko kontu asko dagoela otu zaio,

Drina ibaiaren izena duen zigarroa eskuan duela.

Ile zuridun emakume gazteak barre egin du, ozen,

ulertzen dudan hizkuntza batean,

hitza hartu du gainerakoak maitasunez mutu direnean:

«Nahiago nukeen gerra ezagutu ez izana, baina

orduan ez ginateke gaur hemen elkarrekin egongo.

Gerraoste honek ez du adiskidetasun osterik izango!».

Topa egin dute, edan egin dute,

erre egin dute, negar egin dute, kantatu egin dute

ulertzen ez dudan hizkuntza batean.

Moramo i?i! Moramo i?i!

«Itzul zaitez» esan dio soldadu ohiak

ile zuridun emakumeari. Rakija edan dute

kolpe batez bihotzeraino jaurti nahi balute bezala.

«Dvolim te puno!» egin dute oihu musikariek,

ulertzen ez dudan hizkuntza eder batean.

«Osasuna!» deiadar egin dut nik

haiek konprenitzen ez duten mintzairan

eta ulertu egin dute. Topa egin dute nirekin,

edan egin dute, negar egin dute, barre egin dute,

kantatu egin dute. Eta dantzan aritu naiz haiekin.

Musikariek eztarria marrantatu eta rakijaz bete dute

a capella edo akordeoiaz edo gitarraz edo

biolinaren notak dituen botila hutsaz.

Haur batek ez du ezertxo ere ulertzen

eta loak hartu du aulki baten gainean.

Hóce¼ li sa nama?

Kapitaina izandako emakume soldaduak

dantza egin du eta argazkia atera du,

abestu egin du eta argazkia atera du,

ez daudenentzat argazki album bat osatzearren.