Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
ZIRKU INTIMOA
Izan dadila sendatuko zaituen izurritea,
etsiturik zaudenean kutsatuko zaizun sukarra,
gorputz ebakia osatuko dizun gezur benetakoa.
Biriketan aireak greba oihukatzen duen egunetan,
izan dadila ahotsaren hauspoa
mingainetik mingainera
zabalduko dugun hatsaren lorea.
Izan dadila esku bat zauriz beterik
danborra nekearen azken taupadekin eusteagatik,
plazatik plazara darabilgun makilan
utzitako arrasto odoltsuekin,
mezuak fardel edo zama.
Izan dadila posible zaigun galera,
errealitate tematiei aurre egiten dien egunen laburra,
une batera eramanda bizitza oso baten beharra.
Izan dadila batzen gaituen errituala,
iraganari lotutako dantza hautsia,
oinarrizko senari estekatutako manifestu itoa.
Izan dadila igande goizetako eztula,
garestia bizitzaren jakitun delako,
garestia saminaren lepotik dihardugulako,
garestia biharko negarraren aitzindari delako,
baina gurea
katerik gabe preso denaren eldarnioa.
Izan dadila gaixoaldia bilatzen duguna
eta ez bake aroa,
bizi gaitezen sukar arotik sukar arorako
osasun zurbiletan.
Izan dadila sendatuko zaituen izurritea,
egia bezain triste altxatzen zarenean,
oinak astun,
begiak indarge,
ahotsa erro.
Izan dadila
egia bilaka ditzakegun
gezur guztien laburpena,
egunen zama arinduko duen orea:
sugar hau,
lelo hau,
tristezia aldarri absurduekin alaitzeko dugun
gaitasun hau.
Izan dadila sendatuko gaituen izurritea,
izan zaitezen zu, berriro, nire sukarra.