Aurkibidea
1
2
3
4
42. ATEA
ez dakit zer esan arrangurei buruz
ez dakit zure periferiara
trenik etortzen den paisaiak ekartzera
zu zeu ote zaren zeure baitan dagoena
eta ez beste norbait
ez dakit zure betazaletan
lokartuko diren antxeten begiak
hor jarraitzen duten behialako mugarriek
pausorik gelditzen ote zaizun
ez dakit zer egiten duzun hor
zer egiten dudan hemen
ezinegonaren egonezina saihestu nahirik
orduak pasean doaz ezinbestez
isildu egin dira balizko bihotzon mintzalekuak
eta bakarrik utzi nau gauak
gosari ostean
malurrak utzitako azalak aurkitu ditut
zaborrontzian botata
benetan ez dakit zer esan
—nigan sentitzen ditudan arren—
zure oinaze ezkutuei buruz
ez dakit non den
zure galmendiaren tontor piramidal hori
horregatik ditut izkiriatzen lerrook
loezaren ezinetik
iritsiko da agian bihotzaldi berri bat
guzti hau gaindituko duena
baina uneon eskutik jausitako hitzok baino ez ditut
bere baitan minduak
ezen ez baitakit zer esan
gotorturiko sentimendu hauei buruz
indarge zarelarik nigana etortzen zarenean
berdin dio honezkero
beste egun bat hasia da
erizainak 42. atea zabaldu duenean
eta zer esan ez dakidala nago