Aurkibidea
1
2
3
4
AHUR HUTSAK
aurrez aurre ekarri nahi ditut nire esanak
betzuloetan elurbilduak ditudala dakartzat
oinaze osteko ubera eta odolustearen isuria
zu zara hori uler dezakeen bakarra
ordainik jaso gabe egin nahi dut aldarri
bakeak egin ditut ilunarekin
noizbait pozaren gogoramen apurra
sentitu izan dut bihotz-zolan
eta beti pentsatu izan dut
helburu ederrenak ere baduela bere muga
inork ez daki zenbat iraunen duen hutsarte honek
baina nire ahurrak hutsik daude inoiz ez bezala
debekuaren zigorra ezagutu dute
destainaren indiferentzia nozitu
desioaren orbana laztandu
haatik hutsik daude orain nire ahurrak
eta errugabetu nahi nituzke
errugabetu galtze guztien erruduntasunetik