Aurkibidea
BERO APUR BAT
Batzuetan
oso poema hotzak
irakurri ditut,
odol gabeak
su gabeak,
inoiz, zorionez edo zoritxarrez,
sufritu ez duen jendearenak;
eta poema horiek
sugarrez jantzi nahi badituzte ere,
plastikoa bezain hotzak dira,
antzuak eta grisak;
horrexegatik
sarritan jo ohi dut
kale barreneko tabernan
zurrutaden inguruan
biltzen diren
zaharrengana,
bero apur baten bila,
euren begiradei
euren ahotsei darien
bero apur horren bila.