Aurkibidea
LAS CORTES
Prostitutak eta jonkiak,
eta prostitutak diren jonkiak,
eta jonkiak diren prostitutak,
giza miseria
giza miseriari
diru trukean
Las Cortes kalean.
¡Ven aquí, guapo!
diost euretako batek,
kotxe baten aurrealdean jesarrita dagoela.
¡Ven aquí, cariño!
eta irribarre egiten du,
bere gorputz lodi eta zaharra erakusten didala,
eta badirudi
upel itxurako bere tripa koipetsua
lehertu egin behar zaiola,
lehertu egin behar duela
ezin estuago daroan minigona merkeak.
Momentu batez
kalearen amaiera aldera begiratu du.
Ez dakit han ikusi ote duen
honen guztiaren irteera,
amets egiten duen ihesa,
edo Cantalojasko zubitik,
trenbidearen gainean,
handik behera salto egiteko aukera.
Niregana zuzendu du berriro begirada
eta irribarre behartu batekin batera
zera diost:
¡Ven aquí, cariño!