Aurkibidea
AHOTS EPELAREN BILA
Kale zahar horretako lokutorioak
itxura dotorerik ez badauka ere,
ortzadarra ematen du ordu batzuetan,
hara sartzen direnen larruazalen koloreengatik
hara doazenen jantzien koloreengatik.
Eta pentsatzen dut
are koloretsuagoak direla
telefonoaren bestaldean dauden parajeak,
eta gorriagoak ezpainak, eta urdinagoak zeruak;
eta minutu batzuez, behintzat,
telefonoz bestaldeko ahotsak
epeldu egingo die bihotz hotzitua.
Aurreko hirugarren pisuko gizonak
mespretxuz begiratzen dio leihotik
kale zahar horretako lokutoriotik
sartu eta irten ohi den giza ortzadarrari,
baina ez daki,
edo ez du gogoratu nahi,
bere aitak
antzeko beste lokutorio batera
jotzen zuela hilean behin edo birritan
sorterriko parajeen berri izateko,
baina, batez ere,
giza ortzadarrak egiten duen bezala,
bihotz hotzitua laztanduko zion ahots epelaren bila.