Aurkibidea
ESPERO EZ ZUENA
Goizaldeko laurak-edo izango ziren
Alde Zaharreko pub hartan.
Ateko pertsiana erdi jaitsita,
sei-zazpi lagun izango ginen barran
presa handirik gabe zurrutean,
patxadaz, badakizue.
Baina patxadatsuago zeuden
ondoan neuzkan bi emakumeak.
Batek
(berrogei urte pasa,
adats beltzaranak eta gin-tonika)
bere lagunari
(urte batzuk gazteago,
ile motz gorria eta rona)
zera aitortzen zion,
maitasuna delako hori
popatik bidaltzen zuela,
popatik, bai, popatik,
eta gogotik emanda,
ez zela berriro jausiko
inongo gizonen maitasun-hitz faltsuetan,
bakar-bakarrik nahi zuela
norbaitek atzetik heldu,
eskuak zilborraren inguruan jarri
eta astiro-astiro
titimuturretara igotzea,
haren mihi epelak
bizkarrean gora bidaiatuko zuen bitartean,
sama gordetzen duten adatsen artean galdu arte.
Ilegorria
bestearen sama laztantzen ari zela,
belarrira hurreratu eta
zeozer xuxurlatu zion,
zeozer laburra,
eta goxoa, antza,
pertsiana azpitik igaro,
kalera irten eta
eskutik ebatuta ikusi nituelako
kalean gora
Erribera aldera.