Aurkibidea
MORFINA
Gogoratzen dut
morfina dosiak ez ziola oinazea baretzen,
eta bigarren bat eman geniola,
eta hala ere
zainetan zebilkion laztan kimikoak
ez ziola bakerik ematen.
Gogoratzen dut
errealitatearekiko kontaktu guztia galdu zuela,
urruneko lekuez berbetan hasi zela,
astiro, ezpainen kontrol barik,
niri begira,
baina ni ikusi gabe,
eta bere esku hezurtsua
nirearen gainean olgetan ibili zela.
Gogoratzen dut
hirugarren dosia emateko
zalantzan ibili ginela;
eta orduan
seko gelditu zitzaion
bihotza.
Gogoratzen dut
azken minutu haietan
gustura asko eskertuko zukeela
baso bete ardo
hurbildu banio
ezpainetara.
Gogoratzen dut
ez nuela egin.