Aurkibidea
KONTAINER ONDOAN
Kotxeak agudo doaz
San Franciscoko aldapan behera,
eta bikoteak eta autobusak eta motor zaratatsuak,
eta magrebiarrak eta beltzak hara eta hona,
eta ijitoak eta prostitutak izkinetan.
Kontainer baten kontra jonki bat,
eskuak txandaleko poltsikoetan sartuta,
begiak erdi bilduta, hankak tolestuta,
eta ez dakit benetan, momentu batetik bestera
kontainer azpiko asfaltora jausiko ote den.
Agian belauniko jarri nahi du,
belauniko, otoitzean bezala,
eta, begirada asfaltotik jaso ezin badu ere,
badirudi
bere infernu propio hori amaitzeko
eskatu nahi diola zeruari,
teilatu artean ikusten den zeru mugatu urrinari
Baina zerua hutsik dago,
eta hegan dabiltzan kaioak
putreak baino ez dira.