Aurkibidea
NI NAIZ CHARLIE DONNELLY
Jameson botila bat eta baso biren inguruan bildu gara
Brendan Behan eta biok Uholde tabernan,
pub sasi-irlandarren kontura barrezka batzuetan,
literaturaz eta borrokaz berbetan besteetan,
whiskey koloreko ordu hauetan.
Bere begietan alkoholaren distira
kartzeletan eman zituen urteen minarekin batera.
Poesia nonahi topa daitekeela aipatu du,
baldin eta bihotzeko begiak erne badituzu,
eta horren ostean, zurrut egin duen bitartean,
egunkariko eskela bat atera eta erakutsi dit:
gizon baten argazkia, izena, abizenak...
A.A.U.
Rebelde y antifranquista
(Fugado del penal de San Cristobal)
Yo quería dar todo
antes de que la muerte llegase,
quedarme vacío
para que la hija de puta
no encontrara nada que llevarse.
Poesia eskela batean bertan topa daitekeela diost Behanek,
eta zenduaren borroka egunak ekarri ditu gogora,
Irlandako Connolly Column hura, Frank Ryan buru zutela,
faxismoaren kontrako lubakietara etorri zen garaia,
Tyrone konderriko Charlie Donnelly poeta internazionalista
olibondoen arteko lubakietan tirokatu zuten eguna.
Behanek hori guztia gogoratu ostean,
basoak bete eta errime aldarrikatu du:
Ni naiz Charlie Donnelly,
15 Brigadako poeta!
Eta topa egin dugu,
eta baita basoak hustu ere,
Brendan Behanek eta biok
Uholde tabernan.