Aurkibidea
FRANKOTIRADOREA
«Summer gaizto xamar»,
halako izenburu batekin
helduko lioke idazleren batek poema berri bati,
hasiera ederra eta
irudimen handikoa egin duelakoan,
jakin barik
poemaren sua, indarra... dinamita guztia
lerroen artean ezkutatzen dela,
poemaren lerroen artean ezkutatzen dela
frankotiradore bat,
odola borborka ipini nahi dizun
frankotiradore bat,
larruazala ikara batean ipini nahi dizun
frankotiradore bat.
Ezpainak bustiarazi
bihotza urtu, gurina bailitzan,
hankartea berotu...
hori guztia egin beharko lizuke
poemaren lerro artean ezkutatzen den
frankotiradoreak.
Eta hala gertatu ezean
hori ez da poema bat, lagunok;
sukaldaritza berriko errezeta izan liteke lasai asko,
itsasgora eta beheren gaineko komentarioa,
toponimiari buruzko lau berba,
edo zer dakit nik.
«Summer gaizto xamar, Sam...»,
baina ez, hark uste du
poesiaren xarma lerroen jantzietan datzala,
berba puzzle dotoreak direla poemak,
bolborarik gabeko kartutxo ondo dekoratuak.
Ezin du hori guztia ulertu soldatapeko idazleak.
Ez du inporta zein hizkuntzatan esaten diodan,
ez du ulertzen
edo ez du ulertu nahi.
Soldatapeko morrontzak etxean babesten du
kaleko kiratsetatik
tabernetako izerdietatik
begirada bortitzetatik
basa ezpainen adurretatik
uniforme harrotuetatik
zain hanpatuetatik
beltzune kimikoetatik
zakil beroetatik
alu hezeetatik
labanen ahoetatik.
Saiatzen da zeozer idazten,
baina aurreko orria, edo pantaila,
berbez gainezka badago ere,
bere musua bezain zurbil agertzen da,
bere zainak bezain hutsik.
«Summer gaizto xamar, Sam...»,
eta uda betean bizi haizela
uste dok.