Dario Lafuenteri
—1—
Gogoratzen, aita? Urri hondarretan geunden aitite Mateoren etxera aldatu ginenean. Euri egun batek are bustiago bati ematen zion aldi, eta niri, esan beharrik ez dizut, ez zitzaidan batere erraza egin bizimodu berrira moldatzea. Lehengo aldean, bidea nuen ikastetxera. Zeuk eraman behar izaten ninduzun lanerakoan Bilboraino goizero. Itzuli, metroan egiten nuen gehienetan, bakarrik ia beti. Eta lagunak galtzen hasi nintzen. Distantziak bere lana egin zuen, han geratzen ziren eskolak amaitu eta gero ere. Baina neureaz ez hitz egiten, arin ikasi nuen.
Ostirala behar zuen izan, hori badakit. Institututik bueltatu nintzenerako kargatua zenuen autoa. Hitzik gabe egin genuen bidekoa, haserre nindoan. Maleta eta poltsa gutxirekin igo genituen etxeko eskailerak, autoa estrata zarratzen oker utzia, argiak piztuta. Iluntze hartatik, atzerantz begira noala, autoko argi laranjak datozkit, platanoen hostaje soiltzen hasian klik eta klik. Argi bustiak eta oinetakoen ibili presatua galipot harrotuan. Hodi hori malguek hartzen zuten espaloia, lurpean sartzeko gertu, elkarren ondoan taxuz pilatuta. Asteburu hasiera izanagatik, jende gutxi zebilen inguruetan. Bebarruko atea zabaldu orduko genuen zain Mateo Vallejo.
Poltsak armairu ondoan pilatu eta ohe gainera pijama soilik aterata, zurezko leiho zuria zabaldu nuen. Karranka zabaldu zen. Pestizida ukaldia. Nondik zetorren ez nekien burrunba apala. Eta gauaren aho zuloan, itsasoaren iluntasuna, bokalean hondo emandako zamaontzietako argiek mudatzen ez zutena.
Horra zer gelditu zaidan ordukoaz.
Eta zu Mateo Vallejorekin eztabaidan sukaldean. Heldu eta batera.
Horrela dut akorduan. Ezin dizut esan amaren falta sentitu nuen. Gertaeren garraioan, errazago gogoratzen dira irudiak sentipenak baino. Eta berregiten ahalegintzen ari naizen hau guztia ere, ez nuke esango hala ez nabilenik. Ez dakit ez ote den orduko hura, nolabaiteko behar honek hartaraturik, gerora neuk osatu eta edertua.
Oinetakoak askatu nituen.
— Akordatzen, Nerea? —galdetzen zidan.
Leiho orria zarratu eta ohe gainean etzan nintzen, eranzteko kemenik gabe. Galtzerdiak ere bai. Ahal beste luzatu nituen zangoak, belaunez belaun elkarren ondoan biak, elur berria bezain zuri oinak. Gela osoa hartzen ez zuen argia zen lanparak ematen zuena.
Izerdi usain hura, arropetan itsatsia.
— Akordatzen zara motor-txikian atera ginen aurreneko aldiaz?
Eta galdetu zidan aldiro baietz erantzun izan nion aitite Mateori. Baietz begiez, nola ez, baietz irribarre biluziz, ondo oroitu ere nola jaitsi ginen larunbat edo igande batean moilaraino, goiz beluan.
Artega joan nintzaion atzetik. Horma gainean zeuden kalatxoriek labarretara hartu zuten gu hurreratu orduko. Karrankapean genuen Urbano Peña zain.
Plastikozko zorro bat zuen petril hezearen gainean, haize berdeak bandera bat bezain erraz astinduagatik, zirkinik ere eragiten ez ziona benetan. Harri batek behar zuen barruan gutxienez.
Elkarren bila doazen esku bi. Atzean, zeru gris bat.
— Hona zer garen... —izan zen agurra.
Eta une hura berregiten dudan aldioro Urbano Peñaren esku handi haiek datozkit oraindino ere, arropa denda baten izena bistan zuen poltsa hura zabaltzen. Kutxa ilun bat zen, haria emanda tapa bereizten zitzaion ontzi nakaratua. Urre kolorekoa ertza bueltan.
Aspaldi zuten hitz egina, antza. Itxaroten eman zuten asteburu bat, eta hurrengoa, eta hurrengoa, eguraldia noiz aldatuko. Ez zen berehalakoan heldu ateri iratzarriko zen aurreneko asteburua, hala esan zion Urbano Peñak aitite Mateori. Bezperara arte ez zuen erabat hustu.
Gelditu egiten dut irudia orain, lagundu egiten dit bi gizonen artekoa hobeto ulertzen. Peñaren aldean txaparra da aitite Mateo. Hizketan ari dira, ezin diet dena harrapatu, ez dira berbak gaur arte heldu. Eguraldiaz esango nuke ibili zirela hasieran. Itsasora behatzen dute, buruaz egiten du Peñak moilatik kanpo, puntetara, kokotsa luzatuz baina eskuak poltsikotik atera gabe. Zentral termikoko tximiniak zolan. Grisa grisaren kontra, marra gorriz apaindutako hiru hodi erraldoi, porlan kolorekoak hirurak, ke puztua dariela. Gauetan argi gorriak pizten dizkiete hegazkinek jo ez ditzaten. Eta bola handien pisuaz makurrarazten dituzten argi-indar kableak alderik alde. Haizea dabil. Olatuen zurda zuriak datozkit begietara. Bekerekeak dirudite uretan bazkan, plastiko tarratak bestela.
Ohartuta dago Urbano Peña ere. Kezkak hartu du gizona. Txakurtxo bat da buruari eragiten dionean.
— Eta?
— Aterako gaituk —agindu dio Mateo Vallejok—, eraman beharrekoak ikaratzen ez badira bederen.
— Ez daukak Portsmoutheraino joan beharrik.
Nik badakit zer pasatu zitzaion burutik, norbaitekin bizi zarenean ikasi egiten da hori ere denboraren poderioz. Baina isilik geratu da aitite Mateo lagunari begira. Ez dago ondo, erasan dio ederto alabaren heriotzak.
Taberna giltzatuaren atarian daudenengana bildu da Urbano Peña. Berriketan aritu dira. Xira zuriz jantzitako jaseko gizon gazte bat nabarmentzen da besteen gainetik, espantuzko keinuak egiten ditu eskuez, itsaso aldera beti. Lau-bost lagunek inguratu dute, hala ikusten dugu petril ondotik Mateo Vallejok eta biok, elkarri berbarik egiteke. Atzerago dagoen multzotxoan berriz, neure adinekoak izango diren neska-mutil birengana doazkit begiak. Domekako arropaz jantzi dituzte. Igeltsutan darama besoa mutikoak. Ondoan, bi besoak antxumatuta berotze aldera marruskaka ari da emakume bat. Gerora jakin dut ezagunak zenituela talde horretan.
Ohartu naizenerako, batekoak eta bestekoak kontatzen sumatu dut Mateo Vallejo.
— Jende gehiegi —esan dio Peñari hau itzuli orduko.
— Honaino etorrita ezin esango zieat ba lehorrean gelditzeko...
— Hi bahator?
Ezetz dio buruaz, ezetz alderik alde eragiten Urbano Peñak. Eta lagunari bizkarra emanda ekin dio Mateo Vallejok noraian amarratutako txikotetik tiraka motor-txikia apur bat hurreratzeari. Arrimatzeko egin die keinu Peñak taberna aurrean bildutakoei. Artean heze dauden harrizko mailetan behera jaisten hasi dira. Popagainean jesarrita ikusten dut aitonak nola laguntzen dien. Dardara egiten dute oinek karelean jauzi egin aurretik.
— Gehiegi gara? —galdetu dio emakume hotzakilak.
Inori motorrera jaistea ukatu gabe aukeratu dute bi emakumek eta gizon adineko batek moilan gelditzea.
— Urbanori lagunduko diogu —esan du andreetako batek.
Beldur hitza aipatu dute, itsasoaren zakarra, ontzi betea. Nahiago dutela lehorretik ikusi, ez dela ezer gertatzen, egoteko lasai beraiengatik, bertan itxarongo dietela.
Poltsa eskuan duela Urbano Peñak eskailerak motor-txikiraino jaitsi dituenean, gizonaren tristurak ez du non gorde. Maskotaren xerarekin laztandu du zorro plastikozkoa.
— Agur, Lu.
Esku biez oratu dio poltsari gizon xira-zuriak. Barrura begiratu du, keinu amultsua egin dio ostera moilara igotzen hasia den agureari. Besoa loka daraman mutikoak begiak xukatu ditu. Norbaitek bihotz berde bat marraztua dio igeltsuan. Letra zatarrez idatzitako izen are zatarrago bat. Berak bakarrik egingo du negar.
Baziren bi hilabete Lourdes Peña poto hartan sartua zutela, eta hirurogei egun asko da hildako bat egongelako apalean izateko. Larregi da eguneroko hautsa kentzen ari zatzaizkiola bizitza oso bateko irudiek erasateko, eta malkoak ere agortu egiten dira.
— Erria txikota!
Hamahiru urte nituen eta inoiz ikusi gabea nintzen inoren hautsak haizeari ematen.
Mateo Vallejok soka bustia bildu eta enbarazu egiten duen jendea doi bat baztertuta motorra arrankatu duenean, «Portsmouthera» esan duela iruditu zait, ahopean. Baina inork entzun ez diolakoan nago. Eta bagoaz. Irudiak bizkortu egiten zaizkit hortik aurrera.
Eskuaz egin ziguten agur moilatik Peñak ez beste guztiek.
Luk jaiotzetik ekin zion oker. Zeukan burua izateko, ez zen etxe egokian sortu. Urbano Peñak semea gura zuen, zu bezalako mutiko bat, hala esan gabe hori esaten zion Mateo Vallejori gaia ateratzen zen aldiro.
— Hik bai.
— Ez diat ulertzen, Urbano.
— Zorte handia duala semearekin.
Horrela aritzen zen zugatik Urbano Peña. Eta orain, hitzok inoren ahotan datozkidalarik, ez dakizu zein arrotza egiten zaidan dena. Elkarrizketa hauek, bi gizon heldu ametsetako familiaz hizketan, inor zure miraz bizi izan dela gogora ekartze hutsa. Zure inbidiatan bizi. Grazia egiten dit, baina zaila da gertatua gordetzea, hori da egia. Luren ostean beste haur bat jaio zitzaien, zu baino gazteagoa den hori, nola du izena? Eta beste bat handik urte batzuetara, Urbano Peñaren azken esperantza. Neskatoak hirurak.
— Andreek halako lanak hartzen ditiztek.
Neuk entzuna. Garondoan gogortuta geratzen zaizkizun berba horietakoak dira.
Kolpeka egin zuen motor-txikiak aurrera, uhin gainzurituek mendebaldetik jotzen zutela. Moila utzi orduko hasi ziren oihuak, balantzagatik adina karelean barrura sartzen hasi ziren zipriztinengatik. Animalia ahulak gara zinez: barnean ez dugun babesaren bila biltzen gara arerio artera. Xira zuriko gizonak zirtoaldi merkez lasaitu nahi izan zuen giroa. Berehala hartu nuen begitan. Lu etortzen zitzaidan behin eta berriz, lerdo hura gidari aireportura laguntzen azken hegaldia hartzeko. Ikusten ez nuen ahots mehe batek ea merezi zuen hainbeste urruntzea galdetu zuen, zergatik ez genuen han bertan botatzen. Mateo Vallejok ez entzunarena egin zuen, puntetatik urrun geunden artean.
«Nerea, etorriko zara egunen batean nirekin?».
Eguzkiak beltzarandutako azala zuen Luk, milaka orin txikiz josia. Ikusi egiten dut oraindinoko. Gozo hartzen ninduen ikusi aldiro, zure alaba nintzen.
Afrikan hil zen, Malin, Mauritanian, egun ere zehazten asmatzen ez dudan mapako puntu gorri batean, lanean eszedentzia hartu eta eskola bat eraikitzen laguntzen ari zela. Inor gutxiko parajean zebiltzan autoa pendizean behera amildu zenean. Hori zabaldu zen orduan behintzat. Bi egun egin zituztela burdina artean, ahuntzekin zebilen haur batek aurkitu zituen arte.
Goizeko seietan iratzarri zuten Urbano Peña. Atertzen ez zuen telefono hotsa ilunpetan. Ahots arrotza zen.
— Nola esango niake, ahoan legarra balu bezala sentitu nian.
Ez da egia gizonek ez dakizuela zer gertatzen zaizuen azaltzen. Urbano Peñak hartxintxar xehatua barrundatu zuen alabaren heriotzaren berri eman zion ahotsean, hala aitortu zion aitite Mateori.
Xira zurikoak errautsen ontzia ondo zihoala erantzun zion, ea brankan zer moduz galdetu zuen. Joateko atzera agindu zion emaztea izan behar zuen emakumeari. Zarata egin zion aitite Mateok, egoteko geldi. Ahaleginak egin arren, ez nuen ontzian gindoazenen arteko loturarik egiterik izan. Nor zen norena, nor familiakoa eta nor laguna, ez nuen lehorreratu ostean ere argitu. Egia esan, horrekin zer.
Kanpoko moilatik hurre, ontzia bilin-balaunka hasi zen. Errotek errukirik gabe ebakitzen zuten haize mina zebilen. Hots hura. Orduan erabaki zuen Mateo Vallejok motorrari abantea kendu eta mendebalerantz, haize-ezkutuaren bila jotzea. Ez ginela iritsiko bestela. Lehorrera begira, Mateo Vallejoren etxearen bila aritu nintzen, ostendu aurretik ezagutu nuen nire leihoa. Garabitik hasi eta muturreraino, zazpi kanabera zenbatu nituen moilan.
Xira zurikoa ez zen isiltzen. Lu etorri zitzaidan atzera, zergatik utzi genuen kaiku haren eskuetan zarataka, ateratzeko pototik atoan, uzteko behingoz bokaleko urak irents dezan, nola egin duen aita Urbanok hori, nahiago duela itorik haren magalean baino.
Motorra trabes jarri zenean egin zien keinu Mateo Vallejok. Luren ahizpetako batek orri urdinxka batean idatzitakoak irakurri zituen. Amaitu bezain laster libratu zuen ertz urrekarako estalkia xiradunak. Ahoz behera jarri zuen ontzia. Hautsak zabaldu zirenean ez zen okerrik gertatu, ez zuen haizea bat-batean aldatu, ez zen inoren zabarkeriaz hildakoa jendearen gainera etorri, film hartan bezala. Umorerik gabe, partikula ezin xeheagoetan alde egin zuen gure ingurutik Luk. Milaka pinporta afrikar eltxoak bezala hegan. Edozein bide bazterretako hondarra, handik segundo batzuetara gurpilez gora geldituko den noranahiko batek harrotua, Luren begiek ikusi zuten azken irudia, hain antzekoa dena.
Kostatu egiten zait haren guztiaren benetako pisua neurtzea orain. Ez naiz gauza neuk zer sentitu nuen eta gerora entzundakoen artean bereizteko. Dena da halako anabasa bat, gerora, okerrak oker, nola edo hala ordenatu behar izan dudana. «Heriotzaren polena bazina bezala joan zara», apuntatu nuen koadernoan etxera heldu ginenean.
Txirriporroa zer nintzen ba.
Eta hala jarraitu nuen, herriko bandan jarri ginenean ere, hauts ilunei begirik kendu gabe, ordurako ezer bereizteko gauza ez nintzen arren. Lepoa atzerantz bihurtuta, zakar bakoitzari segi nahi izan nion. Pertsona batez gogoratzeko gai garena haizearen gurarira batera eta bestera, urrun, gero eta urrunago Mateo Vallejoren motor-txikiak uretan utzitako zauri zuriaren, uhara isilaren gainetik. Urrutiko bidean orduan ere Lu, zakar txiki eginda Abran hondoa emandako zamaontzi zahar baterantz, atomo ikusezin bihurtuta Lu ontzi fantasma zirudienaren kubierta herdoilduan pausatzen, auskalo norako bidean beti Lu.
Bai, asmatu duzu. Serenity Star zen zamaontzi hura.
Eguraldia garbitzen ari zuen. Eta ontziaren silueta atzean, laino artean gero eta argiago, Portsmouth ikusten zen.