—19—
Abandonatua izatearen okerrena ez da bakardadea. Bakardadera ohitu egiten da, oina zapata berrira bezalaxe. Abandonatua izateak duen okerrena inork ahaztu zaituela da. Falta da, hustasuna, baina norbaitena, halakok zu bere bizitzatik egoztea erabaki duelako. Harremana funtzionala izan denean, eramangarriagoa egiten da guztia. Maitasuna egon denean tarteko, berriz, burutik egin arterakoa da gaitza.
Urteetan jakin eta isildu, zama horrekin bizi izan delako esango nuke bihurtu zela Tere etxeko. Zaharragoa da Mateo Vallejo baino, orduan gauza zen ingurua gaztetzeko, ordea. Ez zuk ez nik izan ez dugun harremana lortu zuen aitite Mateorekin. Garai bateko gaizki eginaren ordainak bazuela zerikusia honetan, ez nuke ezetzik esango. Are nabarmenagoa zen elkarren beharra zutela ohartu zirela biak. Bi familiek elkar ezagutzeko egindako bazkariaz geroztik, sarriago hasi zen etortzen gurera. Mateo Vallejok atzean utzi zituen hasierako lotsak, kanpokoa etxean sartzearena-eta. Elkarrekin egon ziren aurreneko aldietan Terek biak odol berekoak zirela gogorarazten bazion ere, laster ikasi zuen ez zegoela iraganera jo beharrik bien artekoa estutzeko. Odol zahar kontuak atzean gelditzen hasi ziren. Jakin-mina ase egiten da, konpainiaren ederra ez.
— Bilbora noa, gauean helduko naiz.
Odolaren deia, baina berriarena. Eta ilunduta heltzen zen, eguna kanpoan emanda. Ordura arte egin gabeko gauzak egiten hasi zen Mateo Vallejo, kanpoan bazkaltzen, errio ertzean paseatzen, inoiz sartu gabeko tokietan sartzen. Ordurako baztertua zuen ia autoa, metroan egiten zuen joan-etorria.
— Zineman izan gara.
— Gaztetu egin zaitu andre horrek —esaten nion.
Nobioak ziruditen. Bularreko estutasun hura ere arindu egin zitzaion. Terek ez zion barkatzen. Jardunaren poderioz, tabakoari ere utzi zion.
— Berandu ezagutu dugu elkar.
Mateo Vallejok ez zion, nik dakidala, egundo aurpegiratu lehenago ez bilatu izana. Ez zion, nik dakidala, egundo gogorarazi non egon zen ordura arte. Tere zenean, berriz, Mateo Vallejorenera zetorrena, berau zen kalera ateratzeko eskatzen ziona. Eta pasieran joaten ziren betiko osteratxoa egitera, Edwinek eta biok egiten genuen bidetik gehienetan, azken etxeetatik gehiegi urrundu gabe. Beste gizon bat zen. Besotik oratzen zion emakumeak. «Lehengusina dut», aurkezten zien bidean aurkitutako lagun eta ezagunei, gehiago esan gabe. Gertukoek soilik zekiten egia osoa, fraidearen semearena, familiak ahaztuarena, napalmak erretako haurrarena.
Portura eraman zuen batean, Terek konbentzitu egin zuen motor-txikia garbitzeko, kentzeko pintada itsusi haiek.
— Zuk ez duzu merezi horrela ibiltzerik, zer izan behar du, zu bezalako gizon bat horretara etorrita.
Etsia hartua zuena lastasua bezala piztu zen. Udaberria etorri zitzaion, egin zezakeela beste urtebetetxo bat pentsatu zuen, ez zegoela hain gaizki, bazeukala ateratzea ostera ere tximinoitan, kabratan, durdutan eguraldiak hobera egin orduko.
Abran mugimendua zebilen. Pestizida hatsa berriro dena hartzen.
— Gozoa jarriko da semea.
Eta barre egiten zuen zure begitartea imajinatze hutsarekin, zu baitzintuen Mateo Vallejok gogoan, sinesten ez baduzu ere. Ni Londrestik itzuli eta gerora margotu zuen ondo lijatuta motor-txikia, eguna luzatzen hasia zenean.
Jakin-mina, Edwinekiko zuen. Arian, Filipinetako labirintoa xehatzen ikasi zuen, hiri nagusien izenak, Edwinen etxekoenak, Lizawinena ekartzen zuen berbaldira batez ere. Hango janaz erakusten zuen ardura Mateo Vallejok, barazkiak prestatzeko eraz. Bagoonga lortu zuen Bilboko aduanatik, tamarindoa, koko-esnea. Ahalegindu egiten zen, galderetan zuen ezagun. Nire koadernoa erakustekotan ere egon nintzen, bakoitzak bere mundua du, ordea. Eta egia, lotsa ematen zidan barrunbeetarako bide hura erakusteak.
Tere etxean zegoen batean deitu zuten kontsulatutik. Aurreko aldietako ahots bera zen, orduan ikasi nuen zer zen kontsul honorario bat, esanez «arazotxo bat» zegoela Edwinekin. Hirutan errepikatu zuen «arazotxo bat». Ez zegoela, dena den, kezkatzeko arazorik, laster konponduko zela dena.
Zirudienez, salaketa zuen jarria baten batek Serenity Starreko marinelen aurka txakur-borroken kontura.
— Ezin dizut esan nor den, ulertuko duzun moduan —argitu zuen.
Beste guztiak joanda, Edwin zen salaketari aurre egin behar zion bakarra.
— Ez du zentzu handirik, badakit —jarraitu zuen kontsulak—. Baina badakizu nolakoa den makina absurdo hau.
«Makina absurdoa». Kontsulak berak esan zuen, «administrazioa» esan nahi zuen baina. Berehala askatuko zela korapiloa, izateko pazientzia apur bat. Horretarakoxe deitzen zuela.
— Ez da epaiketarik izango. Ea gabonetarako etxean den.
Orduan ohartu ginen. Mateo Vallejok ikusi zuen balkoitik.
— Serenity Starra ez dago!
Eraman egin zuten, moilaren batean lotuko zuten, husteko ezer bazen, auskalo nora gero. Agertu zen bezalaxe desagertu zen Serenity Starra gure begien aurretik. Eta ontzi gehiago izan arren estibaren zain, Abraren hustasuna ikaragarria zela iruditu zitzaidan. Hagin bat galtzen dugunean legez.
— Ezer bazenuen kamarotean?
Negarrez ari zen Tere. Egia zen aitite Mateoren antza zuela, musualdean, sudurrean, ezpain harro haietan. Alaiak izanagatik, erraz jotzen zuten tristurara biek. Garrantzirik gabeko gauza batzuk aipatu zituen.
— Erraza da abandonaturiko ontzi batetik nahi duzun guztia eramatea, aduanetakoak dira okerrenak —esan zuen Edwinek—. Poliziak berak dira ebasten nagusi. Ontzi bat desguazera doanean era guztietako lapurrez betetzen da. Ez da aurreneko aldia hori ikusten dudana.
Prismatikoen bila joan zen Mateo Vallejo.
— Geurekin igaroko dituzu gabonak, hemen bazara behintzat —esan zuen Terek orduan.
Hurrengo egunean Toki Ona atarian Urbano Peñak aitite Mateori aparteko batera deitzen ikusi zuenean, gonbita erretiratu egingo ziola izan zen Edwin Macapulayri burura etorri zitzaion lehenbiziko gauza.
— Zergatik? —defendituko zuen Terek Mateo Vallejoren aurrean.
Poliziak eta portuko langileek Serenity Starreko barrunbeetan aurkitutako kaiola ugertuek ez zuten beste aukerarik ematen gehienen ustez. Kontua gezurra baino arinago zabaldu zen. Egunkarietako argazkiek agertzen zena zioten. Hiru kaiola handi, herdoilak janda sarrailak.
— Hik badakik egia dela, Mateo —harrotuko zuen ahotsa Urbano Peñak—. Neuk bezalaxe ikusi duk jende hori.
— Zer diok?
— Txakurrak jaten! Itsasoko urteak zer, ahaztu bat-batean ala?
Hori zen Toki Ona. Betiko mahaiak, betiko egunkariak, betiko jarduna. Gertakizun batek gainontzeko jazoera eta sentipen guztiak azaltzeko balio balu bezala. Nekatuta sentitu zen Mateo Vallejo. Kalerantz jo zuen. Iruditu zitzaion zerurakoan biluzik gelditu zirela. Eraikin margotu berri bat, toldo zuri-gorria zuela etxepean. Kiniela. Loteria. Botea. Umeak autobusetik behera jaisten. Lainezak hartutako ahoak. Patinetean doan bat. Ia behegainera bota duen bultzada.
Ibilera pausatzeak lagundu egin zion hitzei beroarena kentzen. Urbano Peña noiztik ezagutzen zuen pentsatu zuen. Elkar aldatzen ikusi zuten urte haietan guztietan, heltzen, zahartzen. Gizon dotorea izan zen beti Urbano Peña. Itsasoan emandako sasoiak hartu zuen, ikastola aurrera ateratzeko egindako lanak, garai ilunetako kaldan biak beti. Inoiz baino urrunago zuen. Bien arteko harremanak ez ziren inoiz errazak izan; denborarekin asmatu zuten elkarrengana moldatzen, ordea. Hori dena bazihoan. Eta bere buruarekin harritu zen Mateo Vallejo, zein normal zeraman hura guztia.