—5—
Nahastuan datozkio poza eta tristura Tereri, Mateo Vallejoren begi erabiliei erreparatu dienean. Ezaguna zaio ezti kolore hura, txikitasun gaiztoan herabe. Gero eta etxekoagoa zaio aurrean duen gizonaren behakoa.
— Gure hazpegia duzu. Izena ere... nola deitu behar dizut?
— Honezkero igualtsu izango da, ezta?
Ezpainak nola estutzen dituen erreparatu du, hotzegi ikusten du Mateo Vallejo.
— Esadazu, zer zen aita? Militarra? Apaiza?
Toki Onako mahaian bekoz beko daudela, odolaren indarra aurkitu nahi ditu Terek aurrean duen gizonaren atzamarren forman, belarri-ertzetan, kokotsaren biribilean. Amorrarazi egiten du horrek orain, ezin eramana egiten zaio larderiazko isiltasun haren guztiaren zama.
— Garaiak ziren gogorrak. Badakizu, eliza...
Halako zerbait ibili duela beti buruan aitortu dio gozotasunik gabe Mateo Vallejok, oztopoak baino ez zizkiotela jarri dena agerian geratu zitzaionean.
— Aitaren argazkirik baduzu?
Terek ez dio berehala erantzungo, begiak ditu lanean. Sudurra, bekokia, berbak ebakitzeko era... «Zu gutarra zara» esatera doa, baina «ekarriko dizut hurrengoan» atera zaio.
Konfiantzan aurrera, amagatik galdetu dio Mateo Vallejok. Ezer ez dakiela aitortu behar izan dio Terek. Hala da, hutsa bada aurrean duen gizonaz dakiena, ez du motiborik izan honen amaz gehiago jakiteko. Zerbait zekiten guztiak falta dira.
— Denak hil dira txintik atera gabe.
Toki Onako behegain bustian zerra-zahia zabaltzen dabiltzala, nahi aldean geldiro doakio osatzen Mateo Vallejori iragana. Behin baino gehiagotan errepikatu behar izaten dizkio Terek izenak, datak, lekuak. Haria eten egiten da maiz, eta bihotz-begiek ez dute larregi laguntzen. Segitzea ez da lantegi erraza. Gauza asko da, ezin konta daiteke bizitza oso bat hamar, hogei, berrogei minutuan. Fraidea zuela aita, «osaba Klaudio» esango du beti Terek, semea aitaren izenera ohitu nahiko balu bezala.
— Klaudio Aizpuru deitzen zen zure aita. Urte parrasta da hil zela.
Maitemindu eta komunitatetik ihes eginda, ezagutzen ez zituzten tokietan ibili ziren amorante biak. Hala jaio zela bera, gordean ustez. Gero, ez dakiela zer pasatu zen, izekoak-eta sartu zirela tartean, Klaudioren arrebak.
— Achostekoa eta moja. Kontua da zure amari kendu egin ziotela umea.
Entzun eta batera konturatu da Mateo Vallejo zein arrotza egiten den norberaren gainean horrela hitz egiten entzutea. Gogortuak ditu malkoak negar egiteko.
— Zure aita Bilbon zebilela gordeta, bisitan joaten nintzaion. Tabakoa eramaten nion. Orduan besterik beharbada ez, baina tabako asko ibiltzen zen gurean. Badakizu, marinako estudianteak...
Harriak baino hilago dago Klaudio Aizpuru mortu hotzean. 1963ko udazken egun batez hil zen, kaputxinoek Leonen duten komentuan.
Seina kendu eta gero, aita komentura itzuli zen ostera ere.
— Ezagutu ninduen?
— Ezagutuko ez zintuen ba!
Klaudio Aizpuru Bilbon egon zen garaiek harrapatzen dute Tere, abiturik gabe, bizarra ondo eginda, ordenatik kanpoko aste haietan.
— Zinemara joaten nintzen zure aitarekin. Nik tabakoa eramaten nion, berak Campos Eliseosera edo Filarmonicara gonbidatzen ninduen. Achostera ez zen arrimatu ere egiten, beldurrez bizi zen. Ikusten zintuen, ordea, urrutitik badarik ere.
Aparterago elkartzen ziren osaba-ilobak, Arriaga atzean-eta askotan, tranbiak hartzen ziren txapitula berde baten azpian. Ikusi egiten du oraindino ere.
— Urteak egin nituen Achosten, ezkondu arte. Han ezagutu nuen senarra.
Orain erraza egiten zaio Tereri aurrean duen gizonaren aitaz berba egitea. Zalantza egin du, beldur da nola hartuko duen, baina bota dio. Klaudio Aizpuruk benetan gaizki pasa zuela esan behar izan dio, amorruz umiliatu zutela komentukideek burumakur itzuli zenean.
— Zergatik bueltatu zen?
Dagoeneko hariak nahasirik dabiltza, zaila da galdetzen denari erantzutea, artegatasunak bere bidea duenean, hitzak bata besteari amarratzea ez da gutxi.
— Eta ama, zer dakizu amaz?
— Ezer ez. Zu Madrilen jaio zinela, hori badakit, Asuntaren etxekoek esanda. Madrilera joan ziren ihesi biak.
Algara mingotsa atera zaio Mateo Vallejori Tereren irteeraren aurrean. Kalean argiak pizten hasi dira. Lagunengatik galdezka sartu den gizona agurtu du eskuaz Mateo Vallejok.
— Madrildarra ni!
Nekerik gabe egiten du barre bere buruaz aitite Mateok, horman Athleticekoak direla gabarran igota errio lohian gora. Ondoko argazkian, Iribar eta Kortabarria ageri dira, Atotxan ikurrina elkarrekin atera zutenean.
Eta nik, ez dakit zer esan zioten elkarri aurreneko hitzorduan eta zer ondorengoetan, dena baita halako amaraun bat. Tere bera ez da gogora ekartzeko gauza. Aurreneko bisitak handik lasterrera izan zuela jarraipena, hori bai. Tere, metroa hartuta, ilusio handiagoz eta kezkaren erdiaz hurreratuko zen lehengusuarengana bigarrengoan. Badaki Mateok nahi duela familia ezagutu, badaki familiak Mateo ezagutu nahi duela. Orain ez du zalantzarik egiten, merezi izan du telefonoa hartu eta deitzea. Berak tarteka «ondo egin al dut?» galdetzen die seme-alabei baina. Buruan, hor du mailua kolpeka:
«Garai ederrean!».
Mateo Vallejoren bizitza ezagutu arau, dena egiten zaio eramangaitzagoa. Ez dio hala aitortuko, baina amorru printzak azaldu zaizkio, lehen aldiz azken urteetan.
— Izeko-eta, gaiztoak ziren. Gaiztoak. Badakizu, familiaren izen ona gorde behar. Hala zen orduan.
Izan zuen jakiteko aukera. Rosa izeneko neska batekin zebilen Mateo Vallejo, ezkontzera zihoan elizan presentatu zenean bataio-agiriaren bila. San Agustinen bataiatua zen, eta papera eskuan zuela jakin zuen ez zela etxean zuen amarengandik sortu: ume hartua zen.
Ez zen Rosarekin ezkondu. Kontatzen hasi eta nahasi egiten zaizkio denak Mateo Vallejori, orduan izandako elkarrizketak ez ditu zehatz gomutatzen, dena da halako tropoilu bat. Orain, nobioen arteko harako iskanbilak bata bestearen atzetik datozkiola, ezin esan dezake bera izan zen Rosa utzi zuena edo Rosa bera izan zen bakarrik segitzea erabaki zuena, ero batekin ezin bizi-eta.
Lanari, hori badaki, berak laga zion, eta ez zen txarra Komertzio amaitu orduko aurkitu zuen gerente postu hura La Basconian. Aho-bizarrik gabe aitortzen dio Tereri:
— Aldrebes ibili nintzen oso. Zurruta. Nor nintzen jakin nahi nuen. Bataiatu ninduen abadeagana joan, baina alferrik ari nintzela zemaitu ninduen On Elias Jauregik, ez nuela sekula arean jakingo. Etxean ere ezer ez. Nondik hartu ninduten eta moja baten izena.
Eta zuzen, Jauregi zegoen: Mateo Vallejok ez zuen ibilitakoaren arrastorik aurkitzerik izan. Ez zion horretan gezurrik esan.
— Elkar hartuta zeuden ate guztiak zarratzeko.
San Agustingo pulpitutik Francoren zapata zolaren kontra ere hitz egiten zuen indar berarekin egin zion aurre Elias Jauregik gurasoak zein zituen jakin nahian joan zitzaion Mateo Vallejo gazteari. Eta On Elias bazen nor: Gobernu Zibileko zerrenda beltzean izango zuten Txabi Etxebarrietaren aldeko mezak emateagatik.
— Casa cunako mojek ere, ez zidaten aurrerabiderik eman. Orain ulertzen dut, nola emango zidaten ba eurak tartean bazeuden.
San Agustingo bataio agirian ageri den egunean ospatu izan du beti urtebetetzea aitite Mateok, auskalo berez noizkoa den baina.
— Dena baino zaharragoa ematen du —abisatuko du etxean Terek—. Osasun aldetik kastigatua dago, makal antzean dabil. Gure amak bezalaxe, biriketakoa du, ito egiten da.
Madrildik, hiltzera ekarri zuten Mateo Vallejo. Sano haur ahula zen, ez zuela luzaroan iraungo pentsatu zuten Saroizar baserrian. Ekarri, Tereren amak ekarri zuen handik.
— Konturatzen? Zuen familiarentzat beti izan naiz burusoila, hortzik gabea eta gaixoa. Hala nintzen baserrira eraman nindutenean eta halaxe nago, urtetxo batzuk pasa ondoren, nire bila etorri zaretenean.
Poztu da Tere gizonak erakutsi duen umoreaz. Garratz tanta bat, horra bien artekoa eramangarriagoa egiten duena. Horretarako eta gehiagorako du eskubidea Mateok, pentsatu du bere artean Terek.
Umeak esnea behar, ordea. Atoan topatu beharra egon zen babes-zuloren bat fraidearen umea gorde eta zaintzeko. Tereren amak berak haurra besotan hartu eta beste etxe batera eraman zuen aurrena. Sentitzen zutela baina han ezin zutela ume hura hazi, ez zutela nahiko esne etxeko alabarentzat ere. Hala heldu zen tarteko egiten ziren Saroizarrera, garai hartako kontuak, hala utzi zuten han, eta halaxe hazi zen orduan Juanito Aizpuru deitzen zen ume hura hiru urtera arte, non dagoen inoiz jakin ez duen etxe hartan.
— Gogorra da gero, ia hiru urte arte erdaraz jakin ez, eta orain euskaraz pitorik ere ez!
Zumaiako tren geltokira agertzeko agindua iritsi zen arte. Lehenengo aita eta ama kendu bazizkioten, bi urte eta erdira ugazama, etxeko aita eta senidetzakoak ostu zizkioten Mateo Vallejori. Han agertu ziren mojak esandako orduan. Ez eramateko mesedez egiten zuten erregu Saroizarkoek, ondo haziko zutela eurenean. Alferrik. Bigarrenez bahitu zuten. Umea hartu eta trenean sartuta ekarri zuten Klaudio Aizpururen arrebek haurra Bilbora. Bazeukaten non utzi, Achosteko ugazaben auzoan, Vallejotarrenean. Ezin familia egokiagorik aurkitu: haurra nola hazten zen zelatatuko zuten hartara.
Bularra eman zion andreak ez zuen umea sekula gehiago ikusi.
Asuntagatik dakizki Terek Mateoz dakizkienak. Pena horrexekin hil omen zen Saroizarko ama.
— Urteak eman ditut dei honen zain.
Eta Terek ulertu nahi du Mateok darabilena, nola egon den hainbeste denboran ezer esateke ari zaio egozten.
— Zer familia duzu, Mateo?
— Seme bakarra... Ez nuen erraza izan beste andre bat topatzea.
Ezin izan dio eutsi. Errukiz begiratu dio Terek. Hustu dadin itxaron du.
— Emaztea oraintxe bi urte hil zen.
Horituak ikusi dizkio atzamar-muturrak Terek agerian utzi duenean eskua mahai ertzean. Handitu egin zaio dardara. Hegabera elurretan bezala babesteko ezarri dio berea gainean. Mateorentzat, bakarrik dagoenetik gozatzen dituen aurreneko emakume eskuak dira.
— Semea eta honen alaba, Nerea. Belaunaldiko bakarra jaiotzen gara etxean. Eskerrak.
— Ez esan horrelakorik! Orain ez zaude bakarrik, ez zara bakarrik gehiago egongo, Mateo.
Laztandu egiten dio esku dardaratia.
— Eta ordukoaz, ez duzu ezer akorduan?
Mateo Vallejok baietz dio, ahaztu da bere buruari agindutakoaz, eta ezpainak alaitzen zaizkio lipar batez.
— Hori bai, jende askok ez daki zein duen bere bizialdiko aurreneko irudia. Nik bai.
Betidanik izan du hor. Teilatu zabaleko baserri bat etortzen zaio, sarriago telefonoak iluntze hartan jo eta Tererekin hitz egin zuenetik. Teilatua eta arbola bat besterik ez. Etxe aurrean zegoen arbola handi bat, haren itzalean egiten zuen jolas beste umeekin.
— Arbolapean, gizon zahar baten magalean nago, eta jaten ematen ari zait.