Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—4—

 

Mateo Vallejok urteetan esperotako deia jaso zuen arrastian, bota ahalean ari zuen.

        — Garai ederrean!

        Zu eta biok etxe hartara heldu eta lasterrera izan zen. Enbatak atabalaren indarrez jotzen zuen barlasaia, zoruaren kontra hautsi zen teila bat erauzi zion haizeak aurreko etxeari. Eta orain badakit, entzun gabe ez nagoelako harrezkero, Terek ez zuela aitite Mateoren mingotsaren gozoa ulertzen asmatu:

        — Nahi ez baduzu ez dugu zertan elkartu.

        Isiltasunari luzetsita bilduko zituen begiak emakumeak. Nik telefono hariaren bestaldea ikusten nuen, hitzik egiteko gogortuta Mateo Vallejo tapizatua higaturik zuen sofa ertzean. Mahai gaineko lanparatxoa piztu zuen. Boligrafoa eskatu zidan, eta paper mutur bat idazteko.

        — Ez zaude behartuta...

        Saihetsez saihets nuen aitona. Telebistaren bolumena apaltzeko agindu zidan eskuari eraginez. Nondik iritsi behar zuen galdetuta, taberna baten izena eman zion, geltokitik ez asago. Egunetan atertzeko itxurarik ez zuen zaparradak behartu zuen Mateo Vallejo Tereren oinetakoetan sartzera. Metro geltokitik irten, aurreko bandara pasa eta espaloian aurrera jotzeko agindu zion ahotsa batere gozotu gabe, argazki-denda bat zuela ondoan, erraz aurkituko zuela. Galdetzeko ostean, ezaguna dela oso, beti-betiko taberna bat, aulki luze bat duela espaloi gainean. Nahiago izan zuen horrela, erauntsiak erauntsi, etxetik kanpo jarrita hitzordua.

        — Zu lasai, neuk ezagutuko zaitut —entzun nion esaten.

        Mateo Vallejok ez zion orduan aitortuko, nola ba, baina lotsatu egin zen bere lehengusina zela zioen emakumea etxera igotzen. Beldur zen edonon kontatuko ote zuen narras antzean zuela etxea, ezagun dela bakarrik bizi dela, nola galtzen diren gizonezkoak emakumerik ez dutenean gobernatzeko.

        Terek ezer esaterako zuritu zuen bere burua Mateo Vallejok. Arratoi handia da beldurra:

        — Orain semea eta honen alaba dauzkat hartuta.

        Nola ez zuen jakingo nor zen, ez bazen emakumerik sartzen Toki Onan. Hura zuen goizeko kafea hartzeko estalpe Mateo Vallejok. Kanpoko begi-luzeetatik babesean, barrenean zuen bere mahaia, bereago izateko brontzezko plaka batean izena jartzea baino behar ez zuena. Bertan irakurtzen zituen egunkariak, bertan isiotzen zuen eguneko lehen zigarroa, bertan katigatzen zen hizketan hurreratzen zitzaionarekin. Han ematen zuen goiza itsasora ateratzen ez bazen.

        Gaur joaten bazara ez duzu aurkituko Toki Onan babesten zirenen itzalik. Nagusiaren semeak hartu zuenean ispiluz jantzitako kafetegi ezin itsusiago bat bihurtu zuen itsaslapurren zulokote hura, plastikozko barra gorri eta guzti. Paradisutik bidali orduko hasi ziren bezero zaharrak hiltzen, eta honezkero ez dakit bakarren bat geldituko den bizirik.

        Lehengusuarekin zuen hitzordura, etxean gezurra esanda atera zen Tere.

        — Nora zoaz, ama?

        — Gizonetara!

        Kontu hauek guztiak gerora jakin ditut neuk ere. Gertatu eta denboralera heldu zaizkidan elkarrizketa txatalak dira, bi lehengusuak elkartu zirenean ez bainuen artean Tere ezagutzen. Baina horretarako, belarriak zorroztu eta entzuten jakin beharra dago.

        — Mateo Vallejo zara, ezta? Tere Aizpuru naiz, zure lehengusina.

        Ez duzu sinetsiko, baina bien inguruko xehetasun txikiena ere batzea lortu dut gerora. Behar nuen jakin zergatik eman zuen Terek aitite Mateo bilatzeko pausoa.

        Tereren alabak magal gaineko esku-zatarraren gainean utzi zuen madaria, zuritu gabe. Eta pentsatu omen zuen: «niri sartuko didazu porru hori.» Bisitara joana zitzaion amari, alargundu zenetik astero bezala.

        — Gizonetara... eta nik sinetsi!

        Egunak eman zituen Terek tripako moropila askatu ezinik, ezer ez esan nahi etxekoei, ez behintzat telefonoz gozoegi aritu ez zitzaion gizonak nola hartuko zuen jakin gabe. Urratsa emana zegoen, ez zuen ezkutuko lehengusuarena edonola zabaltzerik nahi, ordea. Isilunea haustekotan, ganoraz egin beharra zegoen.

        Eskailera mailetan behera, metro-zuloaren lamara ustelak irensten zuela, gauzak ondo egiten ari ote zen pasa zitzaion burutik Tere Aizpururi. Arratoi hura ostera ere papar erdian azterka: «neuk bakarrik dakit», zioen bere artean, «eta mundu honetan ez da betirako den inor». Nolatan hartu zuen erabakia, ez zuen asmatzen gogoratzen, baina ebatzia zuen urteetako gezurrak ezin zezakeela segi. Sabeletik atera beharreko umeki hila bihurtua zuen Mateorena.

        — Urteak eman ditut dei honen zain. Tere esan duzu?

        Urteak behar izan ditu Terek berak ere bi belaunaldi osoren kontu gorde hura zulotik ateratzeko. Ez daki zergatik luzatu den hainbeste. Ez aitite Mateok ez nik aurpegiratu diogu egundo atzerapenarena. Terek aspalditik baitaki Mateo Vallejorekin zer gertatu zen.

        — Jakingo bazenu zer damu dudan, Mateo...

        Metroan ibaiertz berritu ertzetik doalarik, trumilka datozkio Tereri Bilbora izekorenera zerbitzatzera heldu zeneko hizketaldi, irudi, usain ukaldi guztiak. Kafe-ordura arte amatatzen ez ziren suak lapiko, kazola, zartaginen ipurdietan, sasoiko mutil haien bizipoza. Sarriro berregin du akorduan garai hura. Ez esan ohi den legez zuri-beltzean, baina denak du zahar keru hori, eta bere burua ikusten du gerra amaitu eta gutxira, eskola, familia eta herria atzean utzita Bilbora heldu berri, barra atzean beharrean. Portugaleteko Nautika Eskolako estudiante jendea biltzen zen orduan Achoste ostatuan, euskaldunak asko. Eta irudi guztien artean, batek lotzen du azkenaldian Tere. Saiatuagatik hura datorkio, ez besterik. Bera bezalaxe herritik lanera etorria zen Asuntarekin zegoen barra atzean. Tartekoa egiten zen Saroizar baserriko Asunta, lehengusu txikia zuen. Eta hahor non ikusten duen Mateo haurra gurasoekin sartzen, ikusi egiten ditu oraindino Asuntaren begi ilunak hegoak bezalaxe zabaltzen, eta ahots musker haren harritu-oihua:

        — Gure Juanito, hori gure Juanito dun-eta!

        Atoan jo zuen zapiaz besoan Terek:

        — Burutik egin zain ala? Mateo ez dun ba, Vallejoren semea!

        — Gure amak hazitako Juanito dela hori, Tere!

        Bezero gutxiko bazkaloste bat zen, hala gorde izan du beti. Izekogatik galdetu zuen matrimonioak, mutil koxkor begi ezti bat zuela ondoan. Terek ezagutzen zituen: Achosteko izekoren auzokoak ziren Vallejotarrak. Izarak baino zuriagoko zapi haiekin ari ziren edalontzi guztiak txorrotapetik pasa eta lehortzen Asunta eta Tere.

        — Nik ezin nuen hori barruan nuela hil, Mateo.

        Atoan erantzungo dio lehengusinaren larriari:

        — Juanito naiz orduan?

        — Juan Aizpuru deitu izan zinen hiru urtera arte.

        Tererekin izan zuen aurreneko hitzordu hartara, inoiz gutxitan bezala jantzita atera zen Mateo Vallejo etxetik. Balkoian erre zuen zigarroa, Abran galduta begirada. Sukaldeko apalean utzi zuen paketea gero, tiraderan beren-beregi gordeta kiskeroa. Neure gelatik aditzen nion kolonia usaina. Atea zabalik zegoen, eta pasilloan zebilela sumatu nuen, jo atzea eta jo aurrea. Kuku egin zidan ate ostetik, bazihoala. Lasai joateko esan nion, gustura nengoela etxean. Irakurtzen jarraitu nuen, gehiegi gustatzen ez zitzaidan liburu bat leitzen, eta hala harrapatu ninduten ilunabarrak eta aitite Mateok bueltan heldu zenean.

        — Afaldu ere egin beharko dugu ba...

        Beteta zekartzan begiak. Zapatak eranzteko eseri zenean, luzaroan egon zen galtzerdi ilunetan bildutako oinei beha, egindako bideaz harrituta balego moduan. Tererekin egon ostean etxerakoa ilunpeen bila egin zuela, oso gerora aitortu zidan.

        Hitzokin batera negar anpuluak atera izan zaizkit neuri ere, non ostia zeunden zu.

        — Gertatuko dinat tortillatxo bat?

        Gizon bat bakarrik espaloian barrena, bizitza iruntzietara jarri diotena.

        Egia esan, neuk aitite Mateori egiteko moduko galdera zen Mateo Vallejok egun hartan Tere Aizpururi egin ziona:

        — Eta esadazu, zer zen nire aita?