Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—13—

 

Txakur-borrokak egiten ditiztek.

        Urbano Peña izan zen zurrumurruarekin etorri zena. Ahoan bildua zekarren. Ardaila batean heldu zen etxera. Irten beharrean zituen begiak, etengabean mugitzen zuen baraila, eta harekin, gezurretako hortz haiek, ilargia bera baino zuriagoak.

        — Nork esan dik halakorik?

        Zen bezain handi zutitu zen Peña eseri orduko sukaldeko mahaipetik atera zitzaion aulkitik. Alabaren argazkia zuen so apaletik, nik bezain laburra zeraman ilea Luk.

        — Besterik ba al zabilek ba kalean?

        Orduantxe ohartu balitz bezalako itxura egin zuen.

        — Hemen zara? Ez zaitut ikusi, Nerea.

        Goia jotzen entzun zuen arte eragin zion pertsiana uhalari Mateo Vallejok. Etxe hartan nengoenetik behin eta berriro ikusitakoari jarraikiz, balkoira atera ziren biak, Peña tantaia aurrena, adiskidea haren orpotik, etxeko zapatilak atzetik atereak, botila ardoa eta bi edontzi zituela eskuan.

        — Potroak behar dituk gero!

        Ez zegoen isiltzeko. Bi edontziak beteta, ondoan paratu zitzaion Mateo Vallejo. Serenity Starri beha jarri ziren biak. Izara argi ikusten zen karelean, begi hutsez leitzen zen orain. Berritua zuten aurrez tarrataturiko hura.

        Ardoa pol-polean basora.

        — Kooperatibakoa duk, nafarra.

        Gelan sartu nintzen, eskolako lan batzuk burutu behar nituela-eta. Alferrik, ordea. Leiho egurrezkoaren zirrikitutik bertan banitu bezala aditzen nuen bien arteko elkarrizketa. Musika jartzea ere pentsatu nuen han nengoela adierazteko, baina ez dakit zergatik, mahaitik altxatu gabe jarraitu nuen, marrazketa ariketako irudi absurdo haiei begira. Argitasunera so eginez gero, Peñaren ukondoa ikusten nuen, ozta sorbaldaraino albora egiten zuenean. Une hura aukeratu zuen lapurretarena botatzeko, gauza bat lanik gabeko marinela izatea dela eta aterpea eman dizun herrian ostea bestea.

        — Badakik non hartzen dudan kafea batzuetan, Korneliarenean, bada bortxaz sartu eta makina lehertu ditek bart, eta aurreko egunean beste horrenbeste Usategin eta El Tilon ere, parean topatu duten tabako guztia ere eraman ditek —halaxe esan zuen, ahoan batere legarrik gabe—. Nondik bestela hainbeste diru?

        Soina atzerantz botaz gero, biak ikusten nituen.

        — Askotxo esatea duk hori, Urbano.

        — Kasualitatea duk bada —jarraitu zuen.

        Kointzidentziaz mintzatu zen, egunak egunen ondoan jartzea dela, nola datozen bat datak, Serenity Starrekoak lehorrean ikusten hastea ostatuetan gertatutako lapurretekin.

        — Nor izango duk bestela.

        Arnasaldi sakona entzun nuen gero, esku bat kristalezko edontzia formikazko mahai baten gainean uzten.

        — Errusiar hauek gainera, ba ez dakik ba nolakoak diren.

        — Ukrainarrak.

        — Bost xemaikoren alderik ez zagok. Mafia —ebatzi zuen Peñak.

        Eslaviarrak gogorrak ziren lanerako, uste horretan hazitakoa zen Mateo Vallejo. Defenditu behar zituen, bihozkadaz bazen ere.

        — Eurekin ibiliak gaituk. Ez duk hala.

        Orduan aipatu zuen Mateo Vallejok urarena, biltegikoa lastakoarekin nahastu zitzaienez geroztik, kutsatua zegoela zuten apurra. Horrexegatik joan zela bi marinelekin egon ginen egunean bidoi batzuk eramatera. Isilune baten ondoren, aitortu behar ez zukeen beste zerbait erantsi zuen, ardo pixka bat ere eraman ziela. Kalean ordura arte ikusi gabeko beltzaran bat agertu bide zitzaion karelean, erdi italieraz egin ziona.

        — Ederki ariko dituk orain hire kontura.

        Isiltasunak gehiegi iraun zuen. Urbano Peña mendean hartzen hasia zen laguna, Mateo Vallejo zintzoegi ari zitzaien dena irentsi arteko onik ez zuten ahutz gaitz haiei. Kontua ez baita isilik egotea behin hasiz gero, merezi ez duenean ez ekitea baizik. Eta Mateo Vallejo galtzen hasia zen, berandu zebilen lehia hartatik onik erretiratzeko.

        Erregela eta kartaboia hartu eta aurrez markaturiko puntuetatik bota nuen marra. Uste dut aurreneko aldiz berarekin bizi nintzenetik, ahul ikusi nuen, eta pena eman zidan.

        — Han ez nian zaunkarik entzun.

        — Ez ezak asta-paolarik bota, Mateo...

        Ez niri bakarrik, Peñari berari ere eman ziolakoan nago. Bestela xehakatuko zuen galanto, hagin artean izpitu, ez zion, ez zionez barkatu zion moduan barkatuko. Urbano Peñak berak zirudien orain zakurra, balkoian alde batetik bestera. Presa usainak tentatuta, arnasak itota eta zangoak sutan ikusten nuen pasatzen leihoaren aurretik, barrutik begira neukala ohartu gabe.

        — Ordainduko ahal zietek etxerakoa eta akabo!

        Ez dakit zergatik bota zion, bazegoen artean ezagutzen ez nuen giltza ezkuturen bat hitz-hari haietan:

        — Urbano, eta hala izanda ere, guk bazakiagu zer den hori. Itsasoa duk...

        — Ez, Mateo. Hauek lehorrean ari dituk. Ahaztu itsasoko legea.

        Serenity Starren txakur-borrokak egiten zirela, kalean bolo-bolo zebilelako kontua piztu nahi izan zuen berriz ere Urbano Peñak. Amore emateko puntuan sumatu zuen Mateo Vallejo.

        Peña zuzen zebilen. Nik uste aldean, hala zen, erabat zabaldua zegoen kontua. Bilbon bertan ere, ikastetxean, egon zen zer nekien galdetzera hurreratu zitzaidanik. Mutilak beti, elkarrengandik bereizten ez nituen txakur-arraza izenak botatzen zizkidaten, «lehengusuak din pit-bull bat, lehengo batean hiperreko zaindariari eraso zionan ia». Ez dakit zergatik, ausaz Urbano Peñarik aurkitu ez nuelako aurrez, aitite Mateorena erantzuten nien:

        — Hilabeteetako soldatak kobratu gabeko hamalau langile dira etxetik oso urrun preso daudenak.

        — Preso?

        — Hondoratzear dagoen krosko herdoildu batean. Jendeak emandakotik bizi dira.

        Ostiral hartan, metrotik etxera heldu eta batera ez nuen gehiegi saiatu behar izan, arrainetan atera ginen aitite Mateo eta biok. Asteak ziren ez ninduela eramaten, kalma zuriak eta udazkenari irekitako eguzki egunek, bultzatu baino, lagundu egin zioten erabakia hartzen. Serenity Starrek erakarri zuen, lepoa egingo nuke. Amorrua zeukan erretzen erraietan gora txakur-borroken kontu haren berri iritsi zitzaionetik.

        Abra zabalean, zama-lanetarako zain zeuden ontziak ababor utzi eta puntetatik lekora irten ginen. Haitzetara jo genuen, «goazen kabratan», esan zidan, «durduak, txistuak, takartak, egongo da zer edo zer zure zain, helduko dio baten batek lantzean». Ale bakan batzuk besterik ez genuen sartu baldean, baina. Enpatxatu zen aparejoa. Harkaitzak eraman zizkidan amua, juta eta beruna hondora.

        — Hurrengoan bestaldera joango gara.

        Agudo bildu genituen guztiak. Tanga hartu eta ohola altxatuta motorrari zerion olioarekin nahasten hasia zen ura txikatzeko agindu zidan aurrea etxerantz jarri genuenean. Arrazoi horretan zenuen. Aitite Mateo zahar ikusi nuen itsasora beste inor gabe ateratzeko, baldartuak esku-oinak, ilundua burua azkenaldian.

        Ostertzetik gora zegoen artean eguzki hotza, lema bestalderatu eta zamaontzien artean sartzea erabaki zuenean. Zain-zain nengoen. Banekien hori egingo zuena.

        — Debekatuta ez dago ba?

        — Baita zu nirekin etortzea ere, eta hemen zaude.

        Ainguren kateetatik bertatik pasatu ginen. Motorrak abaila moteltzearekin ama etorri zitzaidan akordura, ondoeza bezatu nahian, kimioterapia barrenak kiskaltzen, eta alabarengan gogoa, etxera telefonoa jotzen zuenean: «badakit eskatuko dizula, ez ezazu motor-txikian atera, Mateo, egunen batean gertatu ez beharreko bat izango dugu bestela».

        Ontzien babesean, Mateo Vallejo arrainetan baino gogotsuago zebilen, igarri egin nion, begi txiki haiek batetik bestera eramateko eran zuen ezagun.

        Serenity Starren popa aurrean ikusi genuenerako, eguzkia etzaten hasia zen mendi ilunduen ahoan. Eroria zuen bandera mastan. Motorra amatatu eta lehentxeago arrainetan bezala gelditu ginen, olatu gozo artean kulunkan. Soldeatze-orbain haiek goitik behera zatitzen zuten kroskoa, mapa mundiko paraleloen eta meridianoen antzera. Goraino lotu nituen jakako botoiak, lepo hegalak jaso nituen. Zaunkarik ez, irrati batetik zetorkigun aireak soilik hausten zuen isiltasuna. Punta Luzeron aerosorgailuek haizea ebakitzen jarraitzen zuten. Argi ahul bat piztu zen ontziko begietako batean. Bi lagun zarataka aditzen ziren, hirugarren bat gehitu zitzaien gero. Ez nuen, aurrekoan bezala, oihurik egin zamaontziaren sabel puztuak erantzun ziezadan. Eskuak poltsikotik atera eta tanga hartu nuen ostera ere. Maite nuen gasolio usaina. Orduan zorabioaren aurreneko abisua. Etxera nahi nuela sartu zitzaidan. Etxera, jakin banekien arren atetik sartu orduko hitz egitera behartuko ninduzula.

        — Zergatik ez zara lagunekin ateratzen?

        Zer erantzun behar nizun lehendik zenekiena errepikatu besterik, zeuk bakartu ninduzula, niri iritzirik eskatu gabe erabaki zenuela Mateo Vallejorenean sartzea, institututik, lagunengandik ezin urrutiago? Hainbeste luzatu zenuela etxe berriarena non heldua zen unea berdin zitzaidana zer erosteko asmoa zenuen?

        — Eta ezin zara neska bat bezala jantzi?

        Ezin izan nion eutsi. Aurreneko aldiz, karelean behera bota nituen guztiak. Berehala xaretu zen gonbitoa ur koipetsuaren azalean, hari zurixka batzuk bakarrik gelditu ziren arte.

        — Hobe izango dugu joatea.

        Banekien ezin izango niola itzuri egin hitzik egin gabe, atetik sartu orduko behartuta egongo nintzela zure galderei erantzuten, ezagutzen zaitut horrenbeste. Aste osoan aurrez aurre egon gabeak ginen kasik. Huts, ordea. Zapatak erantzi, esnea mikrouhinean berotu eta txintik atera gabe irten nuen balkoira. Gaugiro zegoen. Oporrak heldu orduko joango nintzen ama ikustera. Erosia nuen hegazkin txartela.

        Orduan ikusi nituen: itzalez beteriko bi motor-txiki ziren, gauarekin olgetan. Posizio-argiak itzalita, Serenity Starrera inguratzen ari ziren.