—16—
«Cebu» idatzi nuen koadernoan, ordurako seguruenik inguruko beste inork baino gehiago nekien arren Cebuz jakin beharrekoa: bertan dagoela oraindino Magalhaesek cebutarrak kristautu nahian eragin zuen gurutze egurrezkoa; bertan hil zuela hau auzo herri bateko buruzagi zen Lupu-Lupuk, aihotzaz eta borraz batzuek esatera, harriz eta lantzaz besteek; eta ondorioz, bertan hartu behar izan zuela Victoria ontziaren eta espedizioaren ardura Juan Sebastian Elkanok. Cebura iritsi zen, gainera, berrogei urte geroago Lopez Legazpikoa eta bertan dagoela Filipinek duten zama-porturik ezagunena.
Han behar zuen Lizawinek, aita noiz iritsiko abaroan, arbolape batean zain.
Hiru aste besterik ez zen falta oporretarako. Amak ospitaleari loturik jarraitzen zuen eta nik harturik nituen Standstederako txartelak. Okerrena imajinatu nuen, Londresko ospitale bazter auzoko batean igaroko nituen gabon jaiak, minbiziak erasandako gaixoen artean. Zuk artean ez zenidan argitu non eta norekin pasatzea erabakia zenuen. Inoiz, beharbada lagunduko zenidala ere esan zenidan. Gehienetan, seguru asko ezin izango zenuela, lan askorekin zenbiltzatela.
«Ezta hiru egunerako ere?».
Datak aipatzen zenizkidan, hegazkin txartelak aurkitzeko arazoak, ordurako salduta zituztela merkeak. Okerrenera, lo egiteko tokiarena konpontzea besterik ez nuen behar. Edo nola egin Kattyrenetik ospitalerakoa, ez baitzegoen gertu.
Serenity Starreko marinelek zamaontzian jarraitzen zuten gatibu. Lehengo aldean gutxitan agertzen ziren herrian, eta laguntzak ere, txakur kontuak zabaldu zirenetik, erabat etenda zeuden, hori entzuten nuen behintzat.
Ahotsak balkoipean egin zuen orro.
— Mateo, zure motor-txikia!
Aterkipean Maria etxekonekoa zegoen, ea non zebilen aitite Mateo, abisatzeko bizkor, jaitsi beharra zuela portura, azkar gainera. Lehenengo bat, gero bestea, saguzarrak bezala higitzen zituen, saguzar artega bi ziruditen haren eskuek lanbrotan hegaka.
Mariak nahi baino astiroago egin zuten oinek mailadi bustian behera. Bizarra egiteko aparra kendu gabe agertu zitzaigun Mateo Vallejo bentanan. Atoan bilduko zitzaigun.
«Mataperros».
Letra larriz, esku urduri batek idatzia zegoen, hizki trakets dardarkariak, norbait hurreratzen sumatuta presaka egina edo ontziaren batetik besterako balantzak eraginda bestela, lehorretik erraz leitzen zena, edonola ere.
Istriborra ikustera jo genuen segidan. Putzuetan jauzika ibili beharra zegoen iritsiko baginen.
— Pailazo alaenak!
Batere gorrotorik gabeko irri ilun bat atera zitzaion.
Ez zebilen garaurik portuan. Zintzur egarritu batek plastikozko botila bat zuen utzia petril gainean, freskagarriz erdi betea. Ondoan kristal gardenezko beste bat, sagar edo muxika pattarrarena, hutsik supermerkatuko zorro melatutik erdi irtenda. Eguraldi zantarrak bekerekeak eragiten zituen olatu zurdetan puntetatik kanpo. Zeharka zekarren lanparra haizeak, min eman arteraino bustitzen zuen guardasolari eusten zion eskua. Mateo Vallejok ez zituen horrelako egunak maite, motor-txikian ezin atera, sinesten hasia zegoen ez zuela aurrerantzean udaberri askorik ikusiko. Lehen ez bezala entzuten zitzaion, txantxetan bazen ere, horrelakoak esaten. Erlojua zen eguraldia, bizitzeko gelditzen den denbora murrizten.
Eta Mariaren erruki-begi haiek:
— Zergatik zuri, Mateo?
— Zergatik ez, Maria?
Euria zerion bekokian behera aitite Mateori, baina izerdia zen. Aguarrasa zuela etxean eta laster zela bueltan hasi zen Maria.
— Espartzu latzarekin eta disolbente pixka batekin garbituko dugu, Mateo, berehalaxe duzu lehen baino txukunago.
Lohi zetorren ura portu barrurantz. Leungarri poto bat kulunka ur azalean, olio orbana txalupei gilapean itsasten. Saihetsean amarratuta zeukan motor-txikitik erraz obratzeko lantegia zen, nahi izatera, Mariak zioena. Abiatzekoa egin zuen. Egoteko lasai erantzun zion aitite Mateok, ez hartzeko ardurarik, ez zutela itsusi ere egiten letra zuriok ontziaren urdinaren gainean.
— Sekula halako dekoraziorik!
Mateo Vallejoren irribarrea euripean.
— Noiz eta orain gainera —Mariak.
Burla irria galdu gabe harrotu zuen bekozkoa, zer zioen galdetu behar izan zion.
— Noiz eta orain, denak joan direnean —errepikatu zuen emakumeak zirkinik egin gabe.
Berbok entzun orduko etorri zitzaizkidan gauerdian entzun uste izan nituen ontzien zaratak, ezohiko argien dantza Abrako zamaontzien inguruan. Ez nengoen lo, ez nengoen itzarririk. Sirena labur bat izan zen hasieran, orratz bat bezain mehea, loeroa doi-doi zulatu zuena. Motor batena ondoren, atoiontzia izan zitekeena. Edo Gurutze Gorrikoen salbamendukoa, erraza da zuzentzea jakin eta gero. Ostean, isiltasuna. Begiak bildu eta loak hartu ninduen berriz. Ez suziririk, ez bengalarik. Ospakizunik gabe alde egin zuten, antza, Serenity Starretik.
Irratia entzuteko kaskoak jantzita esnatu nintzen. Gosaltzen nengoela, Edwinekin metroan izaniko elkarrizketak hartu zidan gogoa. Minbera nituen belarri-ertzak, posturagatik.
— Gaur goizaldean eraman dituzte.
Garbitzaileen kamioia pasa zen mahai-aulkiak jasoak zituen jatetxearen paretik. Espaloian aurrera aterki banarekin zetozen bi gizonekin gurutzatu zen. Besteak ohartzerako bildu ziren guregana, Mateo Vallejoren eta Mariaren ezagunak biak. Bi aterki gehiago moilan, heldu zaharrei agur egiten. Agudo lotu zitzaizkion Mariaren jardunari:
— Neuk ikusi. Autobus txiki bat heldu da, trepetak haren sabelean sartu eta han eraman dituzte aireporturantz.
Ez zuten askorik behar izan zein ordutan izan zen adosteko. Beharrik, aurreneko hegazkinean eraman zituztela Madrilera erabaki zuten. Gero handik Kievera partitzeko. Chisinaura. Aljerrera. Manilara.
— Bi ertzain-auto ere bai. Eta anbulantzia bat, goizaldeko ilunpetan zain. Furgoneta tankerako handi bat.
«Eraman dituzte», esan zen egun haietan. Presoak balira bezala langileak. Etorkin atxilotuak balira bezala. Txakurrak balira bezala, borrokalekutik etxera. Txapeldunak jarraitu zuen hizketan, portu kanporantz kokotsaz:
— Azkenean saldu dutela zabaldu da.
Silueta ezin ugertuago bat zen Serenity Starrena ostertzari eransten Abra erdian zain.
— Txatarretarako ez bada —arrapostu zion lagunak.
Goitik behera behatu ninduen, aitite Mateori begiez galdetzeko nor nintzen.
— Hau Mateoren biloba, semearena —sartu zen Maria.
Ez nien ezer esan, baina lehendik erretiraturik zituzten pankarta zaharrak utzi zituzten karelean. «Justizia». «Ordaindu lansariak». «Lana».
Orduan ohartu zen txapelduna:
— Zer putas?
Zurtu egin zen, harritu plantak egin zituen behintzat motor-txikiari so, hik zer egin duk ba, Mateo.
— Hik zer egin duk ba?
Mateo Vallejo ez zegoen, ordea, pintadez jarduteko. Pankarta haiek. Ulertzen duzu? Pankartak berriro karelean zeudela ohartu zen Mateo Vallejo, norbaitek jarri zituela marinelek zamaontzia utzi ondoren.
Eguerdi hartan, telebistako albistegian atera zituzten Serenity Starreko marinelak. Loiuko aireportuko irudiak ziren, fakturazio mahairakoan ageri ziren. «Luzea izan da baina azkenean etxera bidean gara» itzuli zuen offeko ahotsak langile gazte baten irudiaren gainean. Pozak txoratzen daudela etxekoak ikusteko, seme-alabak, emazteak, gurasoak. Zorretan daudela ere esan zuen, eskerrak eman beharrean direla hainbeste lagundu dion herriari. «Serenity Starreko marinelen gatazka», hala esan zuen orain kazetari gazteak, gatazka, «bost hilabete ondoren onik amaitu da».
Kanpoan atertu gabe segitzen zuen erauntsiak. Tanta tantaren gainean, betetzen ariko zen aitite Mateoren motor-txikia. Txikatu beharko zen galanto hurrena hartzen zuenean, auskalo noiz izango zen baina, susmoa hartua bainengoen, pintada haiek saihets bietan, Mariari hitz egin zion bezala, irribarre hura, ez ote zuen erabakia gehiago ez ateratzea.
Poztuko zinela pentsatu nuen, poztuko zinela beste arrazoi batzuengatik bazen ere, kasu egingo zizulako.
«Zu ez zaude itsasorako, aita».
Besteez barik, Edwinez akordatu nintzen, hodeien gainetik ekialdera bidean. Lizawin izango zuen zain arbolape batean.
Logelako atea zabaldu zen, eskuak sorbatzean jarri zituen. Kalerako gertu jantzita zegoen.
— Etxean egongo zara?
Bakarrik ateratzen zenean etxetik, munduan diren bideak bi baino ez ziren Mateo Vallejorentzat. Bata tabernarakoa zen, Toki Onan babesten zen bazkalosteetan, han hartzen zuen kafea, leihotik aparteko mahai batean jokatzen zuen partida ohiko lagunekin, ohikoenak ez ziren begietatik urruti. Bestea moilarako eskailerak ziren, baina enbata egunetan eta atera ezinik ibiltzeko alferrikakoa zen harlauzetan behera jaistea. Portuko ostatuetan ere, inor gutxi ibiltzen zen.
Egun hartan ez zen Toki Onatik pasatu baina. Leiho-ehizan nengoen Mateo Vallejorena izan zitekeen motor-txikia ikustea iruditu zitzaidanean, gizon bat lemaren gainean euritzan. Estali egiten zuen bagak ontzia tarteka, ostera agerrarazteko metro batzuk aurrerago. Prismatikoak hartzerako, ezkutatua zen portuan sartzeko zain zegoen petroliontzi baten atzean. Bazitekeen bera ez izatea, bera ez izatea eskatu nion ez dakit nori, beste edozein izatea itsaso harekin portutik ateratzen ausartu zen eroa.
Nahi baino makalago jantzi nituen botak, eskaileretan behera lotu nuen txanbergoa, lepoan biltzeko astirik gabe fularra. Atertzen ari zuela iruditu zitzaidan. Pauso bizkorrez ekin nion. Toki Onara jotzea erabaki nuen lehenik, laburragoa baitzen harakoa, begiratu beharra nuen. Oinak oina xaxatu eta arinago hasi nintzen, antxintxika ekin nion autoei izkin eginez. Arnasestuka sartu nintzen tabernan, trebuka egin nuen aulki artean aurrera, inor agurtu gabe jokorako mahaira iritsi nintzen arte. Urbano Peña zegoen mutur batean eserita. Ez dakit nola egoten ahal zareten ke honekin, pentsatu nuen; ezetz erantzun zidaten, errautsez gainezka hautsontziak, Mateo Vallejo ez zela agertu.
— Ez dugu atzo ezkero ikusi, hemen beharko zuen arren.
Horretan ez zenbiltzan oker:
«Zu ez zaude itsasorako, aita».
Izpi batean atera nintzen, ez mahaietatik «nor izan da hori» entzuteko bezain azkar, ordea. Biraoa biribildu nuen ahopean, madarikatu egin nituen txokorjale haiek guztiak, eta zangoei eragin eta eragin jarraitu nuen ostera ere hasi berri zen euripean, kalean behera. Gorrian gurutzatu nuen errepidea, pasa nintzen Uriarterenetik, sartu nintzen portu aldera etzaten diren kalexketako batean eta oinez jaitsi behar izan nituen eskailerak, bareak helduta. Tximu eginda ileak, blai eginda nengoen, izerditan arropaz barne. Esku ahurrak izter gainean jarri eta arnasa bere onera hel zedin ahalegindu nintzen.
Motor-txikia ez zegoen han. Eta ezin zuen egon ilunabarrak moilan sartzen aurkitu zuelako, bi gizon zituela tostan: Mateo Vallejo eta Edwin.