Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—10—

 

«Burdina. Herdoila. Jendea» idatzi nuen koadernoan, begiak tinta-bideari jarraiki. Ohar hutsean geratu ziren orduan, haria emateko gauza ez-eta. Orain dakit zer esan nahi nuen: «burdina ez, jendearen arteko elkartasuna da herdoilak jan duena». Horretarako bizitzak berari zegokiona kendu beharra zuen, eta nik susmoa besterik ez nuen. Denborak aterako zuen esaldia.

        Orduko lerroei erreparatzen diedalarik, harritu egiten nau neure idazkerak. Txikia da letra eta, elkarren beharra balute bezala, gertuegi daude hizkiak. Arnasa bila goiko lerrora jotzen dute marra bertikalek, edo behekoan sartzen sustraiak. Letrak harrotu gabe idazten nuen sasoi hartan. Orain ikusita, bolumena falta dutela ohartzen naiz.

        Bakanka garatzen nituen zirriborro zoragarriz ditut beteak koadernook. Poemaren baten hasiera idazten nuen hemen, egundo amaitzen ez nuena; eta publizitate txatalak han: «Piztu zure sua, amatatu zure egarria». Amak hala erakutsita, baita hilekoaren egunak ere, neuk bakarrik ulertzeko moduan markatuak. Tartean, edozeri buruzko datu teknikoak. Inoiz marrazkiren bat, presaka eta boligrafo beraz egina. Edo kraionez, lasaiago hartuta. Mundua zen azken beltzean, eta ez nion guztiz joaten utzi nahi. Ez dira egunerokoak, baina ordukoak berregiten lagundu didate anabasaren koadernook.

        Bere garaian, ozeanorik beltzena argitzeko limurrarazi zuten ontziolako arranpan behera Serenity Star: 123 metro luze zen, eta 18 metro zabal.

        Abran eman zuen denbora hartan, inork galdetu gabetanik maiz, zirenak eta ez zirenak ikasi genituen Serenity Starrez. Hogeita hamar urte beteak zituela, esaterako. Ikaragarri ez izanda ere, urte asko zen edonola zaindu gabeko zamaontzi batentzat.

        — Zaude.

        Astiro ekin zion motor-txikiak barkua inguratzeari. Uhararen bitsa gibelean, lema gainean okertu zen Mateo Vallejo tur-turrean gindoazela. Esan dizut lehen ere, ontzi fantasma zirudien, nik dakit ba, holandar errariarena, behelaino artean agertzen zena arrantzan zebiltzanak izutzeko. Karelean ez zen inor ageri. Zubia hutsik zegoen. Banda batean zintzilikatutako izara zahar batek soilik salatzen zuen norbait ibilia zela kubiertan. «sos» zioen pankartak, lehorretik ez irakurtzeko moduko letra beltzez.

        Gauza jakina zen Serenity Star deitzen zela, baina lehenago Pegasus izan zuen izena, ozta irakurtzen zen aurreko izenaren itzal zurikara berriaren azpiko azalean. Komenientziaren legearen arabera, ohikoa zen deiturek luzaroan ez irautea. Panamar banderadun Blue Dragon zena atzo, Estrella del Sur izan liteke bihar, eta Boli Kostan izan folioa. Abrara heltzen ziren ontzi izenak ere jasotzen nituen nire entziklopedia txikian, oihartzun ederrekoak denak: Dorsa Sorby, Thieng Cung, Iztacalco, Martina Barros, Mare Nubium 2, Kalender, Ar Bannour.

        Helizearen gaineko baretasun larritik urrundu eta ababorrerantz jo genuen. Burdina entzun genuen hanpatzen. Handitzen bezala, halako hots huts bat biltegietan.

        — Dilatazioa —esan zuen Mateo Vallejok ni lasaitu nahian.

        Berez ez geneukan han egoterik. Galarazia zuten arrantzarako motorrek eta potinek zamaontzien artean ibiltzea.

        «Egunen batean handiren bat pasako da», gaztigatu zuen portuko agintaritzak prentsa bidez biztanleria. Egunak zeramatzaten beldurra zabaltzen, «ontzia dagoen bezala egonda, baga badator, edozein egunetan izan lezake erregai isurketa bat. Serenity Star ustelduta dago. Ezin da inolaz ere hondamendi ekologikoaren arriskua baztertu».

        Ardurak elkarri pasatzen aritu ziren. Politika azken batean. Zer da ba politika, jendearen izuarekin jokatzea besterik?

        Arnas hots hura krosko barnetik.

        Dilatazioa.

        Bizirik zegoela tematu nintzen, hauspo haren hatsak mantentzen zuela burdina herdoilduzko Moby Dick hura azalean. Nahikoa hurreratu ginela iruditu zitzaidanean tosta gainean ertzeraino egin eta ahalik gehien luzatu nuen besoa. Eskua gero, atzamarrak, eta hatz muturrak azkenik, mamiez ugerra ukitu ahal izan nuen arte.

        Ospitale zuri batera umetokia erauztera heldutako ama balitz bezala laztandu nuen ontziaren azal latza.

        — Ooooe! —egin nuen oihu.

        Gelakideen antzera, orka, izurde, balea bat laztantzen ari nintzen neu ere. Argazkirik ez izatea, horra tamala. Hartan nintzela, burdina hezearen usaina sentitu nuen paparrean zabaltzen.

        Argia olio gainean irristaka. Gasolio hatsa. Ordurako, eta joko zuen beldurrez, atereak zituen motor-txikiko defentsak Mateo Vallejok, txikot zaharrez lotutako lambretta gurpil-azal batzuk. Goma bustiaren sunda. Agindutakoa betez, indar egin behar izan nuen motor-txikiak Serenity Starren kroskoa jo ez zezan.

        Hondoratze arriskua berehalakoa ez bazen ere, aintzat hartzekoa zela sinetsarazi zitzaigun. Norbait benetan arduratua zebilen hipotesi okerrenak bolo-bolo zabal zitezen. Nahikoa omen zen itsasoak zakartuta aingura haustea, barkua ume-pilota bat bezala haitzen, moilaren, hondartzen kontra jaurtitzeko.

        Horma ugertuan gora luzatu nituen begiak. Umea nintzen atzera, esku epel bati oratuta Londresko metroan, exotikoak zitzaizkidan tunel adreiluzko antigoaleko haietan barrena.

        — Ooooe!

        Gabon haietan elurra egin zuen Ingalaterra hegoaldean.

        Hotz egiten zuen. Ubelduak nituen eskuak. Haize berdeak azkordinak aterako zizkidala esan zidan Mateo Vallejok ondo babesten ez banituen, minberak zirela. Orduan ez nion ulertu, ez nekien zertaz ari zitzaidan. Bilin-balaunka hasi zen itsasoa, eta gu ondoren jaioberri baten antzera haren altzoan. Atoiontzi bat zen, eguna bezain beltz abiada bizian gugandik hurre pasa zena. Kanpo alderantz zihoan, muturretik aurrera. Patroiak eskua altxatu zuen. Doi erantzun zion diosalari Mateo Vallejok.

        — Goazen etxera, Nerea.

        Ez zuela praktikoak salatuko aitortu zidan, lasai egoteko horregatik, hark ere bazuela zer ezkutatu, baina itzuli beharra genuela, ez zuela ni gaixotzerik nahi.

        — Zertara etorri gara berriro?

        Ezentzunarena egiten ari zen ahotsa aditu genuenean. Goitik zetorren. Pankarta parean karelean lotsor, keinuka itzultzeko eskatzen zigun gizon bat ageri zen.

        — Lehorrera? —esan zuen behin eta berriz, ulertuko ez genion beldurrez—. Lehorrera?

        Geurera ekarri beharrik gabe arrimatu zuen ostera motor-txikia Serenity Starrerantz Mateo Vallejok.

        — Esaiozu arin jaisteko, eramango dugula.

        Esandakoa itzuli nion gizonari. Egoteko keinua egin eta desagertu egin zen, handik bi minutura agertzeko poltsa handi batekin egurrezko zurubian. Oraindino ikusi egiten ditut Edwinen oinak dardarka mailetan behera. Petate militarra ezin zakarrago erori zen nire ondora.

        Irribarre egiten zuen. Gasolio usaina zuen berak ere.

        Ehun aldiz eman ez bazizkigun eskerrak moilara bidean, ez zigun behin ere eman. Proa gainean jesarri zen. Gorputz erdia atzerantz eginda, hortzak erakusten segitu zuen. Orduan ulertu nuen horrexen bila joanak ginela.

        — Edwin Macapulay —esan zuen gizonak.

        Ez Mateo Vallejok ez nik eskatu gabe, kartera zabaldu zuen, azalean zeukan argazkia ateratzeko plastikopetik. Emakume gazte bat zen, haur txiki batekin.

        — Emaztea, alaba —esan zuen atzamar estua aurrena emakumearen buru gainean jarriz eta gero umearenean.

        Argazkiaren atzealde osoa hartzen zuen landare handi bat zuten biek gibelean. Altzoan zuen andreak umea, eskuetatik oratuta. Hogeita bost bat urte izango zituen amak. Urtebete askora jota seinak. Ez da egia ez daudenak gogoratzeko darabiltzagun argazkietan jendea beti barrez dagoenik: biek ziruditen goibel.

        — Ez dut alaba ezagutzen.

        Neure eskuan utzi zuen erretratua. Neuri atera zitzaidan irribarre izoztua orduan. Errepikatzeko eskatu nion mesedez, ez niola ondo entzun.

        — Haurra, ez dut inoiz ikusi.

        Lema askatu gabe bokalerantz segitzen zuen Mateori Vallejori itzuli nion Edwinek esandakoa. Berba egin beharra zuen:

        — Dakarren nengoen Lizawin jaio zenean. Lanik gabe, ontziratze zain, ezagutzen ez nuen turista frantses mozkor batek ordaindutako garagardoarekin ospatu nuen haren jaiotza. Laster beteko du urtebete.

        Larregi ari zela aitortzen begitandu zitzaidan. Haizea murtxikatzen balego bezala ebakitzen zituen hitzak, hartara hobeto ulertuko nuelakoan. Argazkia karteran gorde eta haize kontra jarri zen, goizeko hotzak aurpegia laztan ziezaion. Leiarrak zituen begiak.

        — Aitona duzu? —galdetu zidan isiltasunak erreta.

        Baietz egin nion buruaz, barruak txartuta neuk ere, aitite Mateo nuela atzeko gizon mutua. Eskuarekin giderrari eraginda moteldu zuen motorra honek. Heltzen ari ginen. Edwin jaiki egin zen tostatik, neke handirik gabe jaso zuen petate astuna. Jendea zebilen moilan. Sandalia-hutsik zegoen Edwin. Txikotaren begizta pasa zuen noraitik.

        Ontzira nola itzuliko zen galdetzeko agindu zidan Mateo Vallejok.

        Konponduko zela erantzun zidan Edwinek.

        — Hago.

        Tabakoa atera zuen Mateo Vallejok alkandorako poltsikotik. Zigarro bat eskaini zion. Ez zuen kiskeroa ateratzeko betarik izan.

        Esku zabaldua goratuta agurtu gintuen. Ez dut akorduan Mateo Vallejok eta biok zertaz hitz egin genuen etxera bidean. Edwin baino ama nuen gogoan atzera. Zor zidan dei bat. Zure autoa ikusi genuen estrata ertzean aparkatua, baina ordurako ez ninduen horrek ere pozten.

        Oherakoan, Edwinen izen-abizenak idatzi nituen koadernoan, baita alabarenak ere. Loak atlasa zabalik eta Filipinetako oihan lore ederrez jantzi batean nenbilela bahitu ninduela esatera nindoan.

        Zertarako edertu iragana, ordea.