—24—
Galdu duzun guztia erakutsi nahi nizun, besterik ez. Iragana ez da ostera itzuliko eta, hamabost edo gehienez hogei urte barru, laster zara nik bizi izan nuen Mateo Vallejoren sasoiko. Galera nola neurtzen den, ez dakit. Esaten, ahaleginduko naiz. Hor nonbait bada orain beste ume batzuen haurtzaro zoriontsuari abaro ematen segitzen duen ezki bat baserri baten aurrean. Haurrak hazi egingo dira, luze gabe utziko diote zuhaitzaren gerizpean biltzeari. Ezkiak ez dakien hori da galdu duzun guztia.
Gaur pasa naiz Mateo Vallejoren etxe atzetik. Eraitsi dute. Hesitua zuten ingurua, hondeamakina bat zebilen hauts artean lanean. Ez dizut gezurrik esango, bihotza erori zait hormak behean ikusita. Zure logelako paretak bakarrik eusten zion. Etxekoneko Mariarena ere botata zegoen ordurako. Elkarri oihuka sentitu ditut langileak. Errumaniera zela esan dit Sarak.
Antonen ostatua zegoen tokian, estrata barrenean, jatetxea zabaldu dute lagun batzuek. Bertara joan gara bazkaritara. Gorakoan ostera pasa garenean, dena zegoen lurrarekin berdinduta. «Aita izan da» esan nahi niokeen Edwini, «Mateo Vallejo hil orduko saldu zuen lurra, zuk ezagutu zenuen etxearekin batera. Neuk ikusi dut dena txintxor, teila hautsi eta habe-gapirio multzo egina. Pisu berriak egingo dituzte, itsasoari begirakoak».
Eta han zeuden eroriak, hormekin batera, haien artean bizi izan genituen une guztiak. Hondakinen artean ez da gure itzalik geratu. Ez da han zure utzikeriaren arrastorik ageri, ez nire ezinegonarenik. Ate bat ikusi dut, zauritu bat bezala adreilu artean, zutitzeko gauza ez zela. Hurreratu egin naiz, jakin nahi izan dut. Makinaren atzaparkada batek erauzia zion alde bat. Hori ere ez, zure kisketa ere hondeamakinaren goseak irentsi du. Eta etxeak gordetzen zuena geuk daramagu orain. Zu, denbora da gu gabe bizitzen ohitu zinela. Nik, zurekiko sentitzen nuen amorrua gozotzen eman dut ordutik honakoa. Mateo Vallejorenean eman nuen ikasturte amaigabe hura. Zurekin gehiago ezin eta Londresen gero, amarekin. Ezin moldatzearen gaitza. High Schoola. Fakultatea. Eskerrak amari, eskerrak Kattyri, eskerrak unibertsitatera joan eta Sara ezagutu nuenari. Mateo Vallejori, berriz, berdintsu zaiolakoan nago dagoeneko.
— Skinnerren kutxa hartan ez zunan kasualitaterik izan. Aldiroko erabakiek higitzen gintuztenan, Sara —esan nion sareraino hurreratuta.
Hesitik bertatik egon gara begira. Sukaldea zegoen tokian, hautsezko gela bat, zeru zati batekin. Aitite Vallejoren eta Urbano Peñaren balkoiko elkarrizketek ere ez zuten zorurik. Bien arteko harremana, hautsak hondakinen gainean pausatzeko behar duena beharko du ezer ez izateko. Peña hil zela esan zidatenean, akordatu nintzen akordatu nintzenez bien arteko berriketaldiez. Ez dakit zer zuen batak bestearekin, baina askatzea lortu ez dudan korapiloa da oraindino ere, ondoegi ulertzen ez nuena.
Handik gutxira, gau aldrebes horietako batean, inoiz atera ez dizudan kontu bat heldu zitzaidan. Esan zidaten Urbano Peña eta aitite Mateo elkarrekin ibiliak zirela itsasoan gaztetan, zamaontzietan. Behin, Gineako golkoan karga hartuta, Cabo Verde parean zihoazela, gizon bat aurkitu omen zuten makinetan, ezkutatuta. Izena ezabatu zioten ontzi pneumatiko batean sartu, astebeterako jatekoa eman, bidoiak urez bete eta itsasoan uzteko agindu zieten enpresatik. Ez zegoela kostatik urrun, asko atzeratuko zuela dena gizona lehorreratzeak. Txostena egin behar, polizia, burokrazia koipeztu beharra. Afrika eta afrikarrak. Iritsi ote zen kezkarekin ezin bizita utzi ei zion Mateo Vallejok itsasoari. Ordainaz hitz egin zidaten, horregatik hartu zuela Edwin etxean, gaizki eginaren harra zeramalako barruan. Horregatik zuela Peñak zintzurretik heldua.
— Hiltzailearen damua dun.
Eskuan neukan edalontzia hustu nion muturrean. Barre gangar batek jarraitu zidan taberna ateraino.
— Vallejotarra haiz ba!
Aitite Mateori lur eman eta batera, ondra-etxean bertan sortu zen eztabaida, ea zer izen ezarri behar zitzaion hilarrian: jaiotza unean eman zioten hura ala hartu zuten gurasoengandik jaso zuena. Juan Aizpuru zuen grazia ala Mateo Vallejo, alegia, ehortzi berri genuen gizonak. Niri ikaragarria iruditzen zaidala esan nizuen gaia mahai gainean jartze hutsa. Halaxe segitzen dut pentsatzen. Mateo Vallejo da gure hasiera.
Orain dena joana da. Laster ezagutzen ez dugun jendeak beteko ditu lur gainetik lau metrora utzi ditugun gelak, lehen guk beste batzuenak bete izan genituen bezala. Beste ahots batzuk izango dira sukaldeko balkoian, Abrara begira, zamaontzien joan-etorriaz arituko direnak. Gure mintzoan, berriz, geu bizi garen artean soilik segituko dute gure aurrekoek. Gero, betirako isiltasun bat. Noizik behin izen bat agertuko da, gurata utzitako aulki zatar bat eskonbro artean bezala.
Badago, baina, itzalen ordain honetan oraindino kontatu ez dizudan gauza bat. Mateo Vallejo ospitalean egon zen egunetan, badakizu, neuk nuen hartua etxearen ardura. Sararekin pasatzeko ohitura nuen; neu bakarrik bestela, berak ezin bazuen. Tere ez dago horrelako lanetarako, adin handia du, denok lurperatuko bagaitu ere oraindino. Hutsa zen egin beharrekoa: handienei pasada bat eman, argia, butanoa eta ura begiratu, posta jaso.
Behin, Mateo Vallejo hil baino hamar bat egun lehenago izango zen, ez ohiko gutun bat agertu zen postontzian. Hegazti koloretsu bat zekarren zigiluan, eta eskuz idatzitako izen eta helbide bat. Ez duzu asmatuko, Mateo Vallejorentzat zen, baina Filipinetatik igorria.
Lizawinena zen, Edwinen alabarena. Aurrena Mateo Vallejoren motor-txikian eta metroan gero, argazkian erakutsi zidan haur harena. Hamasei urte ditu orain. Eta barkatzeko zioen, barkatzeko gure bizitzetan horrela sartzeagatik, hainbeste urteren ostean. Hasten zen esanez amari esker lortu duela helbidea, badakiela Edwin etxean eduki genuela hainbat astez orain hamabost urte. Ez dakielako nondik hasi idazten digula, ez dakiela nondik hasi aitaren bila. Kontua da gabon haietatik ez dutela Edwinen berririk. Hamabost urte luze, eta Lizawinek ezagutu egin nahi du. Ama atoan hartu omen zuen etsiak. Beste emakumeren batekin joan zela sartu zitzaion, Europan bizi dela, auskalo non. Aitak abandonatu egin zuela sinetsita hazi ei da bera ere. Azkenean, ekin diolako, amak helbide hau ematea lortu duela. Ea ezer dakigun, idazteko mesedez.
Bada hilabete gutuna hor dudala. Hasieran Mateo Vallejoren berri emanda hastea pentsatu nuen, nola esan ziguten medikuek ez zuela luzerako, egun batetik bestera espero genuela albistea. Gero, dena pasa arte itxarotea erabaki nuen, eta dena amaitu zela esatea, joan dela Edwinek hemen izan zuen lagun onena. Orain, aitzakiarik gabe, zer esan ez dakidala nago. Eta hala doaz egunak, bata bestearen orpotik, kezka honekin, goizetik gauera askatu ezin dudan korapilo hau dudala sabelean.
Sarak ez du beste konturik, uneoro gogorarazten dit, hala diost, idatzi behar diodala, ezin dudala neska horrela utzi. Ea ez dudan Mateo Vallejo ikusten Lizawinen ezinegonean. Eta arrazoi du. Ez dut Edwinen itzalak pisu handiagorik hartzerik gura, ezin dut iraganak ostera ere katiga gaitzan laga. Lizawini erantzuten ez badiot, Tere ni naiz, iragana da orain bihurtzen. Nekea da, baina, uzten ez didana. Nekea ez den baina hala deitzen dudan neke astun hau lerro bakar bat idazten uzten ez didana.
Ohartzen? Alde egin zuenetik, ez didazu inoiz Edwinez galdetu. Nik neure artean banuen erantzuna, sinetsita nengoen egunen batean ez hau, beste gutun bat jasoko nuela. Eta beste bat gero, urtero bat gutxienez. Iritsi zela Cebura esaten zuena, itsasoan segitzen duela lanean, gasontzietara pasa zela, hitzarmen hobea lortu duelako. Sinetsi nahi nuen esaten zidala Lizawin gero eta handiagoa datorrela, hasi dela haur-eskolara, hasi dela eskolara, hasi dela lizeora, emakumea dela dagoeneko, ingelesez zoragarri egiten duela. Eta beragandik aparte emanagatik denborarik gehiena, ederra dela alaba hazten ikustea, ondo doakiola. Letra goxoz betetako gutunak, ez oso luzeak, erantzuki bakar bat gabe, eskerrak emanez amaitzen beti eman genion aterpeagatik, eskaini genionagatik, barkatzeko kalte egin bazidan, barkatzeko, ez gaituela ahazteko, ezta zu ere, eta emateko goraintziak denoi.
Lizawinen gutunak joanak ziren itzalak ekarri ditu atzera. Elkarrengandik betirako banatu gaituzten une zaharrak itzuli dizkit, eta kezka berriak sortu. Oinez noala Edwinekin datorkit, presaka goazela neguko arratsalde batez hostorik gabeko arbolen artean. Halako batean, mozkor deiadar batzuk.
«Hi, Auschwitz! Uki ezak neska hori eta...».
Ezin duela izan diost Sarak. Hala izatera jakingo zela zerbait, ez dagoela heriotza bat hain luzaz gordetzerik. Iritzia eskatu diot, behar dut jakin zer darabilen berak. Eta dio Lizawinen amak izango duela arrazoi.
— Izutu egingo zitenan akaso, jipoiren bat asko jota mando horiek, baina garbitu ez.
Hor zehar ibiliko dela Edwin, beste familia bat osatuta non edo non.
Niri etorri egiten zait, ordea, Edwinen atzamarra ilunpetan gora.
— Benetan hori uste dun, Sara?
Besarkatu egiten nau.
— Edwinek hainbestetan aipatzen zidanan Lizawin...
Isilik erantzuten dit, berak bakarrik dakien bezala estutzen nau itzalek gero eta pisu handiagoa hartu nahi duten artean.
«Hago, hire aitaren laguna naun!».
Hor zatoz. Beste pieza bat erantsi diot. Eta beste bat ondoren. Itzali nahi zaitut, baina gero eta argiago ageri zara. Lasaitu egiten nau, ezin dugula utzi iraganak oraina hondatzen dio Sarak. Ezinezkoa dela hain zehatz gogoratzea, ezin dela gertatuaren puzzlea horrela berregin, hainbeste urte joan direnean gainera. Eta diost ez abandonua, ez Edwinen farol bidekoa, ez zela hainbesterakoa izango seguru asko, neure barruan hazi dudala dena urte hauetan guztietan. Erreparatzeko orainari, begiratzeko zein ondo ibili garen Londresen eta zer ondo gauden hemen orain, ilunpetatik ateratzen hasia den Bilbo honetan, ez hondoratzeko mesedez eraikia duguna, uzteko amorruak, arren.
Eta nik Sararen beso artean lokartu nahi dut, begiak bildu eta ez esnatu. Ez esnatu mila eta bat egunean. Sua egin, koadernoak erre, boligrafoak hautsi, kraionak haustu, eskuak moztu, aurrerantzean inoiz letra bat, lerro bat, gutun bakar bat idatzi beharrik ez izateko.