Bazkari ona eta txarra
Ikusi dudan lehen tabernan sartu naiz zerbait jateko asmoz. Denda eta taberna da aldi berean. Plastikozko aulki eta mahaietan bazkaltzen ari dira denak.
Baduzue jateko zerbait? galdetu diot etxekoandre beltzari.
Ez, ez daukagu ezer.
Horiek... ingurura begiratu dut, jaten ari dira platerak dituzte aurrean.
Bai, baina...isildu egin da.
Baina zer. Baduzu ala ez duzu?
Bai... baina... ez daukagu zuretako janaririk. Zuk janari nice jaten duzu esan dit desenkusan.
Zer esan nahi duzu?
Ergela banintz bezala begiratu dit. Hara! Orain entenditu dut!
Esan nahi duzu, ni zuria naizelakoz ezin dudala hemengo janaria jan?
Zuek janari ona jaten duzue esan dit.
Ez dakit ospa egin edo zuriek beltzen janaria jaten badakigula frogatu. Arriskatu egin naiz.
Zer daukazue? Denbora gutxi dut beste taberna baten bila hasteko. Edozein gauza jateko prest nago.
Baina gurea ez da janari ona.
Pazientzia galtzen ari naiz. Goseak pazientzia hiltzen du, baina pazientziak ez du gosea hiltzen.
Igoal da, zer daukazue!
Esandakoetarik currya baizik ez zait ezagun. Currya eskatu diot, itxurosoena izanen delakoan.
Bost minutuan ekarri didate. Nazkagarria dago. Espezieek ez diote haragiari ustel kerua estaltzen. Jan beharko, taberna osoa begira daukat-eta. Nekez irentsi dut guztia, gehiago harrokeriaz. «Nazkagarria» esan dut euskaraz, plastikozko plateretik koilarakada ahoratu bitartean. Bezeroek irribarrea dute aurpegian, antzeman didate.
Bukatu dut. Azkenean! «Etxekoandrea ni baino zuzenago dabil janari kontuetan» bururatu zait, haragiaren kerua suntsitzeko Coca-Colari azken dzangada jo diodanean.
Zer moduz? galdetu dit etxekoandreak.
Arrazoi duzu. Guk janari ona jaten dugu.