Mandelaren Jauregia
Balkoian eseri naiz Cape Times egunkaria eta, Jurieren liburutegian ezezik, hegoafrikar guztien etxean aurkituko duzun Cry my beloved country (Negarrez gure aberri maiteagatik) nobela kaskarra leitzeko asmotan. Liluragarria nola biltzen den hiria itsaso inguruan! Juriek esan zidan bezala, hau ez da Afrika. Dena den, ez dakit nolakoa izan beharko lukeen Afrikak, zein estereotipo bete beharko lukeen.
Badia sarreran Robben Island, Bartolomeu Dias menturazale portugaldarrak 'aurkitu' eta kolonizatu zuen lehen lur puska. Robben Islandi buruzko gehigarria dakar egunkariak gaur. Van Riebeeck-ek hor paratu zuen Ekialdeko Indiar Konpainia Holandarreko lehendabiziko hornidura basea. Hortik abiatu omen zuen Afrikako 'aurkikuntza'. 1658tik kartzela izan zen Robben Island. Bertako biztanleen khoikhoi, guk hotentotak deitzen diegu Autsumato buruzagia atxilotu zuen Van Riebeeckek.
Gehigarria buru-belarri irakurtzen ari naizenez, ez naiz ohartu ere egin Jurie hurbildu zaidala.
Zertan ari zara?
Lur puska horri buruz leitzen.
Zer, kaffir nagusiaren jauregia?
Kaffir nagusia?
Mandelaren Jauregia esaten diogu Robben Islandi. Tira, gogoratzen duzu sarri Gail etorriko dela, zure etxearena-eta komentatzera? Jurieren etxea utzi eta Gailenera joatekotan nago.
Bai.
Bitartean zuk segi Hego Afrika Berriari buruz informatzen; gero kontatuko didazu. Izan ere, ni ez naiz hemengoa, hemen bizi baizik ez bainaiz egiten eta etxe barnera desagertu da.
Milaka preso pasatu izan dira Robben Islandetik: Macassar (Holandako kolonia asiarren buruzagi matxinatua), xhosa buruzagiak, African National Congress-ekoak, South African Communist Partykoak eta abar. Denetarik famatuena: Nelson Mandela. Egun, irla turismorako amu bihurtu dute.
Hello! entzun dut atetik.
Zer moduz, aspaldikoa! erantzun du Juriek.
Berrogei urte inguruko emakumea da Gail. Eskoziarra. Duela lau urte Hego Afrikara lanera etorria. Juriek aurkezpenak egin ditu.
Pozik zu ezagutzeaz esan dit, orain arte Hego Afrikan entzun ez dudan azentu britainiarraz.
Kafea eskaini du Juriek. Kafearekin eseri gara balkoian, badiara begira.
Zerbait ikasi duzu Hego Afrika Berriari buruz? bota dit Juriek, maltzur.
Berriari buruz? Ez, Hego Afrika Zaharrari buruz esan diot, ezin adar joka nire ingelesarekin. Robben Island aspalditik da kartzela. Zaharra beraz.
Badakizu esan dio Juriek Gaili jendeak nola esaten dion Robben Islandi? Mandelaren Jauregia. Izen egokia!
Gailek irribarre ñimiño bat besterik ez du ageri aurpegian.
Ez zaizu barregarria iruditzen? oldartu zaio Jurie, bihurri. Ez esan zure umore britishak ez dizula barre egiten uzten.
Gail, ezer erantzun gabean, niregana zuzendu da, Jurie demasa delako keinua eginez.
Jurie ausartu naiz, hilabeteko elkarbizitzak emandako konfiantzaz, fucking bloody racist bat zara!
Eta zu ez? Begira: alemaniarrek beltzak gustuko dituzte, baina turkiarrak gorrotagarri; australiarrek beltzak eta turkiarrak maite dituzte, baina txinatarrak eta vietnamdarrak ez dituzte ikusi ere egin nahi...
Denok gara arrazista orduan?
Jendea ez da arrazista urrutikoekin, bai ordea ingurukoekin.
Ez nago konforme erantzun diot, eztabaida batean sartzeko prest.
Aizu, ijitoekin duzuen arazoa konpontzen duzuenean hitz eginen dugu. Zuk zenbat ijito lagun duzu?
Nik batere ez... baina ezagutzen dut...
Bai, zure lagunaren lagun baten lagunak ezagutzen du bat eta barre egin du algara batean.
«Agoteez baleki», pentsatu dut; «hala ere horrek ez dezake arrazismoa justifika». Eulia eta kakaren txistea.
Baina Jurie ausartu zaio Gail ere, zuk ezin duzu justifikatu...
Gail, zaude isilik, edo 27.000ak ekarriko dizkizut gogora!
27.000 da Bigarren Anglo-Boer Gudan britainiarrek kontzentrazio eremuetan eduki zituzten haur eta emakume afrikanerren kopurua, zeinetarik asko eta asko hil egin ziren.