Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Manemberg

 

District Six auzunea Cape Town erdi-erdian zegoen. Eta desegin egin zuen National Partyren garaiko gobernuak, arraza ezberdineko jendea auzo berean ezin zela bizi erabaki zuenean. Han anabasan eta lohikerian bizi omen ziren colouredak, zuriak, beltzak, homosexualak, prostitutak, gangsterrak... Bakoitza bere arrazakoen artera bizitzera behartu eta Cape Towngo auzunerik zaharrena eta (diotenez) ederrena suntsitu egin zuten eskabadorekin.

        Periferian propio sorturiko auzuneetara mugiarazi zuten coloured populazioa, Cape Flats deituriko zonara. Utzitako tokia eta zigorra ahantz ez zezaten-edo, District Six zaharreko karriken izenak paratu zizkieten auzo sortu berriei.

        Horietako batera eremanen nau gaur Hudsonek: Manembergera. Hudson, nire irakaslearen laguna, afrikanerra izatez, aspaldi hasi zen Hego Afrikako egoeraz kezkatzen. Baina ez beste batzuk bezala, ideologia politiko batek sortutako gogoetaren ondorioz, baizik eta marjinalitateak ernetutako sentsibilitatez. Izan ere, Hudson droga guztiak dastatua baita, eta giro marjinal orotan ibilia. Horrela ohartu zen egoerari buruz.

        Harea eta harea. Herri txiki baten antzeko auzunea, hare gainean eraikia. Hego Afrikan 1954ra arte ezagutu gabeko pisu-eraikinak, zenbait etxetxo lorategiz inguraturik.

        Hamazortzi-hemeretzi urteko mutikoa dugu esperoan sheeben aurrean: Angelo. Sheebena taberna da, bertako taberna, alegia, zerbezak-eta saltzen dituen etxe partikularra. Hesituriko leihotik eskuratu ditugu garagardoak. Barnean hiru emakume ohean etzanda.

        Aulkian eseri gareneko Mercedes handi eta brillant zuria pasa da, dotore jantzitako bi gizonekin. Batek sakelako telefonoa belarrian. Hudsoni galdetu diot begiradaz. Gero Angelori. Bizimodu Latza taldeko gangsterrak dira, bi gizon zuri auzoan dabiltzalako zurrumurrua egiaztatzera etorriak.

        — Staggieren mutilak —esan du Angelok, Hego Afrikako gangsterrik handienaren izena aipatuz—. Mendean du zona hau. Beste hura Amerikarrak taldearen menpe dago. Bazterrak harroturik daude eta ez da giro. Leituko zenuten tiroka gabiltzala.

        — Bai —Hudsonek—, gangsterren eta PAGADen artean.

        — Halaxe da. Staggie bezalako gangsterrek mendean harturik zituzten auzune hauek, baina duela urte batzuk musulman integristak elkartu, PAGAD sortu (Gangster Eta Drogaren Aurkako Jendea) eta... guda latzean hasi dira gangsterren aurka! Zainketak antolatzen dituzte auzoetan, aurpegia zapi palestinarrez estalitako manifestazioak, auzoko gangster eta drogazaleen aurkako jipoitzeak... Gangster bihurtu dira haiek ere!

        Batzuk besteen aldamenean bizitzeak arazoa larriagotu baino ez du egiten. Duela bi urte, adibidez, PAGADen manifestazio bat bildu zen Rachied Staggieren etxe aurrean, zerabilen droga trafikoa salatzeko. Staggieren mutilek inguruko auzoak mendean harturik zeuzkaten, haiek ziren eta dira boterea hemen. Auzo osoak kontrolatzen dituzte, gazteak gangster lanetan enplegatzen dituzte, jaten ematen diote jendeari, dena droga eta prostituziotik lortutako diruaren bidez. Orduan, Staggie anaiak edanean ari omen ziren. PAGADeko jendea etxaurrean bildurik zeukala jakitearekin bat, familia defendatzera abiatu omen zen Rachied... anaia Rashaad-en arrisku oharmenei kasurik egin gabe. PAGADeko jendeak harrapatu eta su eman zion!

        Komunitatearen alde aritzen den jendeak dioenez, anaia okerra hil zuten, Rachiedek utzi egin nahi omen baitzion drogak saldu eta gangster izateari.

        — Orain Rashaad gelditzen zaigu. Eta hura ez balitz, beste bat izanen genuke —bukatu du Angelok, etsita.

        Berriz pasa da Mercedesa. Aldegin ote dugun ikustera etorria beharko du.

        Sheebeneko emakumeak hots egin eta afrikaansez hasi zait.

        Ulertzen ez dudalako keinua egin diot.

        — Emakume bat nahi duzu? —esan dit ingelesez, oheko neskatoa seinalatzearekin batera titi handien keinua eginez—. Garbia da eta oso ederra.

        Neskatoari hots egin dio. Leiho hesitura hurbildu da neska, batere lotsarik gabe. Ezezkoa egin diot. Begiratzeko esan dit, neskari ipurdi masailak ukitzen dizkiola.

        — Ezetz ba!

        Etsi du, baina ez berehalakoan:

        — Drogarik? Erre, erre nahi duzu! —tematu da atzera.

        — Ezta ere!

        Zerbait esan die Angelori eta Hudsoni afrikaansez. Barre egin dute biek.

        — Goazen beste etxe horretara —esan digu Angelok.

        Sukaldea eta egongela batera dituen etxe txikia. Armairu gainean, telebistaz aparte, arabieraz idatzitako posterra eta liburuak: Korana egin dudan bat eta Cry my beloved country baitezpadakoa.

        Sofan eserita dago nagusia, ehun kilo izanen dituen gizon coloured handia. Emaztea behar duena, sukaldean ari zaio, burua oihalez estalirik. Suelto-suelto hasi zaigu hizketan:

        — Gu District Sixen bizi ginen. Gau batez, handik mugitzeko agindua jaso eta, astebetera-edo, Polizia etorri eta hona ekarri gintuzten. Ez gu bakarrik, auzo osoa mugiarazi zuten. Guk ez genuen nahi baina. Zu lehen izan zaren District Six zenekoan... orain Unibertsitatea dago. Ez dago alderik! Hau hiritik oso urrun dago, eta hemen dena da harea. Ni oso gaztea nintzen eta ez nuen ezer ulertzen. Mutiko beltz eta zuriekin aritzen nintzen jolasean, haiekin joaten nintzen eskolara... Zer eta handik aurrera nor bere auzunera eta nor bere eskolara! Orain, badakizu, gure etxeak itzultzea eskatu diogu Mandelaren Gobernuari, baina, klaro, gure etxeak eskabadorekin bota zituzten handik mugiarazi gintuzten egun berean. Auzitegira jo dugu eta epaiketa aurrera eramateko diru mordoa eskatu digute. Guk, ikus dezakezuenez, ez daukagu dirurik —egongela seinalatu digu—. Tira, kontua da, ni gizondu nintzenean kamioizale hasi nintzela. Beharbada zuek poliziak izanen zarete... baina igoal dit! Nik armak garraiatzen nituen ANCren talde armatuarendako, Umkhonto we Sizwe-rendako. Zimbabwetik Hego Afrikara.

        «Hau ere badugu!» pentsatu dut, esaten ari dena zalantzan jarriz. Badirudi herri honetan azal zuriko guztiak izan direla Umkhontoko laguntzaile. Bisaiak barnea salatu dit nonbait!

        — Ez didazu sinesten? —haserretu da—. Egia da! Ez nik politikan sinesten nuelakoz. Niri ez zait sekula politika gustatu, baina ukatzerik ere ez zegoen. Eta horrela egin nituen lauzpabost bidaia. Zimbabwera edo Mozambikera zerbait garraiatu behar nuen aldiro, armak jartzen zizkidaten merkantziaren artean. Leku batean uzteko agintzen zidaten, eta hori zen dena... Baina orain Mandela gutaz ahaztu da! Are gehiago, zapaldu egiten gaitu musulmanak garelako! Gangsterren aurka Poliziak ezer egiten ez zuela-eta, gerok hasi gatzaizkielako borrokan!

        — PAGADekoa zara, beraz?

        — Bai.

        — Eta zer nahi duzue? Ezen esan, esaten baita, gangsterren aurkako borroka aitzakia hartuta, islamismo integrista ezarri nahi duzuela.

        — Zuk ez dituzu auzo hauek ezagutzen! —bota dit zertaz ari den ez dakienari gordetako begiratu mesprazagarriaz—. Hemengo gazteen gehiengoa droga eta gangsterren menpe dago. Gangsterrak dira boterea. Guk gure jendea izurrite horretatik salbatu nahi dugu. Batzuek diote gu ere gangster bilakatu garela! Baina zer eginen zenuke zuk Polizia arrimatu ere egiten ez den auzo hauetan? Guk haien metodoak baizik ez ditugu erabiltzen. Ez dut uste hau merezi dugunik apartheidaren aurka borrokan aritutakook... ze nik maila berean paratuko bainituzke apartheidak gugan izan zuen eragina eta drogek eta gangsterismoak gaur dutena. Lehen bezain preso bizi gara.