Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Guguletu

 

Guguletura goaz, Cape Towngo township zabalenera. Aireportuaren aldamenean dagoenez, horixe da hegazkinez ailegatutako kanpotarrak ikusten duen lehena. Horixe ikusi nuen heldu nintzenean. Autobide bazterrean dago Guguletu. Gizon multzoak daude autobidearen irteeran. Zain ematen dute.

        — Zertan ari dira, Hudson?

        — Norbait lana eskaintzera etorri esperoan daude.

        — Lana?

        — Bai, norbaitek pintore edo igeltsero edo zurgin edo (besterik gabe) langile bat behar duenean hona etor daiteke, komeni zaiona hartu eta lanean paratu.

        «Lan bulego ederra» pentsatu dut, gizon beltz saldoari begira.

        — Eta etortzen ote zaie inor?

        — Noizbehinka bai, baina, badakizu, langabezia izurritea bezalakoa da Hego Afrikan. %30 eta 40 artean omen dago, inkesten arabera. Gehienak beltzak. Beltzen %29 langabezian dagoen bitartean, zurien %4 baino ez dago langabe. Emakumeen kasuan zenbakiak are handiagoak dira. Eta nekazari giroan, hiritik kanpo portzentaiak are altuagoak. Gainera oso beltz gutxik egiten du lan kualifikaturik.

        Auzoan barna sartu gara. Blokez egindako etxeak, kaleak asfaltatu gabe, jendea abaroan karrikan. Elizak. Zaborra kalean nonahi barreiaturik. Erdialdetik urrundu ahala etxeen eraikuntza kaskartu egin da. Lehen bloke zena egur da orain. Txabolak, zenbaki bana atean, pilatu egiten dira bata bestearen ondoan, batzuk-batzuk karrikak osatuz, besteak nolanahi.

        Lan ordua izanik ere, jendetza dabil hara-hona.

        — Ikusten dituzu —aipatu dit Hudsonek—, beharbada bakoitzean zazpi lagunetik gora bizi da.

        Freedom Farm-era goaz, Guguletu inguruko squatter-camp batera. Urtetan, apartheidaren legeak indarra galduz zihoazen heinean, zizak bezala sortu dira squatter campak hiri nagusietan. Diru eta lurrik ezean, jendea populazio guneen aldamenetara joan eta txabolak eraikitzen hasi zen. Horrela sortu dira auzune hauek, ez orden ez kristina. Zuriak kexatu egiten dira, beltz pobreek aberastasunari segika haien auzune inguruetan eraikitzen baitituzte, aberatsek botatako zaborretik bizi ahal izateko-edo. Cape Town erdian adibidez, turismo guneetatik gertu, baina ezkutuan, jende ugari bizi da autobidearen zubiaren babesean; edo Johannesburgen, hiri erdi-erdian dituzu negozio guneetatik bertara.

        Freedom Farm —izenak badu ironia— hare gainean eraikita dago. Bertako jendeak ez du ez argindarrik ez kanileko urik. Hesi altu batek inguratzen du auzoa, eta sartzeko ate bakarra baino ez dago.

        Johnny gizon xhosa zain daukagu. Hudsonen arrebak etxea berritu behar duela eta Johnnyri lana eskaintzera dator. Oso koloniala iruditu zait niri. Hudsonek bidean esan didan bezala, paper bat eginen omen dio gero, igeltsero ona eta langilea dela esanez.

        — Horrela Johnnyk paper hori aurkez dezake, autobidera lan bila ateratzen denean.

        Aukezpenak egin ondoren, argitu egin zaio aurpegi mehea Johnnyri, zertara gatozen entzun duenean.

        — Behar nuen. Emazteak ahizparen etxera joan behar izan du, jatekorik ez-eta.

        Txabolara eraman gaitu. Hormetarako egurrezko olak, teilatua uralitazkoa, zorua kanpoko hare bera...

        Emaztea sortu zaigu umea besoetan. Pozik jarri da, Johnnyk egun batzuetarako lana duela jakindakoan.

        — Oso gaizki dago lanarena. Hilabete daramat egunero autobidera irten eta inork ez didala lanik eskaintzen. Ezin dut Lanka mantendu eta ahizparen etxera joan behar izan du zerbait janen bazuen. Eskerrak hemen ez daukagun alokairua pagatu beharrik!

        Hudsonek ekarritako janaria atera du. Usainera-edo aldamenak sortu dira, eta denok batera afaltzen hasi gara. Gautzen ari du eta Johnnyk auzo-zaindaritza erronda dauka gaur. Harekin eta aldamen batekin abiatu naiz, Hudson txabolan utzita. Egunero egiten dute zaindaritza, txandaka, lapurretatik babesteko.

        — Hona ostera etorriko denak ez dauka asko! Zer ostu daiteke hemen? —galdetu diet.

        — Ostu beharbada ez, baina bai gaiztakeriaren bat egin... Horregatik paratu genuen auzo inguruan hesia, inor sar ez dadin. Gauero egiten ditugu txandak, iluntzetik hamabiak arte bata, hamabietatik laurak arte bigarrena, eta lauretatik zazpiak arte hirugarrena. Egun argiz zailagoa da gaizkileak hurbiltzea. Lehen ez genuen egiten, baina emakume bat bortxatu zuten behin, eta hura ezkeroz zaintza egitea erabaki zuen auzo-batzarrak.

        — Batzarra duzue orduan?

        — Komunitate oso antolatua gara. Dirua ere jartzen dugu ahal dugunean, gosez dagoenari laguntzeko. Arazoa da gehienok ere diru gutxi daukagula besteei laguntzeko.

        Hesiak ematen duena egin dugu oinez. Bare dago dena. Sua egin dute Johnnyk eta aldamenak. Han aritu gara txutxumutxuan, harik eta Hudson etorri arte.

        Itsusia da miseriaren aurpegia.

        Agur esan eta autobidean barneratu gara. Lanaren zain zeuden gizonak ez daude. Janen ote dute gaur? Etorriko ote zitzaien etxea konpontzeko beharrean zuriren bat? Guguletu, Cross Road, Michel Plain, Langa. Beltzetik zurira Hego Afrika Berrian.

        Azala baino ez dudala ikusi, kexatu natzaio Hudsoni:

        — Turistek egiten duten modura, begiratua bota, sudurra zimurtu eta hotelera lotara!

        — Hegoafrikar zuri gehienek sekula egin gabea egin duzu, township batean izan. Zuriok bai garela turistak, gutako askok beltzak ikusi ere ez ditu egiten. Eta orain, halabeharrez, lehendabiziko aldiz, Afrikan bizitzen ikasi beharra daukagu. Eta beldur gara, jakina.

        Afrikaren atarian izan ondoren Europarantz goaz, hiriaren erdialdera.

        — Ezagutzen duzu Barbaroen zain izeneko poema hegoafrikarra...

                Urteetan aldegiteko prest egon naiz.

                Horrela errazago izanen zait garaia ailegatzean,

                Aldaketa ez da hain bortitza izanen eta

                Erosoago ibiliko naiz nire bizitza berrian.

                Urte hauen guztien ondoren balio du esperatzeak.

                Gauzak aldatzeko aukera izan daiteke.

                Baina jendeari erreparatu diot kaleetan

                Eta elkarrizketak entzun autobusetan.

                Jendea, izan ere, seinale ona baita:

                Solasean istilu gogoa nabari diet.

                Meatzak mugiturik dabiltza. Grebak,

                Borrokak eta heriotzak noiz edo noiz. Ez da

                oso larria, baina insolentzia nabaria da.

                Badira, hasieran, txikikeriak diruditen gauzak.

                Gero, denborarekin, larri bihurtzen dira.

                Lehen ez zen horrela: hiria lasaiagoa zen eta

                Trenengatik baizik ez ginen kezkatzen.

                Gizon bat lasai ibil zitekeen eta

                Eguraldiaz gozatu. Ez zen mehatxurik.

                Orain nire gauzak enpaketaturik bizi naiz.

                Egunkariak leitu eta entzun ditut

                Iparraldetik ilea urdinduago eta zaharrago

                Itzulitakoen istorioak. Arriskua ikusi dute

                Uhaldearen bestaldean. Harrapatu dituzte

                batzuk hatuekin eta armekin mendietan.

                Hemen gaude gu, bitartean, zain, harrizko

                Balkoietan arratseko freskuran, aldamenen

                Eta ezezagunen ahotsek

                Freskurarekin bat laztantzen gaituzte:

                Denok ekidin ezinaren zain zerbeza hotza lagun.

                Hilabeteak dira aldameneko nazioekin

                Arazorik ez dugula. Urtetan ez da izan

                Istilu arrastorik, hilketaren bat ez bada

                Etxalderen batean han nonbait.

                Bakan gertaturiko txikikeriak.

                Aste gutxi batzuk iraun zuen

                Gerratearen ondoren, isiltasuna baino ez:

                Ordutik hona gertatutakoaz zurrumurrurik ere ez.

                Zein ondorio atera dezakegu hortik?

                Ez bada barbaroak heldu direla.

                Gaua da atzera eta beharbada hemen daude.

                Bihar oheetan oin arrasto arrotzak izanen dira.

                Baina zakurrek ez dute zaunka eginen,

                Eta etorri baldin badira asteak joko du

                gu ohartzerako. Hain dira txikiak arrastoak.

                Gertatua gertatu, guk eraikitzen segituko dugu.

                Urtero bide hobeak ditugu eta negozio

                        arrakastatsuagoak:

                Porrotari ez ikusiarena egiteko modua.

                Lanik gabe, zain egotea ezinezkoa litzateke.

                Buruan porrota izanen genuke beti.

        — Gustatu zait.

        — Ona da, oso ongi adierazten du 80etako zuriak zertan zeuden.

        — Orain ezberdin daude gauzak?

        — Aldatzen hasi dira, baina zurien beldurra oinarrian beldur berbera da: aldamenean dituzten barbaroekiko beldur izugarria.

        Zentral Elektrikoa, Rosenbank, Observatory, Cape Town. Europako auzune zurietara ailegatzen ari gara. Isilik goaz.

        — Zertan pentsatzen ari zara?

        — Barbaro eta barbaroen zain daudenen artean hamar kilometro baizik ez daudela! Harrigarria da —erantzun diot.

        — Baina europarrendako —Hudsonen eguneko azken lezioa— urruti egoteak ez luke gozoago egin behar.