Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Borroka gehiago ez!

 

Durbanera noa motxila bizkarrean harturik. Johannesburg erdialdeko jendetzan barneratu naiz Durbango taxiaren bila. Geltokia bilatu behar duzu lehendabizi, norabide ezberdinetara doazen taxiak leku ezberdinetan baitaude, bata bestetik nahiko urrun.

        Siphiwek esan bezala, taxi indiarrez galdetu dut, taxi beltzak baino hobe eta erosoagoak direlakoan. Beraz, garraioa ere apartheidaren sailkatze arrazistari egokitzen zaio. Hoberenak eta garestienak autobusak dira; zuriek erabiltzen dituzte batez ere. Gero taxi indiarrak daude. Eta azkenik, kaskarrenak, taxi beltzak.

        — Hantxe —erakutsi dit txofer batek.

        — Durban, Durban! —hasi zait gidari beltza, motxilarekin ailegatzen ikusi nauenean.

        — Indian taxi? —galdetu diot.

        Baietz. Konbia ikertu dut zeharka. Besteak baino hobea dirudi, karrozeria garbi, gurpilei oraindik ildoa nabari zaiela. Gidaria ordea ez da, ezta hurrik eman ere, hindua... ikatza bezain beltza!

        Pentsamolde apartheidatua amarrutan ari zaidalakoan, pentsatu beharko nuke taxi indiar guztietako txoferrek ez dutela zertan hinduak izan.

        Hego Afrikako lurralde osoan zehar mugi zaitezke Taxi Beltzak baliaturik. Dirudienez 50etara arte jendeak autobus publikoak erabiltzen zituen, harik eta Gobernuak prezioak igotzea erabakita, garraio publikoari boikota egin zion arte. Orduan sortu ziren batetik bestera eramaten zaituzten furgoneta hauek: konbiak. Beltzei zegokien edozer bezala, ez zeuden legeztaturik. Hego Afrika Berria sortu denetik, negozio handi hau legeztatzen saiatzen ari da Gobernua, ekonomia ofizialean sartzen alegia, baina arazo larriak dauzka.

        Jurie ernegatu egiten dute taxi beltzek:

        — Nik zerga itzelak ordaintzen ditut. Baina horiena negozio alegala denez, jabeek ez dute zergetan rand bakarra ere pagatzen.

        Konpainiek 1997ko maiatza bitartean eduki dute legeztapena eskatzeko epea. Hortik aurrera ilegalak dira. Legeztatu beharrak etekinen urritzea eraginen zuelakoan, konpainien arteko guda areagotu baino ez zuen egin. Konpainia handiak —Staggie gangsterrarenak, adibidez—, negozioaren etekin emankorrari eusteko, txikiek edo partikularrek hartutako zonetan sartzen dira, eskura dituzten arma guztiak erabiliz: taxiari segada egin eta barnean harrapatu guztiak tiroz garbitu, txoferrari etxeraino jarraitu eta hil, taxia errepidetik aterarazi, boikota ezarri...

        Ordubete eskas esperatu behar izan dugu konbia bete arte. Gidariak bultzaka eta tropoiluan sartu du gure katxarreria guztia. Atzean sartzen saiatu naiz, baina aurrera bidali naute bi mama afrikanerrek; beharbada, zuria naizelakoz errukiturik. Atzeko jendea ere tropoiluan doa, hamazazpi lagun eta hiru ume denera. Beharrik gidariaren ondoan eserarazi nauten, bestela, hor atzean joanen nintzateke eta... Johannesburgetik Durbanera badira bostehun kilometro inguru.

        Zabal eta lau hedatzen da paisaia Drakensberg mendietaraino. Ikusi ere ez da ikusten zeruak lurrarekin bat non egiten duen.

        Lozorrotik atera naute atzeko bi nesken klik ozenek. Drakensberg mendikatean gora goaz. Tontorrera iritsitakoan erauntsi itzela lehertu da. Euria hasi du erruz. Dirudienez gidari zuluari euriak ez dio traba egiten, apurrenean ere ez baitu abiadura gutxitu.

        Portuan behera taxi bat aurreratzen hasi zaigu. Gure gidariak, on puska ematen zuenak, gehiago zapaldu du. Beste taxiak aurreratu egin gaitu berriz. Hara!, borrokan hasi dira. Batak aurreratu, gero besteak. Euria ari du goian behean. Ziztu bizian goaz besteari aurrea hartu nahian. Atzera begiratu dut: bidaiariek errepidean josita dituzte begi handituak. Izua nabari zaie. Beste taxistaren aurpegia ikustea lortu dut leihatilatik: hindua da eta barrez ari da; hango pasaiariak ere izututa, gu bezala. Bi taxiak parez pare doaz maldan behera. Baina... ez du inork ezer esan behar!?

        Bi gidariak elkarri begira doaz bidean erreparatu gabe. Ezin dut gehiago.

        — Mesedez, mesedez, borroka gehiago ez! —erregutu diot gure zuluari.

        Larkara begiratu dit. Baina abiadura gutxitu eta han urrundu da hinduarena. Joan dadila kabroi hori! Deskantsu ederra hartu dugu denok.

        Durbango geltokira ailegatzean, gidariari esan diot:

        — Mila esker hindua joaten uzteagatik.

        Ulertzen ez duelako imintzioa egin dit.

        — Bai, taxi indiarra!

        Sorbaldak jaso ditu bakea eman dezadala-edo adieraziz.

        Durbanek hiru milioi t'erdi inguruko populazioa du, %83 beltzak dira, %9 indiar jatorrikoak eta %7 zuriak. Cape Townen coloured direnak, hinduak dira hemen. Koloretsuak dira hiri erdiko karrikak. Curry usaina, intsentsu lurrina, meskitak, zuluak jantzi tradizionaletan, emakume beltzak kinkillak saltzen, surfer zuriak, Oxfordeko azentudun ingelesak. Denda baten atarian garrasika ari dira bozgorailuak, zulueraren klik ozenak kolpeka. Ikasle piloa dago zentro komertzial erraldoiaren ondoan. Hemen ere ezarri du gizon zuriak bere bizitzeko manera: libertitzea izozkia jan bitartean eskaparateak begiratzean datza. Hinduak hinduekin, beltzak beltzekin...

        Hondartzan surf lehiaketa dago. Hor dena da zuria, Amerika. Neska panpinak, bikinitan, surferrengana ondoratu eta musukatu egiten dituzte uretatik irtendakoan. Kinkilla saltzaile beltzek aspertu aurpegiz so egiten diete, ikuskizuna mila alditan errepikatu izan balitz bezala. Bero egiten du, bero hezea, arropa larrura itsasten duen horietakoa.

        Hemengo itsasoan murgilduko nintzateke gustura. Baina tiburoiak daude!