Transkei gudan
Ez hartu inor autoan, ez ireki inori autoko atea, ez gelditu bideberriaren erdian, hoteleko atarian baizik ez jaitsi autotik!
Behin igaro nuen Transkei esan dit Durbango lagun zuri batekCape Town bidean nindoala. Gasolina hartzeko gelditu nintzenean, gasolineroak esan zidan: «Baina, baina... zertan ari zara? Ezta jaitsi ere autotik! Ospa lehenbailehen Transkeitik!».
Eta bestela?
Bestela... erantsi du nire lagun zuriak, 'bestela'k «beltz hiltzaile horiek ez baleude!» ezin ezkutaturik, leku zoragarria da, Hego Afrikako Afrika bakarra!
Homeland edo bantustan bat zen Transkei. Apartheidaren teoria, hots, arraza bakoitzaren garapen maila ezberdinari antolaketa sozial eta politiko ezberdina dagokiolako ideia, praktikara eramateaz gain, hirietarako migrazioa kontrolatu nahi izan zuen National Partyk Transkei bezalako homelandak sortzean. 1976an eman zion National Partyren gobernuak independentzia.
1977an Bophuthatswana sortu zuten tswana jendearendako, Venda vendendako, Ciskei xhosendako, Qwa-Qwa sothoendako, eta abar. Denera Hego Afrikako lurrazalaren %13 populuaren %90endako. Gobernari ustelak paratu zituzten homelandetako buru, eta jendea mugiarazten hasi ziren lurralde horiek jendez gainezka egiteraino. Qwa-Qwa sothoan, adibidez, 24.000tik 300.000ra igo zen populazioa hamar urteren buruan (1970-80).
Jende mugitze horrek lehendik desegin samar zebilen familia afrikar tradizionala arraso suntsitu zuen. Senarra hirian edo etxaldeetan edo meatzeetan ari zen lanean; emazteak eta umeek, paserik gabe eta nazionalitate hegoafrikarrik gabe, homelandean gelditu beharra zuten, senarrak irabazitako soldataren puskaren bat bidaliko zielakoan, bantustanetako lur antzuetatik bizia atera ezinean. Urtean behin ikusten zuten elkar, senarrak zituen opor bakarretan.
Paisaia muino berdez luzatzen da Umtata bidean, zuhaitzik gabe. Azienda bururen bat edo beste. Etxeak porlanez edo buztinez egindako txabola biribilak dira, kolore biziz pintatuak, lastozkoa teilatua. Auzo txiki batzuk osatuz dautza muinoen magaletan, ur errekastoen altzora. Orain ulertzen dut Transkeiren balizko afrikartasuna: arkitekturak Afrika tradizonaleko moldeak gordetzen ditu, antzina bezala janzten dira emakumeak, hemendik urruti dago mendebaldeko kultura.
Lainoak ia dena estaltzen du, epela giroa. Jende saldoak bideberri bazterrean, taxien zain-edo. Nire autoko leku hutsak zirika ari zaizkit kontzientzian. Adiskide zurien aholkuak bazter uztea erabaki dut eta gelditu egin naiz bakarrik dagoen mutiko gazte bat hartzeko.
Nora zoaz?
Horko herrixka batera esan dit urrezko hortzak erakutsiz; beldurraren ausikia nabaritu dut erraietan; ez dauka itxura onik.
Hemen bizi zara?
Ez, Johannesburgen. Hillbrowen. Ezagutzen duzu Johannesburg?
Baita Hillbrow ere.
Ni oporretara etorri naiz. Aste Santuan jende asko etortzen gara jaioterrira. Hemen ez dago lanik, eta hara joan behar bizitzera. Segurtasun enpresa batendako egiten dut lan.
Aizu, zergatik dago hainbeste jende bideberri ertzean... taxien zain akaso?
Bai, baina taxirik ez dabil, edo oso gutxi. Atzo lau lagun hil zituzten taxi batean. Bidaiari bat, gidaria eta haiei laguntzera joandako bi polizia.
Joder!
Muino gehiago bideberriaren bi aldeetara. Txabola koloretsuak, gehienak urdin edo berde. Larre dago dena.
Zergatik dago horren arbola gutxi?
Gaztea nintzenean gehiago zegoen. Eta gure aitak esan dit bere garaian gehiago zegoela. Homelandak sortu zituztenean jende piloa ekarri zuten hona bizitzera. Jende gehiegi eta lan gutxi. Jendeak moztu egin zituen arbola guztiak, berotzeko...
Azienda ere gutxi ikusten dut. Afrika osoa elikatzeko larreak dauzkazue.
Ez daukate dirurik azienda erosteko. Pobreegi dira... Eta zu nora zoaz?
Umtatara esan diot.
Hogei mila biztanle inguru ditu Umtatak. Sarreran aireportu internazionala, Chief Kaiser Matanzima lehendakariaren asmo megalomanoen aztarna. Karrika batzuk ordea, asfaltatu gabe daude. Transkeiko parlamentu-ohiaren eraikina ikustera joan naiz, itsusia itsusirik baldin bada. Ostatu hartu dudan hotelak, hemengo eraikin gehienek bezala, botere-antzezpen lekua izan eta egiaz denera etorritako lekuen luxu erori eta arraildua ageri du; garaien joan-etorriei uko egin eta bereari, botereari, txikia baina txikiagatik ponposoago, eta distirari eutsi nahiko baliote bezala.
Kofiadun neskixak zerbitzatu didan hiru plater-aldiko afari kaskarra irentsi dut: zopa urtsua, makarroiak eta masustazko ez dakit zer bat. Kafea hartzera herriko hotel modernoenera joatea erabaki dut. Bost gizon daude, telebistari begira, Aste Santuko bideberri istripuak zenbat ugaritu diren hizpide. Hiritartu eta oporretara etxera itzulien aire desegokia dute, jada herrian lekuz kanpo, familiaren halabeharrei men eginik etorriak. Barrako bat hurbildu zait mahaira. Autobus gidaria omen da, Johannesburgeko langileak oporretan etxera ekartzera etorria.
Ia gu ere hil gara bideberrian! Langileek lehenbailehen ailegatu nahi zuten, ahalik eta denbora gehiena familiarekin egoteko. Sakon zapaltzeko esanez etorri zaizkit bide osoan. Esan diet, beharrik orain lau aldiz etortzen zareten; garai zaharretan bezala urtean behin etorriko bazinete, seguru hilak izanen ginatekeela denok.
Lehen Gabonetan bakarrik etortzen ziren, ezta?
Apartheidaren garai gogorretan Gabonetan bakarrik. Orain lau bider. Ez dakit zertara, familiarekin egotera edota borrokatzera! Inguruko herri batek Ruanda ematen du. Urteak daramatzate gudan. Emakume eta haurrak herriko dendara hurbiltzen dira, asko eta asko kilometro luzeak eginda, Poliziaren babesean dendan lo egin ahal izateko. Izan ere, denda da guda taldeek errespetatzen duten leku bakarra. Biharamunean, etxera itzulitakoan, batzuek etxerik ere ez dute aurkitzen. Artasoroak ere ez dituzte lantzen, artoen altueraz baliaturik erasotzaileak agertuko direlakoan. Gizonak, bien bitartean, gudan aritzen dira taldeetan antolaturik. Dirudienez, hiru herrixkaren arteko liskarra da, eta agureek jada gogoratzen ez dituzten garaietan hasi omen zen, lurra eta aziendagatik. Eta langile migrariak etortzen direnean, areagotu egiten da guda.
Egunkaria erakutsi dit. Emakume taldea ageri da denda atarian. Dendari colouredak dio: «Gu ere komunitate honetako partaide gara. Bezeroak baino gehiago dira guretako. Babesa errefusatuko bagenie, heriotzara kondenatuko genituzke».
Kanpora atera naiz. Ilun dago herria. Hoteleko argitik aldendu eta ortziari so egin diot. Izarrak, izarrak eta izarrak... horrelako zerurik sekula! Hegoaldeko Gurutzea topatzen saiatu naiz, baina ezin. Izar gehiegi dago.