Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Europako zati bat

 

Braai batera gonbidatu nau Juriek. Braaia arrasoan egindako saiheski-jana baino ez da. Afrikaner kulturaren baitan erroturiko sinboloa izan da, afrikanerrak nekazariak izan baitira ia mende honen erdialdera arte. Suaren inguruan, Jainko Handia eta ortzia lagun, afrikaner kultura goratzen zuten, hizkuntza goraipatzen, kalbinismoa erlijio bakartzat aldarrikatzen, jende 'garbia' taxutzen, kontserbadurismoa indartzen eta, noski, apartheida sostengatzen.

        Baina egun arraza eta klase ezberdinen ohitura bilakatu da braaia. Braaiketan (braaing) ariko zaizkizu larunbat gauean Sandton Johannesburgeko auzune aberatseneko biztanle judutarrak nola Sowetoko pobrerik pobreenak, edo Cape Towngo Manemberg townshipeko colouredak.

        Nelson Mandelak berak ere braai batera gonbidatu zuen Winnie Mandela, National Partyrekin negoziazioak hasi eta etxalde-kartzela batean zegoela. Gorpuak bertan, braai eta braai ariko zitzaizkizun poliziak 1986an, Guguletun ANCko zazpi militante hil ondotik.

        Iritsi gareneko sua eginik zuten parrillan, eta gizonak (gizonen zeregina baita haragia erretzea) inguruan zebiltzan edariak eskuan; emakumeak lorategian sakabanaturik.

        Azal ilunskako neska gazte batekin ondoratu zait Jurie.

        — Hau nire arreba da: Jazzmin, Jazz. Hau: Juanjo, nire lagun espainiarra... Tira, nire lagun euskalduna —zuzendu du berehala.

        — Arreba? Ez duzue batere antzik!

        — Bai, begietan —arrapostu egin du Juriek, bien begi berdeak seinalatuz.

        Juriek edariak ekarri dizkigu eta suaren ondoan haragia erretzen ari diren gizonengana hurbildu gara. Gau osoa beratzen edukitzen dute haragia menda uretan. Suan paratu baino bi ordu lehenago atera eta gatza botatzen diote. Gehiegi egiten dute haragia nire gusturako, baina ona dago.

        Juriek afrikaansez ez dakidala esan eta segituan aldatu dira ingelesera.

        — Kaixo, ni Nico naiz eta hau Peter. Txiste batekin ari ginen...

        — Ezetz asmatu —Peterrek— zergatik dagoen beti irribarrez Steve Wonder?

        — Ez...

        — Ez dakielakoz beltza dela! —algaraka hasi dira.

        — Zer iruditzen zaizu Hego Afrika? —galdetu dit Nicok, haragiari buelta ematen dion bitartean.

        — Ailegatu berria naiz. Eta ezagutu dudan bakarra Hego Afrika zuria da.

        Esan ahala konturatu naiz txistea eginik utzi dudala.

        — Merezi duen bakarra! —bota du Peterrek.

        Zalaparta batean lehertu dira denak.

        — Izan ere, oso kultura ezberdinekoak gara zuriok eta beltzak —xuabe-xuabe ari zait Nico, hegoafrikar zurien irudia zuritu nahian, nonbait—. Haiek ez dute lana eta kapitalismoa entenditzen. Esaterako, ni aseguru konpainia baten bulegoko burua naiz Cape Townen. Affirmative Action bidez sartutako beltza daukat laguntzailetako. Beltza da, jakina. Badakizu zer den Affirmative Action? Zera da: beltzek garai zaharretan ezin zuten konpainietako goi postuetan lan egin...

        — Adimenak ematen ez dielako! —bota du Peterrek.

        — Badakizu hori ez dela egia —muzin egin dio Ni cok—. Beno, ezin zituzten zuriendako gorderik zeuden lanak egin. Gobernu berriak beltzak enplegatzeko programa bat sortu du orain, eta beltzek lehentasuna dute lana lortzeko orduan. Ez daude beharturik, baina programa horri atxikitzen zaizkion konpainiek irudi hobea daukate. Gaur egungo egunkarietako lan eskaintza gehienak programa horri loturik daude.

        — Horrek esan nahi du —eten dio Peterrek atzera—: zenbat eta beltzago orduan eta errazago lana lortzea!

        Haragia egina dago. Platerak ekarri dituzte. Haragia hartu eta belar gainean eseri gara. Gauetze epela egiten du. Hemen nagoenetik lehen aldiz begiratu diot ortziari. Hegoaldeko Gurutzea. Hemen ez dute Esne Biderik.

        — Hator nirekin! —Peter daukat aldamenean barra-barra eginik—. Hator!

        Etxearen aurrealdera eraman nau eta Cape Towngo badia erakutsi dit.

        — Ikusten duk ze edertasun? Munduan ez zagok hau bezain leku ederrik. Hemen bakarrik egiten diagu afrikaansez. Hau duk nire lurra! Zergatik aldegin beharko nikek?

        Egon naiz zerbait esatekotan, baina horretan utzi dut.

        — Gure arbasoek sortu ziaten hau dena. Haiek eraiki ziaten hiri hau, haiek garatu ziaten nazio hau, eta orain... guk, afrikanerrok, ez diagu britainiar jatorrikoek bezala nora aldegin. Hau duk gure lurra!

        Badakit Garunen Ihesa delakoaz ari zaidala. ANC gobernura ailegatu denetik egoera politiko eta sozial 'nahasiak' eragin duen zuri prestatuen emigrazioaz ari zaidala.

        Isildu egin da. Goitik behera begiratu dit.

        — Ez dik merezi —amaitu du, eskuaz zerbait uxatzeko keinua eginez—. Hi europar harroxko bat baino ez haiz —bizkarretik heldu eta lorategira itzuli gara—. Juanjori hiri honen edertasuna erakusten aritu naiz!

        Lehen baino motelago dago braaiko giroa. Jendea etzanda dago belarretan, kukuxumuxuka. Edaria bukatu da. Juriek joateko keinua egin eta altxatu egin gara. Adio esan diegu.

        Jazz arreba etxean utzi eta Jurieren balkoian eseri gara.

        — Begira hori ­Juriek badia seinalatu dit; argiak ñir-ñirka, dorre erraldoiak, autopistak—. Hau Afrika dela iruditzen zaizu? Hau ez da Afrika, hau Europako zati bat da!

        — Afrikako lurraldean.

        — Bai, Afrikako lurraldean, baina Europako zati bat. Zu biziko zinateke Afrikan? —esan dit, zertaz mintzatzen jakin ez dakienari gordetako tonuan.

        — Bai, zergatik ez?

        — Ez dakizu zertaz ari zaren! Zuek europarrok beti berdin. Irakastera etortzen zarete. Eta ez dakizue zer dagoen lehian —ebatzi du Juriek haserre antzean.

        Horrela segitzeraz ederrak aditu beharko ditut. Estrategia aldatuko dut:

        — Aizu, Jazz zure arreba oso guapoa da.

        — Jazz!? —harritu zait—. Azala ilunegia du niretako eta begi zapal horiek ekialdetar airea ematen diote. Ez da nire edertasunaren ereduan sartzen.

        — Benetan da zure arreba?

        — Zer ba?

        — Ez dakit... Ez duzue antzik eta!

        — Esan dizut, begietan... Ez gizona ez, ez da nire arreba. Zuzen zabiltza. Jazz coloureda da. Familia tradizional eta musulmanekoa. Jakinen duzunez, Capeko coloureden %60 musulmana da. Etxetik ihes egin eta nire etxean sortu zitzaidan. Aterpea eman nion. Hura ezkero, nire arreba dela esaten diot mundu guztiari. Afrikaans azenturik gabe ingelesa mintzatzen ikasi zuen, auzune zuri batera etorri zen bizitzera, beloa eta arropa musulmanak alde batera utzi zituen. Hitz batean esateko, zuri bilakatu da. Gehienek ez dakite coloureda dela, eta dakitenei ez zaie inporta.

        — Eta orain ze harreman du familiarekin?

        — Haren aitak hiltzat ematen du.

        — Nobela hegoafrikar bat dirudi. Neska gazte bat, arraza mugak iragan eta zuri bezala bizi dena. Gero umeak beltzak atera eta zuriek arbuiatu eginen dute...

        — Kontu horiek ez dira jada gertatzen. Hego Afrika berrian bizi omen gara.