Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Orotara 1.219.080 kilometro koadro. Bederatzi probintzia autonomotan banatua: Western Cape (hiri nagusia: Cape Town); Northern Cape (Kimberley, Upington); Transkei (Port Elizabeth, East London, Umtata); Kwazulu Natal (Durban, Vryheid); Orange Free State (Bloemfontein); North-West (Mmabatho); Gauteng (Johannesburg, Pretoria); Eastern Transvaal eta Northern Transvaal (Pietersburg).

Azken erroldaren arabera 40'7 milioi laguneko populazioa. Beltzak 30 milioi inguru, 5 milioi inguru zuriak, 3 milioi coloured-ak eta milioi bat-edo asiarrak.

        Beltzak bi talde nagusitan banaturik daude: nguni taldea eta sotho taldea.

        1.— Nguni taldea: zuluak, xhosak, swaziak eta ndebeleak. Zuluek Kwazulu Natal dute herrialdea; zulueraz mintzo dira; beraiek dira identitatea hobekien gorde dutenak. Xhosak asko barreiatu ziren XIX. mende erdialdean; izan ere, Nongqawuse deituriko neska xhosa batek profezia bat izan zuen 1856an: profeziak agindu zuen azienda guztia hiltzea, ezen, handik aurrera, lurrak emanen baitzien azienda eta jateko behar zuten guztia... eta xhosa jendeak azienda guztia hil zuen, haien aberastasun bakarra!; jakina, lurrak lehortea baino ez zien ekarri, eta gosetea hedatu zen; xhosa jendeak hirietara eta beste lurralde batzuetara jo zuen. Ndebeleak Transvaalen bizi dira eta, jatorriz, Zimbabwekoak dira.

        2.— Sotho taldea: leinuaren nazioa Lesotho baldin badute ere, gehienak Hego Afrikan bizi dira.

        Gainontzeko etnia beltzak talde txikiagoak dira: tswanak, jatorriz Botswanakoak; tsongak; vendak, zeinak Hego Afrika, Zimbabwe eta Mozambikeren artean banandurik dauden. Talde hauei gehitu behar zaio khoi-san herria, zeina Cape Town inguruan bizi baitzen kolonizatzaileak ailegatu zirenean. Khoisanak ia desagerturik daude. Gelditzen diren gutxiak Kalahari desertu inguruan bizi dira, mendebaldeko zibilizaziotik erabat aparte.

        Herri hauek guztiek beren hizkuntzak mintzatzen dituzte. Erlijioz gehienak kristauak dira: katolikoak, metodistak, Zion elizakoak. Batzuk-batzuk erlijio kristaua bertako sinesmenekin nahasi dute.

        Zuriek ere bi talde nagusi osatu dituzte:

        1.— Afrikanerrak: holandar kalbinistak eta Frantziako erregeari ihesi etorritako higanoten ondorengoak. Hauek bozkatu izan duten National Party alderdi politikoak ezarri zuen apartheida. Afrikaans-ez mintzo dira, nederlandera oinarri harturik, frantsesaz eta bertako hizkuntzez aberastutako patoisa. Gehienak Dutch Reformed Church elizakoak dira.

        2.— Ingeles jatorrikoak: Hego Afrika Britainia Handiko kolonia bilakatu zenean etorritako kolonizatzaileen ondorengoak.

        Bi talde hauez gainera, zurien artean ere badira talde txikiagoak: juduak, Bigarren Mundu Gerratik ihesean iritsitako Europa erdialdekoak, portugaldarrak, italiarrak eta abar.

        Beltzen eta zurien artean colouredak daude, 3 milioi inguru. Colouredak mestizoak ditugu, eta apartheid garaian aparteko kategorian sailkaturik zeuden. XVII. eta XVIII. mendeetan Holandako Indiar Konpainiak Malaysiatik ekarritako esklaboen eta konkistatzaileen eta esklabo beltzen arteko odol nahastetik sortutako jendea dira colouredak. Afrikaner kulturakoak dira, kolonia garaian beren kultura galdurik, nagusiena hartu baitzuten. Asko eta asko musulmanak dira, nahiz eta katolikorik eta protestanterik ere baden. Dena dela, Cape Town inguruko coloureden artean islama talde ikur bilakatzen ari da.

        Azkenik, mosaikoa bukatzeko: asiarrak, hinduak gehienak, zeinak ingeles kolonizazioarekin batera etorri baitziren. Kwazulu Natalen bizi dira, eta haien hizkuntzak baldin badituzte ere, ingelesez mintzo dira batik bat.