Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Munduko hiririk arriskutsuena

 

Mila eta seiehun kilometro dago Cape Towndik izen ederreko hirira: Johannesburg. Telebistako kazetariek berriak biltzean azentu ezberdinez ahoskatzen dute hiriaren izena: afrikanerrez, zuluz, xhosaz edo ingelesez. Zoragarria da esaten dutenean: «Urlia, SABC katea, Johannesburg!».

        Juriek eta beste askok Johannesburgera zertara noan galdetu izan didate. Han ez dago ezer! Cape Town bezalakorik ez dago! Txiste bat ere kontatu zidaten Jo'burgeko egoera adierazteko:

        «Ali Bacher entrenatzaileak berebiziko cricket taldea bildu omen du 98rako. Jaurtitzaile indartsu eta azkar bat baino ez omen zaio falta. Ibili, ibili omen da begira gainontzeko taldeetan, institutuetan, eskoletan... baina kia, ez du jaurtitzailerik aurkitu. Gau batean CNNeko berriak ikusten ari dela zer ikusiko eta... ikaragarrizko besoa daukan soldadu bosniarra. Soldaduak granada hartu eta zast! 500 metro apartetik, leihotik barna sartu du. Beste bat hartu eta 100eko abiaduran doan autoari jaurti... eta jo! "Morroi hori behar diat" pentsatu du bere baitarako Ali Bacherrek, "hori besoa daukana!". Hego Afrikara ekarri eta cricketa erakutsi dio. Espero bezala, gazte bosniarrak Jaurtitzaileen Sari nagusia irabazi du eta taldeak Liga. Hego Afrikako heroi bilakatu da soldadua, Nelson Mandelak eta guzti zoriondu du. Joan zaio egun batean Ali eta esan dio: "Aizu eskatu nahi duzuna, lortuko dizut". Bosniarrak ez duela ezer nahi, amari telefonoz hots egitea baino ez duela nahi. "Ama!" ari zaio gaztea telefonotik, "Hego Afrikako heroi bilakatu naiz!". "Ez diat hirekin hitz egin nahi!" erantzun dio amak, "hik egin diguk, hik...". "Baina ama, zer egin eta zer eginondo" egin dio arrapostu gazteak, "gailurrean nago!, heroi bilakatu naiz!". "Ez, seme ez " erantzun dio amak zotinka, "hi hor eta guri, une honetan bertan, tiroka ari zaizkiguk, auzoa hondakinetan zegok, ia hiltzeraino jipoitu zitiztean hire bi anaiak, aitari autoa lapurtu ziotek eta hire arreba bortxatu egin ditek aurreko astean". Amak zotinka ebaki du, "ez diat inoiz barkatuko... ez diat inoiz barkatuko Sarajevotik Johannesburgera ekarri izana!"».

        Goizeko hamarretan ailegatu naiz, trenean lo egin ondoren. Ikaraturik, oraingoan, lagun, neskame eta abarren oharpen alarmistak egunkarietako berriez konfirmaturik baitatoz: Johannesburg, izen ederreko hiria, munduko hiririk arriskutsuena da!

        Hego Afrika osotik dator jendea olde izugarrian hiriak eskaintzen dionaren bila, eta hiriak ez dauka nahikoa denendako.

        Erdialdetik abiatu naiz. Harri eta zur. Hau da benetako Afrika. Beltzak, beltzak eta beltzak kale zabaletan, Cape Townen ez bezala. Orain uler dezaket Lwazik zioena, alegia CTk ez daukala beltz kulturarik. Han beltzak gutxiengoa izateaz gainera, hiri erdigunetik bazterturik dauzkate periferiako townshipetara; hemen zuriak dira erdialdetik ihes egin dutenak. Ihes egin hitzaren zentzurik hertsienean. Duela hamar urte-edo Separated Areas Act, arraza ezberdinetako jendea auzune ezberdinetan bizitzera behartzen zuen legea indarra galtzen hasi zenean, beltzak Johannesburgeko erdialde zurira ailegatzen hasi ziren saldoka, eta zurien eraikin erraldoietan jarri ziren bizitzen.

        Hillbrow, non go area diote gida guztiek. Zuriak bizi ziren garaian auzo bohemioa omen zen. Hemen zeuden kafeak, hemen liburutegiak, diskotekak, gau bizitza. Jende gazte zuria, artistak, pintoreak bizi ziren hemen. Hasieran jendea nahikoa ongi nahasi omen zen, baina delinkuentzia zabaldu eta zuriek iparraldeko auzoetara hanka egin zuten ziztu bizian. Orain arriskutsua bilakatu da: droga, prostituzioa, mafia nigeriarra. Azken honetara, ordea, iparraldeko auzo zurietan ere gora egiten omen ari da delinkuentzia... Dirua nora, hara lapurrak!

        Eraikin erraldoiez osatutako kale zabal-zabaletan bizia ateratzeko huskeriak saltzen dituztenak, txabolez osaturiko squatter camp bat plaza batean, autoak, autobusak, hiriaren beste leku batera eramanen duen taxi konbiaren bila jende erlauntza, merkatuak, emakumeak artaburu erreak eskainka, plastikozko kanpin-denda antzekoak, ileapaindegi inprobisatua orrazkera argazkiak atean (rapatu moda dago), ordu erdiro-edo zuriren bat, Home Affair (Barne Ministaritza) eraikinaren atean ilara itzelak, etorkinak erresidentzia lortzeko zain, argazkilariak kamera eskuan «Argazki bat, bra?» galdezka, Coca-Cola deituriko dorrea (suiziden jardun toki) non 257 nazionalitate ezberdineko jendea bizi baita.

        Johannesburg meatzen altzoan sortutako hiria da. Great Trek ondoren, british menpekotasunetik ihesi afrikaner edo boerren Bidaia Handiaren ondoren sortutako hainbat errepublikatako batean, Transvaalgo Errepublikan, hain zuzen, meategiak aurkitu zituzten, eta Pretoria ondoan zegoen Johannes herrixka... Sahara azpiko hiririk handiena bilakatu da.

        Meatzeen jabetzak, jakina, beste guda bat ekarri zuen boer eta ingelesen artean, 1899tik 1902ra iraun zuena. Boerrek sekulako jipoia hartu zuten eta populazio zibilak izugarri sofritu zuen, batez ere emakume eta haurrek, britishek kontzentrazio eremuetan sartu baitzituzten. Guda bukatutakoan Hego Afrikako Batasuna sortu zen, Inperio Britainiarraren menpean.

        Egun Jo'burg Hego Afrikako eta Afrika osoko finantza-gunea da, eta diruaren inguruan baino ez omen da bizi, hemengo batzuek diotenez.

        Jurieri hots egin diot telefonoz, agindu bezala.

        — Zer moduz zure ahizpa Jazz?

        — Arazoak ditu. Zuri batekin maitemindu da eta ez dio kasurik egiten.

        — Coloured delako?

        — Ez, Juanjo, ez. Hego Afrika Zaharrari buruzko nobela gehiegi leitu duzu. Gustatzen ez zaiolako ez dio kasurik egiten. Eta zer moduz Jo'burg?

        — Liluraturik nago. Hau Afrika da, ez CT bezala. Azkenean, asko kostata ere, beltzez inguraturik nago!

        — Badakit —erantzun dit Juriek—. Zergatik uste duzu aldegin nuela!?