Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Martxoko Martxa

 

Hauek dira hauek bidaiariaren erriberak! Jaiki, egunkaria ikasi eta downtownera jaitsi. Autobusa hartu eta Johannesburg erdialdeko karrika zabaletan barna galdu naiz. Erdi turista erdi erromes, Afrikako dorrerik altuenera igotzea erabaki dut, The top of Africa. Argazkiak egin ditut goitik.

        Hego-mendebaldera, han urruti, Eldorado Park, 'garai zaharretan' argia, ura eta zergak ez pagatzea apartheidaren aurkako borroka-arma gisa erabiltzera ohiturik, orain, 'garai berrietan', Sowetoko jende beltz frankok pagatzen ez dituela aitzakiatako harturik, pagatu nahi ez izanagatik Poliziarekin istilutan dabilen township coloureda.

        Erdigunetik hurbilago, Soweto mitikoa, hiru milioi lagunen bizitokia.

        Norabide berean, erdialderago, Riverlea, beste coloured township bat.

        Iparraldera, Sandton, zuri aberatsen auzo erresidentziala, lorategiz inguratu eta alarmez babesturiko etxetzarrak, non familia bakarra bizi den tokian Sowetoko hamaika familia sar daitezkeen.

        Sandton erdian, Alexandra, Hego Afrikako beltzen town ship zaharrena... eta han urrutian, Tembisa, beste township beltza: apartheidaren legeak bertan behera geldituagatik, oraindik ere arraza bereko jendeaz osatutako auzuneak.

        Hemen bertan, Johannesburg erdialdea. Kafe bat hartzera eseri naiz.

        Begiak jaso eta jende multzo handia ikusi dut neoklasiko erako eraikin ofizial kutsuko baten aurrean. Kamareroari galdetu diot zer den.

        — Zuluak dira, IFP Inkhata Freedom Partykoak. 1994tik urtero manifestatzen dira.

        Kobratzeko agindu diot.

        — Manifestaziora zoaz? —galdetu dit, nire abiaduraz oharturik—. Kontuz ibili, zuluak oso jende arriskutsua dira! Manifestazio hori urtero-urtero istilutan amaitzen da.

        — Eskerrik asko. Zainduko dut neure burua eta... bide batez —galdetu diot, etnia ezberdinetako beltz jendea bereizteko ustezko trebeziak emandako ausardiaz—, zu ere zulua zara, ezta?

        — Zulua? Aldegin ezazu paretik. Ni sothoa naiz, sothoa!

        Karrikara jaitsi naiz. Non ote daude? Norabiderik gabe nabil. Udaletxe inguruan behar dute. Hara hurbildu naiz. Oihuak aditu ditut. Polizia asko dabil inguruan eta burdinazko hesiz inguraturik daukate udaletxea. Manifestatzaileak guardasol edo makilekin. Franko tradizionalez jantzirik: diadema antzeko bat lumez horniturik, paparreko koloredunak, larruzko oihalak bizkarrean. Arriskutsuak dirudite. Poliziaren babesean paratu naiz. Nire aurretik pasa dira, garrasi eta dantza: hanka bat goraka lehendabizi, gero bestea, besoak astintzen dituzten bitartean. Paisanoz jantzitako polizia gazte batek pistola dauka eskuan, tiro egiteko prest. Paseante bakanek ihes egiten dute manifestaziotik, zeharkako kaleetarantz jotzen duten gazte saldoak ikusirik. Harrapatu duten guztia hautsi eta barratu dute.

        Kaleko jendearen ustetan, ANC xhosa herriaren alderdia da eta IFP zuluena. Baina uste hori ez da erabat egia: ANCn zulu asko baitago eta zulu ez diren hainbat IFPn.

        Dena dela, bi partiduak bereizten dituen idelogiaz gain, bada Hego Afrikako testuinguruan berebiziko garrantzia duen ñabardura: zuluek beti mantendu izan dute 'identitate' sentimendua: haien kultura eta sinesmenek bizirik diraute, bizitza tradizionala egiten dute herrietan batik bat, erregea-eta onarturik daude Hego Afrika Berrian. Hitz batean, etnizitatean sinesten dute.

ANC ordea multirraziala da, eta ez ditu etnizitatea eta arraza zutabetzat hartzen. Xhosatasuna, zulutasuna, afrikanertasuna edo sothotasuna baino gehiago azpimarratzen du hegoafrikartasuna.

        Inkhata sortu zenetik istiluak izan dira bai Kwazulu Natalen bai Sowetoko 'hostaletan', non etnia ezberdinetako langileak bizi baitira pilaturik. ANCk dio IFPk Poliziarekin bat egin zuela hauteskundeen aurretik, ANCko militanteak jipoitzeko eta hiltzeko.

        Manifestazio burura jo dut. Pankartaren atzean doazenek buruzagiak ematen dute, batzuk arropa tradizionalez jantzirik, beste batzuk mendebaldeko jakez. Izkinan paratu naiz eta grabagailua erakutsi diot bati:

        — Atzerriko kazetaria! Zergatik ari zarete manifestatzen?

        — 1994ko martxoaren 28an ANCren politikaren aurkako manifestazioa egin genuen eta ANCko egoitzaren aurrean geundela tiroka hasi zitzaizkigun barnetik! Hemeretzi manifestari hil ziren! ANCk esaten du hemeretzi lagunak guk hil genituela, baina hori ez da egia, frogaturik baitago dagoeneko tiroek Shell Housetik, ANCko egoitzatik irten zutela. Urtero manifestatzen gara! Martxoaren 28a jai egun nazionala izenda dezaten nahi dugu!

        Manifestariak garrasika eta erdi dantzan erdi lasterka doaz. Eskuetako makila eta guardasolak astintzen jarraitzen dute.

        — Zer da Inkhata Freedom Party?

        Inkhata zulu hitza da, gure partiduko militante gehienak zuluak baitira; zulu monarkia eta herriaren arteko lotura adierazten duen kutuna da, gai metafisikoz betea. Alderdia 1920an sortu zuen zulu erregeak, ANCren altzoan. 1975ean Buthelezi printzeak, oraingo buruzagiak, askapen mugimendu kultural gisa berpiztu zuen. 1990ean bilakatu ginen partidu politiko.

        — Zein da zuen egitasmoa?

        — Estatu federalista proposatzen dugu. Oraingo probintziek autonomia handiagoa izan beharko lukete. Gure probintziak, Kwazulu Natalek, gobernu soberanoa izan beharko luke, modu horretan, Swazilandia edo Lesotho bezalako nazioendako onuragarria izanen litzateke Hegoafrikar Federazioan sartzea. Bertako hizkuntzak bultzatuko genituzke, federazioko gobernu bakoitzak aukera izanen bailuke hizkuntza horiek garatzeko. Guk uste dugu Hego Afrikan, modernitatearen aitzakian, kultura bakoitzaren balore, hizkuntza, eskola sistema eta abarren galera gertatzen ari dela. Hori konpontzeko federalismoa proposatzen dugu, iruditzen baitzaigu gaur egungo autonomia ez dela nahikoa.

        — Inkhata Freedom Partyk ultraeskuindar fama du.

        — Gu ez gara eskuindarrak! Balore tradizionalak zuzpertzearen aldekoak gara. Gure kultura suntsitzen ari dira, eta horren aurrean zer edo zer egin beharra daukagu. Gizartea eraikitzeko orduan Ubuntu hartzen dugu oinarritako. Ubunturekin noranahi joan gaitezke...

        — Zertan dira zuen harremanak ANCrekin? Hauteskunde inguruan ia-ia gudan zeundeten Kwazulu Natalen.

        — Orain bakean gaude... Ez da lehen adina istilurik. ANCk eta 'mintzatzen' hasi diren poliziak esaten ari dira ANCko jendea hiltzeko Poliziarekin nahastu izan ginela, Poliziak ematen zizkigula armak, haiek xaxatzen gintuztela. IFP Poliziak sortu zuela esatera ere ausartu dira. Gezurra galanta! IFPko militanteren batek noizbait norbait hil baldin badu, bere buruaren defentsan izan da.

        Manifestazioa utzi dut. Han doa poliziez eta tanketez inguraturik, paseanteei ihes eginarazi eta karrikak hutsik utziz.

        Biharamuneko egunkaria: Inkhata Freedom Partyren atzoko manifestazioan hiru hildako. Hostal batean hasitako liskarrean hil omen ziren bi meatzari. Bestea, manifestazioan zihoala norbait tiroka hasi zenean. Argazkiak dakartza: gizaki bat, Humphrey Ndlovu, IFPko Gauteng-eko buruzagia, leopardo larruz jantizirik, sakelako telefonotik garrasika ari da zaurituak garraiatzeko anbulantzia eske. Teknologiak eta tradizioak talka dagiten nazioa da hau.

        Beste albiste harrigarri bat Sowetan egunkarian: 1994ko martxoaren 28an IFPk egindako manifestazioari buruz mintzo da Amedo bat, eta seinalatu ditu Eugene de Kock ('hizketan hasi' eta Amedorik Handiena bilakatutako poliziburu-ohia) eta IFPko Gazte Saileko buruzagia. Eta dio, egun hartan IFPk, Poliziaren laguntzarekin, ANCko buruzagitza osoa hiltzeko asmoa zeukala; manifestazioa Shell Housera hurbiltzean, aldez aurretik prestaturik zeuden hiltzaile batzuk egoitzara sartuko zirela manifestaziotik babesteko aitzakiaz. Behin barnean, ANCko buruzagitza osoa, Nelson Mandela barne, akabatzeko prest zeuden. Eugene de Kock, hainbat polizia eta IFPko buruzagien artean atondutako plana bertan behera erori zen, Shell Houseko ateak braust itxi eta barnetik tiroka hasi zirenean.

        Martxoko Martxari buruzko interpretazioak ere anitz dira: IFPrendako, zulu identitatearen ospakizuna da; ANCrendako Inkhata Freedom Partyren (eta ez zulu guztien) harrokeria agertzeko aukera baino ez.

        Egunkariek atzoko hiru hildakoen adierazpenik ez dute argitaratu.