Sangoma
Neskamea daukate zuri gehienek, baita klase ertaina erdietsi duten beltz gehienek ere. Idazle lagun batek esan zidan: «Gaztea zarenean agintzen diozu zeure buruari zerbitzaririk ez duzula edukiko, baina gero sistemak harrapatu eta neskamea hartzen duzu, lorazaina, auto garbitzailea... denetarik; eta azkenean pentsatzen duzu... zer eginen diogu, horrela behintzat familia batek jateko izanen du!».
Apartheid garaian, eta oraindik ere, emakumezko zerbitzari beltzei girl (neskatoa) esaten zieten, gizonezkoei boy (mutikoa). Berdin da zenbat urte, hirurogei urteko emakumea girl izanen da beti, berrogeita hamar urteko gizakia beti boy izanen den bezala. Terminologia hau ez da zuzena gaur egun, baina jendeak elkarrizketetan, hitzen bila ibili ondoren, boy edo girl esaten du azkenean.
Jurieren etxean neskamea nuen eta Gailen etxera aldatzean, bat gutxi ez balitz... bi: 'ofiziala' esanen genukeena, Mavis, eta hura laguntzen duen ahizpa. Badakit berez ez dela Mavis. Beltz gehienek, batez ere apartheid garaian bizi izandakoek, bi izen dituzte: izen afrikarra eta zuriek aise ahoska dezaketen izen ingeles edo afrikaansa.
Zein da zure izena? galdetu diot, apartheidaren kontrako nire borroka pertsonalean saiatuz.
Mavis erantzun dit, «bada hilabete elkar ikusten dugula, eta zertara hator orain galdera horrekin!» esan nahiko balu bezala.
Baina zure izen afrikarra? Ez dit esan nahi. Tira, esaidazu.
Tsmala erantzun dit lotsaturik.
Tsmala xhosa etniakoa da, Transkein jaioa. Ez da, ordea, Transkein bizi, urrutiegi dauka. Guguletun bizi da, Cape Town inguruko txabolez eraikitako townshipean. Handik etortzen da egunero hirira, asteko egun bakoitzean etxe ezberdin batera lanera. Tsmalaren ingelesa nirea baino kaskarragoa da eta zaila da gure arteko komunikazioa. Hala ere, elkar ulertu dugu mila itzulingururekin.
Tsmala zazpi seme-alabaz erditu zen, baina bi baino ez ditu bizi. Senarrak aspaldi utzi zuen (aurrerantzean ezagutuko ditudan neskame gehientsuenei gertatu zaien bezala), eta bakarrik hazi behar izan zituen.
Zenbat irabazten duzu?
Ez dit erantzun nahi izan, baina erraz egin ditzaket kontuak. Guk pagatzen diogunaren arabera pagatzen badiote besteek, 800 rand inguru irabazten ditu. Huskeria bat. Kafe batek 4 rand balio ditu-eta.
Sukaldean ari da lan eta lan... Komuna garbitzen haren ahizpa.
Eta nongoa zara zu? galdetu dit Tsmalak.
Spain esan diot, Euskal Herria non dagoen azaltzeko zailegi izanen delakoan.
Han jende beltzik bada?
Ez. Bat edo beste bai, baina oso gutxi.
Ez dago Amerika inguruan? harritu egin da.
Ez, ez. Badakizu non amaitzen den Afrika iparraldean? Ba hantxe.
OK esan dit, ulertzen duelako keinua eginez; baina Spain non dagoen ez duela ulertu konturatu naiz.
Hitz eta pitz harrapatu gaitu Gailek, bostak aldera sortu denean. Gabonak dira eta Gabonak hemen ipar hemisferioko abuztuaren antzeko dira. Opor usaina.
Transkeira noa oporretan aipatu dio Tsmalak Gaili. Hurrengo bi asteetan ahizpa bakarrik etorriko da lanera.
Ni ere oporretara noa adierazi dio Gailek, datorren astean bertan. Juanjo da etxean egonen den bakarra, hortaz, galdetu hari garbitzera etorri behar duzun ala ez.
Beno, beharbada hobe hurrengo astean etortzen ez bazara esan diot Tsmalaren ahizpa izengabeari; hurrengoaren hurrengoan etorri.
Abenduaren 28an? egutegia atera du poltsikotik.
Hori da.
Komunera sartu dira eta aldatuta irten. Badoaz. Aldegin dutenean esan dit Gailek:
Badakizu Mavis sangoma dela?
Zer?
Sorgin-mediku-buruzagi antzeko batzuk dira sangomak.
Jendeak haiengana jotzen du gaixo dagoenean edo etorkizuna jakin nahi duenean edo... Afrikar gehienek 'mendebaldeko medikua' eta sangoma dituzte. Sangomek gaixotasunak sendatzen dituzte, amodio galduak berreskuratzen lagundu, begikoak uxatu, animen aurka borrokatu, etsaien aurka babestu eta abar. Mavis oso pertsona inportantea da bere komunitatean, nahiz eta, hemen, etxea garbitzen duena baino ez izan.
Abenduak 28 ditu. Bakarrik utzi naute etxean. Badakit gaur Mavisen ahizpa etorriko dela etxea garbitzera. Bederatziak aldera jaiki naiz. Non ote dago emakume hau? Beste batzuetan hemen izaten da ordu honetarako. Berandutzen ari da. Ogia eta Cape Times egunkaria erostera irten dut. «Hirugarren Indarraren berri bazekiela ukatu du De Klerk presidente-ohiak. Apartheid garaian beltz populazioa eta beltzen aldeko eskubideen alde borrokatzen zirenak beldurtu eta zigortzeko, ustez Poliziaren kuarteletan eta Gobernuaren oniritziarekin antolaturiko Hirugarren Indarraren berri...».
Itzulitakoan ikusi dut lehen irteterakoan ikusi ez dudan oharra. Letra biribilez idatzita dago, nirea baino ingeles traketsagoan:
«Gizon espainiarrari: Zuk esan gaur etortzeko. Ni etorri naiz. Haizeak gogor jotzen eta euria eta euria. Ordu erdi baino gehiago egon atarian zure esperoan eta zuk ez atea ireki ere egin nahi. Non dago zure hitza? Eskerrik asko nire denbora eta dirua alferrikaltzeagatik».
Berriz leitu dut. De Klerk bat bezala sentiarazi nau.