Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

33

 

Doi bat aitzinatzearren unibertsitateko lana, Komandantziako liburutegian alferkerian galdu zuen goiz partea Martinek, jakinki ez zuela deus eginen, beste toki batean zeukalako gogoa. Gelak ez zuen argi naturalik, karratua zen; erdian mahai luze bat, hormak apalategiz beterik. Bigarren Mundu Gerrari zegozkion hiru liburu hartu zituen. A soldier’s story of the Allied campaigns from Tunis to the Elbe, by Omar N. Bradley, 1951. Wings for Peace, by Bonner Fellers, 1953. The Rommel Papers, by Basil H. Liddell-Hart, 1953. Aurkibideak begiratu zituen, ohartxo batzuk hartzen hasi zen, irakurri zituen hiruretatik pasarte luze bana, aspertu egin zen, laster tripa-zorriak eginen zitzaizkiola gaztigatu zion erlojuak, alde egin zuen Luisen bila, ez zuen inon kausitu, eta etxera joan zen presarik gabe.

      Ohe azpian utzia zuen maleta beste nonbaiten ezkutatzea otu zitzaion. Baina non? Irtenbideren bat eman beharko zioten dirutza hari. Ezin zuten Aurrezki Kutxara joan eta leihatilakoari esan, “Egun on! Milioi bat sartu nahi dut nire kontu korrontean, hemen daukazu” . Diru garbia izanen balitz ere, susmagarria zatekeen. Bestalde, kantitate handiegia zen Euskal Jai frontoian garbitzeko; Raul lesionaturik zegoen gainera, baina ongi pentsatuta, erremontista ez egotea aukera bikaina ere izan zitekeen. Koltxoipean sartu zuen dirua, iritsiko zen partiketak egiteko tenorea.

      Santo Domingoko azokatik heldu zen Irene, bi poltsarekin.

      — Goiz habil.

      — Gaur ez didate mandaturik eman.

      — Hasi mahaia jartzen, bazkaria ia prest zagok.

      — Zer daukagu?

      — Orburuak txirlekin, hire gustukoena.

      — Mila esker, ama.

      Martin bera harritu egin zen Ireneri lehen aldiz “ama” esan ziolako inpentsan. Emakumeak ez zuen esperoko, baina ez zuen zirkinik egin. Jaten hasi ziren.

      — Zer moduz Esther?

      — Ongi ez. Eta Zabaleta bere onetik aterata.

      — Zer dela-eta?

      — Ezin diat argibiderik eman. Giro txarra zegoan txaletean. Sukaldeko desmasiak garbitu eta itzuli egin nauk. Lapurreta izan dela asteburuan, hori bakarrik jakin diat. Zezenaren pare ibili duk marruka, gauzak falta omen dituk sotoan.

      — Eta Madrilera joan al da?

      — Martin... zertan zabiltzate?

      — Kontatuko dizut bihar. Orain neska batekin geratu naiz kafea hartzeko, iluntzean afaria daukat amerikanoekin, eta berandu ailegatuko naiz gauean.

      Martin berriz harritu zen bere buruarekin, lehen aldia zelako Ireneri neska konturik agertzen ziola.

      — Hoa ba. Jantzi alkandora berria eta garbitu zapatak.

      Bezperan Osasunak 8-0 irabazi baitzuen Zaragozako Arenasen aurka, La Hoja del Lunes leitzen ari zen Tres Reyes hoteleko zerbitzaria, bazkalondoan ia hutsik zen kafetegian. Giseleri laket zitzaion mahaian eseri zen Martin, leiho aldamenean, handik begiztatu ohi zituzten dendetara lanera zihoazenen ibilera presatuak astelehenero. Beti bezain zorrotz, orduari minutu erdia kenduta iritsi zen Gisele, tergalezko galtza zabalez eta bularrak goititzen zizkion sueter estu lepo luzeaz.

      — Dena ongi?

      — Bistan da. Te bat, ezta?

      — Baiki.

      Martinek kikara eta pitxer txikia zekartzan unean, taxi batetik irten zen emakumezko baten zetazko zapi koloretsuari so harrapatu zuen Gisele.

      — Datorren astean hire urtebetetze eguna dun —esan zion Martinek.

      — Elkarrekin bazkalduko diagu.

      — Hik agindutako tokian.

      — Kontent ikusten haut. Horren ederki atera al da dena?

      — Ezin naun kexatu.

      — A ze jira-bueltak eman dituzuen azken egunotan! Ez didak ezer kontatu behar?

      — Noraino azaltzea nahi dun?

      — Ez diat xehetasunik behar — Gisele muzindu egin zen pixka bat—, hobe ezer ez jakitea.

      Martinek eskuak ferekatu zizkion, uros eta bihurri, titiei begirik kendu gabe. Giselek igarri zion zertan pentsatzen ziharduen, baina ezin zuen susmatu zer kontatu behar zion.

      — Dirutza feriatu dinagu.

      — Baita zera ere!

      — Hiru lagunen artean banatu ondoren ere, pisu bat erosteko edo negozio bat jartzeko bezainbat.

      — Ez niri adarrik jo.

      — Ez nabilen txantxetan.

      — Aberastu egin haiz orduan.

      — Ez naun lander bat.

      — Seduktorearena egin beharrik ez daukak nirekin —trufatu zen Gisele.

      — Casa Marina uzteko plana aipatu izan didan noizbait...

      — Txakur-ametsak.

      — Iruñeko linjeria-denda ederrena izateko moduan hengoke.

      — Zer esan nahi duk, niregatik egin duala?

      — Hein batean bai.

      — Baina hik zer uste duk? Ez ditiat gauzak hire erara sekula eginen. Ez gaituk bikotea.

      — Errietarik gabe, Gisele. Adiskideak gaitun. Laguntza behar izatera, nirekin fidatu beti.

      — Pentsatuko diat —esan zion ahalkez.

      — Nik pentsatu dinat hire urtebetetzeko oparia.

      — Zer da?

      — Sekretua!

      Martinek bilogorriaren ezpainak bilatu zituen, baina hark atzera egin zuen. Momentua bazen; tokia ez, ordea.