17
Pedrotxo Carlos III.a etorbidearen hasieran utzi eta Komandantziara abiatu ziren Martin eta Luis. Lizarra kalearen inguruan jende aldra sumaturik, kuartel hustu berrien artean aparkatu zuen Martinek.
— Eta orain zer? —aharrausika ari zen Luis.
— Zain edukiko diagu Pete. Eta ez ahantzi Salvatoreri omenaldi bat zor diogula.
— Arrain ona zirudik Salvatorek.
— Eta ingeniari aparta, nonbait. Salvatore duk sinfonierrari atzealdean ezarriko diogun tramankulua egiteko gure gizona. Profesional bat behar diagu.
— Baina parte hartu nahi ez badu?
— Arriskatu beharra zagok. Casa Marinan limurtzen badugu, lagunduko ziguk.
Patrikara eraman zuen eskua Luisek. Beste gastu bat gehiago.
Errodajekoek zuten hartua Lizarra kalea, Londres irudikatzeko. Ibilgailuak, kamerak, mugimendua zen nonahi. Mahai luze batek zedarritzen zuen filmazio tokia, eta haren inguruan iruindar andana zegoen pilatuta, bazen han nahiko motibo jendea erakartzeko: tea, kafea, pastak, opilak eta likore botilaren bat. Gerora frogatu ahal izan zutenez, dena doan.
Produkzioko teknikariak telefono kabina gorri bat plantatzen ari ziren Kuartel Zaharraren aitzinaldean. Martinek teknikarien multzoan begi eman zuen Pete Domezain.
— Zer gisa? —Petek kafe kikara bat hartu zuen, Martinek eskainia.
— Laguntzera gatoz, beti bezala.
— Ia zereginik ez dugu hemen. Surik gabeko eszena da hau.
— Orduan gurekin afalduko duzu arratsean?
— Zuekin afalduko dugu, bai, Salvatorek eta biok.
— Ongi da, hemen al dago?
— Hortxe, telefono kabina atontzen.
Italiarra Picadilly Circusetik ekarria zirudien kabina gorriaren ondoan zegoen makurturik. Teknikarien saldotik zertxobait aldentzeko eskatu zion Martinek Domezaini.
— Ziur aski zuen laguntza beharko dugu gaur gauean...
— Gauean ez al ditugu ba afari legea eta ondoren Casa Marinara bisita?
— Baiki, baina lan bat egiteko beta ere hartu behar genuke.
— Zer lan dugu ba?
— Ingeniari batendako lana. Eta hura artisaua bada, hobe. Tramankulu bat egin nahi dugu.
— Gaur bertan? Baina zer tramankulu gero!
— Utzidazu zure libreta, ea asmatzen dudan txukun antzean marrazten.
Txaleteko gelaren distribuzioa zirriborratu zuen orrialde batean; sinfonierra hurrengoan. Tiraderak eta bi maleten kokapena ahalik eta zehaztasun handienarekin marraztu zituen, eta azkenik, tiraderei eusteko bururatu zitzaion mekanismoa. Martinen azalpenak entzun bitartean Domezainek baiezkoa egiten zion buruarekin.
— Alua! Hiri bururatu al zaik hau guztia?
— Goiko maletak behekoa ordezka dezan behar dugu tramankulua. Txaleteko jabea ez da bihar arratsaldera arte Iruρera iritsiko. Horrexegatik, bihar eguerdirako egon behar du prest mekanismoak.
Petek jakaren ezkerreko poltsikoan gorde zuen bere libreta.
— Salvatore duk zuen gizona. Alanbre batekin edozer gauza egiteko gai duk.
Martinek ez zion kontrakorik esan, hura baitzen espero zuen arrapostua. Garbi zegoen Domezainen laguntza izanen zutela italiarra konbentzitzeko. Kezka bakarra zuen: italiarra ez ote zen akiturik geratuko Casa Marinan eskainiko zioten festaren ondoren.
Martinek ukondoa sartu zion saihetsean Pete Domezaini, Kuarteleko atari nagusitik Gendulain kapitaina irteten ikusi zuenean. Militar amerikarren antzera jantzita zetorren.
— Makillatu berria, ezta? —esan zion Petek.
— Bai. Arraro sentitzen naiz —Gendulain kapitainak Estatu Batuetako Armadaren ikurrak erakutsi zizkion paparrean.
— Ez da azken aldia izanen. Bihar Ultzamako eszenak ditugu.
— Badakit, bai. Baina luze joko al du biharkoak? Arratsalderako libratu nahi nuke.
— Ez dut uste sobera luzatuko garenik.
Horretan ari zirela hurbildu zitzaien Luis soldadua. Gendulain kapitainak aitaren traza hartu zion mutilari begialdean eta sudurrean.
— Zer moduz etxekoak?
— Ongi denak, kapitaina. Esker anitz.
— Neke aurpegia daukak. Ez al duk lorik egin? —galdetu zion Gendulainek, gurasokeriaz.
— Galtza bete lan ibili gara. Ea asteburu honetan atseden pixka bat hartzen dugun. Gainera, kapitaina, ia astebete daramagu Unibertsitatera agertu gabe...
— Praktika hauek baliagarriak izanen zaizkizue karrerarako.
— Zalantzarik gabe, kapitaina —elkarrizketan sartu zen Martin, Gendulainen aurrean tenteturik—. Baina asteburu honetan praktikari baino teoriari ekin behar genioke.
— Ongi da. Ikusten baduzue, goraintziak eman Don Lucianori nire partetik. Hark jakinen du zuen ahalegina aintzat hartzen. Ez du izanen Unibertsitate guztian zuek baino adituagorik Bigarren Mundu Gerraz.
— Hala izan dadila, kapitaina. Berak epaituko ditu gure karrera bukaerako proiektuak.
— Tira, utzi behar zaituztet. Munduaren norabidea aldatuko duen deiaren aiduru naukazue!
Etorri baino martzialago joan zen Gendulain, bere jantzietako ikur militarrak agerian. Luisek pasta bat hartu zuen jakien mahaitik.
— Pailazo halakoa! —bota zuen Petek, gazteek bakarrik entzuteko moduan.
Teknikariek plantatua zuten ordurako telefono kabina. Salvatore bilatu zuen aetzak. Eta italiarrak segituan ulertu zuen zein zen Domezainen nahia. Bakarrik jardun zuten biek ordu laurden batez, teknikarien multzotik aparte, Martinek Peteren libreta gorrian marraztu zituenei buruz. Salvatorek aise ulertu zituen zirriborroak, eta oharren bat ere markatu zuen orrialdeetako batean.
— Zer esan du? —galdetu zion Martinek Domezaini.
— Ordubete barru Mendi pentsioan.
— Orduan, prest al dago?
— Hala ematen du.
— Eta ulertu al du nolakoa izan behar duen gure mekanismoak? Egingarria ote da...
— Baietz esanen nuke.
— Beraz, gaur ere gaupasa! —hasperen egin zuen Luisek.
— Zuek bai, baina nirekin ez kontatu. Zuekin afaldu eta hotelera noa zuzenean. Bihar Ultzamarako asmotan gara. Salvatorek lagunduko dizue gauean. Bestalde, ez zaizue gaizki etorriko nik Gendulain kapitaina eta besteak kontrolpean edukitzea Ultzaman.
— Ez harritu horiek gugandik hurbil badira gaur gauean—Giselek esandakoak zeuzkan gogoan Martinek—. Casa Marinan azalduko dira agian.
— Ez dut uste. Diru kontu garrantzitsuak dituzte asteburu honetan —irri egin zuen Petek—. Ez daude parrandarako.
Martin pentsakor geratu zen amerikanoaren hitzak entzundakoan. Gasolindegiko bidoiak, Ultzaman biharamunean garaiz bukatu nahia, txaleteko Zabaletak Estherri agindutakoak... Gendulainen kuadrillak bazuen mugiroa astebururako... Pete Domezainen babesa ez zen soberakoa izanen...
Baina une hartan tramankulua prestatzeak zuen lehentasun osoa. Hausnarretik atera eta Luisengana zuzendu zen.
— Goazen bizkor Pedrotxorengana.
— Hik daukak ezin egona, kopon!