21
Kanpotik ez zen zirkinik sumatzen Joxemielen tailerrean. Eskailerak eta hiru tranpal jaitsi zituzten. Zurgindegietako usaina. Garbitu gabeko txirbiletan sartu zitzaizkien oinetakoak. Ez zen inor ageri, baina asotsa zetorren nonbaitetik. Oholtza batek zedarritzen zuen lokalaren gibelaldea. Hura mugitu eta han kausitu zuten Pedrotxo, egurrezko egitura bat kolaztatzen.
Inguruari erreparatu zion Martinek. Uhal zatiak, tiraderen zurezko oholak eta burdinazko hiru bola zeuden lan mahaian barreiaturik.
— Sono piccoli —ebatzi zuen Salvatorek, bolak eskuartean erabili ondoren.
— Zer dio?
— Txikiegiak direla. Txirrikaren kontrapisua egiteko dituk bolak, eta dirudienez mekanismoak ez dik sobera indarrik izanen bi maleten pisuari eusteko.
— Eta non da Joxemiel? —kexatu zen Martin—. Aldapa tabernan oraindik?
— Musean aritzea erlijioa duk horrendako —Pedrotxok xafla mehe bat hartu zuen—. Baina lasai, etortzekoa duk.
— Haren bila noak.
— Hago hemen —geldiarazi zuen Pedrotxok—. Prest diat maletaren estalkia. Ipin itzak billeteak bere tokian, ea ze itxura duten.
— Zer estalki?
— Salvatoreri bururatu zaiok soluzioa. Estalki bat diseinatu dik gure maletaren barnerako, hauxe berau, maletaren azalera baino txikixeagoa den xafla hau. Hamar multzo kabituko liratekeenez, mila pezetako hamar billete behar ditiagu; eta nik lau besterik ez zauzkaat.
— Milakotan beste bost baditiat nik —esan zuen Martinek, Luisi begira.
— To, hamargarrena —atera zuen Luisek konfiantzarik gabe—. Baina nola paratuko dituk billeteok? Ez ditiagu badaezpada ere xafla gainean itsatsiko...
— Beste modurik bururatzen al zaik? Tira, banoak Joxemielen bila!
Martinek lasterka egin zuen Carmen kaleko zurgindegitik Aldaparako tartea. Itxita zegoen tabernako atea. Bi bider jo zuen, apal aurrena, gogorrago gero. Gizenkote batek ireki zuen.
— Zer arraio!
— Zurginarengana nator.
— Eta nor haiz hi?
— Utzi pasatzen! —esan orduko barnean zen Martin.
Barraren aldameneko mahaian hiru gizon eserita.
— Joxemiel?
— Ni nauk —Martini bizkarra ematen ziona mintzatu zen.
— Pedrotxok bidali nau. Zure laguntza behar dugu.
— Txiko hau akitu ondoan. Bina gaituk.
Joxemielen kidea izan ezik, denak ziren pareen jabe. Gizenak enbido jo zuen. Zurginak mahaia aztertu eta arerioen hamarrekoak seinalatu zituen.
— Kanpoan zaudete. Beraz, hordago —bota zien.
Errege bat eta hiru bosteko erakutsi zituen gizenak mahai gainean.
— Akabo! —amaitu zuen zurginak.
Bi biko eta bi zazpiko atera zituen, dupleak.
— Azken erronda zuen kontura —mahaitik altxatu zen Joxemiel eta, alde egin aurretik, brandi botila bat hartu zuen barra barneko arasatik—. Gasolinarik gabe ez dago lan egiterik.
Zurginaren pausoen atzetik abiatu zen Martin. Bizkarrez hitz egin zion:
— Orduan, hi haiz Pedrotxoren lehengusua?
— Bai. Burdinazko pieza bat falta zaie tailerrean.
— Ni zurgina nauk, burdina soldadutzan bakarrik ibili nian.
— Baina agian zuk...
— Pedrotxok presaturik zabiltzatela errepikatu zidak behin eta berriz. Ez duzue lan makala!
— Nahitaez akitu beharra dugu.
— Gaur gauean bertan, ezta? Hala ulertu zioat Pedrotxori.
— Hori da, bai. Esanen duzu zer zor dizugun.
— Moldatuko nauk hire lehengusuarekin, hi ez kezkatu.
Carmen kaleko tailerrean sartu bezain laster larruzko kutxa bat hartu zuen ezkerraldeko apalategitik. Oholtzaren atzean Pedrotxo eta Salvatore erabat emanak zeuden tramankuluaren egitera. Luisek albo batean eserita jarraitzen zuen haien bien ahalegina.
— Gabon. Zeren premia duzue ba? —larruzko kutxa zabaldu zuen Joxemielek.
Dozena erdi edalontzi txiki ziren barnean. Brandiz bete zituen pare bat. Pedrotxok eta Salvatorek onartu egin zuten zurginaren gonbita eta klikol bakarrean hustu zituzten kopatxoak.
— Ba al daukazu hauetako handiago bat? —Pedrotxok burdinazko bola bat erakutsi zion zurginari.
— Ez zakiat. Bazter horretan duzue Martinikorenaren tailerretik feriatu nuena. Hor ezer topatzen ez baduzue, akabo!
Luisek eta Martinek ere trago bana edan zuten. Burdinazko piezaren bila zebilen Salvatore. Pedrotxok tramankuluaren uhalak eta tiraderen beheko oholak lotu zituen. Joxemielek uhal batetik tira egin eta gora egin zuen burdinazko bolak.
— Baina erranen al didazue zer behar duzuen zehazki?
— Pisua da arazoa —adierazi zion Pedrotxok—. Bola hauek txikiak dira, ez diote pisuari eutsiko.
— Orduan, paratu beruna burdina beharrean.
Joxemielek kartoizko kaxa bat inguratu zion Salvatoreri, eta honek berunezko bola bat eskuratu zuen barnetik.
— Sono proiettili di piombo!
— Gerra nonahi gurean —bere gisako itzulpena egin zuen Pedrotxok.