Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

4

 

Jatetxeko aparkalekuan utzi zuten Martin.

      — Ordu bietarako bueltan izanen gara —kopilotuaren eserlekutik ari zen Pete Domezain—. Prest egon dadila mahaia.

      — Nire kontu. Ez kezkatu. Zure zerbitzuko gaude gu —Martinek bere buruaz harro agurtu zituen Luis eta Aezkoako amerikanoa; dena behar bezala gertatzen ari zen, eta gertatu behar zuena gertatuko zen.

      Bederatzi auto zeuden aparkalekuan, basozainen land rover zahar bat horien artean. Ostatuan kamioilari batzuk ziren barraren bueltan. Martinek zuzenean jo zuen jantokira, aldameneko mahaian eserita zegoen basozaina, eta Martinek bere kolkorako: “Zortekoa ni!”, Bakedaoko Andres baitzen, Pedrotxo baino hamabost bat urte nagusiagoa baina lehengusuarekin aspaldi txama egina zuena.

      — Goiz etorri zaizu gosea! —basozainak mahai gainean zeukan ardo pinta seinalatu zuen Martinek.

      — Zer gerta ere, hobe lehenbailehen.

      — Jeneralaren aginduak dakarzkizut. Lan erraza: haritz bat markatu beharra dago Barga inguru horretan, baina berantenez biharko botata behar du. Segituan joanen bagina...

      — Ez sabela berdindu arte.

      — Nahi al duzu lanak neronek aurreratzea?

      Sardexka ogiaren ondoan utzi eta begira jarri zitzaion Andres:

      — Honetan ez duk inor zorabiatuko, ezta?

      — Lasai, haize fina dabil gaur. Hara! Ez daukat nola joan eta utziko al didazu zure land roverra?

      Patrikan sartu zuen eskua gizonak.

      — To, eta azkar bueltan.

      — Ordu erdi barru hemen naiz, bertan bazkaldu behar dugu-eta.

      — Piura horrekin filmekoa haizela pentsatuko ditek.

      — Horrexetan ari gara.

      Arin ibili nahi zuen, haritza markatu eta Irubide jatetxean behar zuen Pete Domezain eta Luis itzultzen zirenerako, eta bide batez lehengusua abisatu. Pedrotxok ia egunero Zudairiko Irigoyen hostalean hartzen zuen kafea. Amerikanoa iritsi aurretik telefonoz deitu eta mandatua utziko zion.

      Urbasako errepidea utzi eta pistatik abiatu zen berriz ere. Behor gorrikarak larrean barrena urrundu ziren. Jeep batekin topo egin zuen bide bazterrean. Espainiako Armadakoa zirudien. Aurrera segitzea otu zitzaion, baina parean jarritakoan land roverra gelditu eta jeeparen barrualdea gainbegiratu zuen: kopilotuaren eserlekuan mapa bat zabalik. Ikusia gorde eta aurrera segitu zuen. Maite zuen gain haietan gidatzea, eguzkiak arrunt berotzen ez zuela.

      Zabalgunera ailegatu baino ehun bat metro lehenago loka jarri eta motorra itzali zuen. Ahalik eta asots gutxien atereaz hartu zituen aizkora eta zuhaitza markatzeko behar zituenak atzeko atetik. Isil-gordean hurbildu zen zabaldiaren hasierako ertzera. Ez zuen inor sumatu. Azkar egin zuen haritza markatzekoa, sabelak gosea salatu zion land roverrean sartzean. Pistatik bueltan zela, ez zuen jeeparen arrastorik ikusi. Errepidea hartu eta zuzenean jo zuen Irubiderantz.

      Andres basozaina ostatuko barran zegoen ordurako.

      — Egina —Martinek eskura eman zizkion giltzak.

      — Ezer hartu nahi al duk? —basozainak gogotik tiratzen zion puru piztu berriari.

      — Ez, estimatuta dago.

      — Nola abisatu behar duk Pedrotxo?

      — Hostalean utziko diot mandatua telefonoz, Irigoyenen.

      — Zudairitik pasatzeko asmoa diat. Neuk erranen zioat haritza non den.

      Martinek duda egin zuen lipar batez.

      — Nahi duzun bezala —baina Martinek inoiz baino argiago zuen berak ere gaztigua pasatu behar ziola lehengusuari.

      Telefonoaren kontagailua jartzeko eskatu zion zerbitzariari, Irigoyen hostaleko zenbakiak markatu eta segituan hasi zen hizketan:

      — Martin naiz, Pedrotxoren lehengusua. Esaiozu, faborez, zortziak alderako zuenean egon dadila. Eskerrik asko.

      Basozainak berriz gonbidatu nahi izan zuen gaztea.

      — Kafea hartzen dudan bitartean hik edanen duk ardo bat.

      — Ez ba, egun luzea dut gaurkoa. Ez dut arraildurik akitu nahi.

      — A ze batailak antolatzen ari zareten larraitzean! —basozainak ezagun zuen solasa nahi zuela.

      — Batailak? —harritu plantak egin zizkion Martinek.

      — Bai, bat beharrean bi. Batean tankeak, bertzean kanoiak. Orain Albertoren tabernan diat hitzordua haiekin, ingelesak omen dituk. Zuek amaitu eta bertze horiek hartuko ditek larraitza.

      — A! Cromwell.

      Martinek ikusiak zituen antzinako kanoiak pilotalekuan. Andiako markesaren jauregian ostatu hartutako turistek argazkiak ateratzen zituzten haien aurrean. Urbasa mundu bat zen egun haietan. Patton filmatzea amaitu gabe, hor ari ziren Ingalaterrako erregeari burua moztu zion militar errepublikarraren bizitza pantailara ekarriko zuen beste pelikula bat prestatzen. Ordurako, Oliver Cromwell grabatzen hasiko zirenerako, soldaduska amaituta izanen zuten bai Luisek bai Martinek; baina nork jakin, menturaz beste produkzio horri ere etekinik atera ahalko zioten. “Ez dadila militarren emaria agortu”, pentsatu zuen gazteak.

      — Amerikarrak, alemanak, ingelesak, irlandarrak... —Martin inorentzat ariko ez balitz bezala mintzo zen—, armada guztiak bildu zaizkigu Urbasa aldean.

      — Karlistek ordea... —puruari kea ateratzen segitzen zuen basozainak—, aurki denei aurrea hartuko zietek karlistek.

      — Txapelgorriak ere pelikula egitekotan al daude ba?

      — Urbasan ez, Jurramendin —Andresek barnera egin zuen irri, ia eztul bat izan zen.

      Martinek ahaztuta zeukan maiatzeko lehendabiziko igandea. Espainia osoko karlistak Estellerriko Jurramendin biltzen ziren erromerian. Nerabe zelarik, Iruρera ikastera joan baino lehen, ibarreko gazteak Zudairiko kolonietan biltzen ziren maiatzeko lehen igandean eta Monico karlista zaharraren agindupean igotzen ziren mendira. “Eutsi tradizioari!” izaten zen haren oihua. Gazteentzat igandea herritik landa igarotzeko aitzakia zen hura, eta bidenabar arratsalde partean Lizarran aitzur galanta harrapatzeko tenorea. Iluntzean, berriz, Urederra autobusak proban jartzen zituen gazte nerabeen sabelak, urte batean ez bazen hurrengoan denek egina zuten goitika etxera bueltako txangoan. Denak, Pedrotxok izan ezik. Martinek ez zuen gogoan lehengusua trantze horretan inoiz ikusi izana, ez garai hartan ez ondoren ere. Sekulako masadera zuen mutilak sabelean.

      — Eta zu, Jurramendirako asmotan al zara? —Martinek bazekien zer ihardetsiko zion Andresek.

      — Ni Jurramendira? Bai, to! Beltza zaramat nik txapela.

      — Eta betiko gainera —xaxatu zuen Martinek.

      — Aztoratuta zabiltzak handiuste horiek. Eta arrailtzen direnean ez ditek ezer errespetatzen.

      — Karlistak aztoratuta, zergatik?

      — Madrilek ez omen ziek kasurik egiten. Atzo hor ari zuan Monico zaharra Irigoyen hostalean, errege familia kanporatu dutela eta kupoa igoarazi nahi digutela eta kristorenak erraten.

      — Kupoa?

      — Badakik, batzuei patrika ukituz gero, akabo —eta ke bafada bat bota zion Martini muturrera, itotzeko modukoa.