Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

3

 

Autobus bat heldu zen Uranga garajearen aparkalekura. Ateak ireki eta filmaziokoak hasi ziren jaisten, haien artean Pete Domezain.

      — Frantzia zeharkatzeko listo? —agurtu zuen Martinek.

      — Aurretik armada prest ote den jakin behar.

      Amerikanoak libreta gorri bat atera zuen txalekotik eta ibilgailuen inguruan zeuden hiru gizonei etortzeko deia egin zien. Produkzio taldeko teknikariak ziren. Martin ez zen sobera urrundu, ikusi ahal izan zuenez, krokis modukoak zirriborraturik zituen libretan, eta krokis horietako bat seinalatzen zien atzamarrarekin han eta hemen. Martinek ez zuen gauza handirik entelegatu, salbu eta Domezainen ezpainetatik trak, trak, trak soinua ateratzen zela etengabe. Irakurtzeko adina bazekien ingelesez; baina entzunez amerikanoei ulertzeko, komeriak. Petek libreta itxi eta eskuaz Urbasa aldeko eremu bat seinalatu zien hiru teknikariei.

      Bizi-bizi, aldamenean zuen Luisi giltzak eman zizkion Martinek.

      — Agudo! Ekar ezak gure jeepa!

      Eta segituan, libreta eskuetan zekarren amerikanoarengana hurbildu zen.

      — Plazer baduzu, geuk eramanen zaitugu.

      — Ez da beharrezkoa, teknikariekin joanen naiz.

      Luisek bi gizonen aurrean gelditu zuen jeepa, katu bat harrapatu nahian atzetik zihoakion zakurra zapaltzeko puntuan.

      — Gurekin azkarrago iritsiko zara —esan zion amerikanoari—. Nekez topatuko duzu inguru hau gu bezain ongi ezagutzen duenik. Neguko maniobrak Urbasan egin ditugu.

      Gezurrak esaten ez zegoela Martin baino trebeagorik etorri zitzaion Luisi, baina bazekien kontu hartan arrazoi osoa zuela: Martinek ongi ezagutzen zituen paraje haiek, umetatik.

      — Ez al duzue ba beste zereginik?

      — Gure kapitainaren agindua da: gu zure zerbitzuko.

      Martinek jeeparen atea zabaldu eta sartzera gonbidatu zuen amerikanoa.

      — Ezer behar baduzu, hemen gu —Martinek gogoan zituen libreta gorriko krokisa eta trak trak trak haiek.

      — Gau parteko erasoan kamioi bat sutan jarri behar dugu, baina ez dugu geldian egin behar, kamioiak martxan segitu behar du. Figuranteek sekuentzia arriskutsua dela diote, irauliko ote den beldur dira, aukeratutako tokia ere ez da sobera laua eta...

      — Orduan, ezponda txiki batekin nahikoa duzue —bizkor ibili zen Martin.

      — Arrisku handirik ez dezala izan. Horrek amiρi bat erraztuko luke eszena.

      — Gure kontu! Urbasan heziak gara. Luis, kontatu egiok urtarrilean egin huen balentria.

      — Ez zen hainbestekoa izan. Martinek badaki niretzat ez zela ekintza zaila izan, baina nahi izanez gero kontatuko dizut nolatan...

      Amerikanoak bekainak goratu eta irri bat marraztu zuen ezpainetan:

      — Batailak gero ere ikusiko ditugu, filmaketa unean. Tira, zuekin joanen naiz. Beti aitzina.

      Domezainek, teknikarien jeepari begira, keinu egin zuen beraien gibeletik joan zitezen. Martinen aginduei jarraiki, Luis zihoan gidari; Urbasako portua igotzen hasi eta bigarren kilometroan errepidea utzi zuten, ezkerreko mendiko pista hartu eta hamar minutu igarota zabalgune batera ailegatu ziren. Urrunenean, firrinta more batek baino ez zuen mugatzen larrea. Hodeiek belardian egiten zituzten itzaletan galdu zitzaion gogoa Martini une batez. Hegoaldera artzainen bidezidor batzuk ikusten ahal ziren, halako urradura batzuk soilgunean.

      Pete jeepetik jaitsi eta zabalgunearen ezkerreko bazterrerantz jo zuen, Martin atzetik zerraion. Ertzean, ehun metro eskasera ageri zitzaien ezpondari begira geratu ziren. Atzetik zetorren teknikarien jeepa Domezain zegoen tokiraino heldu zen. Ibilgailutik jaitsi bezain laster erreparatu zioten errekaldeari.

      — Aukeran, txikiegia eraso bat filmatzeko.

      — Baina muino ttattar horren gibelean bada beste zabalgune bat —Martinek ezkerreko bidea erakutsi zion—. Ezpondak segida du horretan ere.

      Oinez egin zuten beste zabaldirainokoa. Luis ez zen jeepetik higitu ikuskatzeak iraun zuen bitartean.

      Ezponda ez zen Domezainen atentzioa bereganatu zuen eremu bakarra, inguru osoa aztertzen ziharduen. Azkenean hiru teknikariak zeuden eremura jaitsi zen. Hamar bat minutu igaro zuten solasean, gizonen artetik itxuraz zaharrenak buruaz baiezko keinua egin zuen, eta horren ondotik Martinengana bueltatu zen Pete Domezain:

      — Ez da toki txarra —argazki makina atera zuen txalekotik—. Gainera, gau parteko eszenak grabatzeko ez ezik goizaldekoak antolatzeko ere balio lezake.

      Amerikanoak hogei bat argazki atera zituen: ezpondari dozena bat, bizpahiru panoramika eta, hondarrean, atzean zeukaten haritzari egin zizkion beste batzuk.

      — Orduan, erasorako prest! —eskuak igurtzi zituen Martinek.

      — Hori Iruρera itzulitakoan jakinen dugu. Nire nagusi Alexek ere ikuskatu beharko du tokia. Eta gero Schaffner jaunarena izanen da azken hitza.

      — Bai, noski, zuzendariari iruditu beharko zaio egokia den edo ez.

      — Edozein modutan, Martin, hemen filmatzekotan... haritz horrenak egin du!

      Teknikariak ezpondaren luzera neurtzen ari ziren bitartean Petek zerbait zirriborratu zuen libreta gorrian. Ordurako jeepean zain ziren Martin eta Luis. Azken honek burua jiratu zuen zuhaitza zegoen lekurantz.

      — Lote ederra!

      — Baiki. Gaztigua pasatuko zioat lehengusuari —Martinek erabakita zeukan nork botako zuen zuhaitza.

      20th Century Fox ekoiztetxeak Espainiako Armadarekin zuen egina kontratua, Armadak filmerako ibilgailuak hornitzeaz arduratu behar zuen, baina lurrak Diputazioarenak ziren. Nonbait, 100.000 pezetako kontratua sinatua zuten Nafarroako Diputazioak eta 20th Century Foxek. Ez ziren munta txikikoak filmazioak erresuma zaharrean eragin behar zituen kalteak: lurrak mugitu, errepideren bat hondatu eta tarteka, kasu honetan bezala, zuhaitz eder batzuk bota. Kontu hau basozainen lana zen, eta Martinek berehala pasatu nahi zion abisua lehengusu Pedrotxori, menturaz haritza markatuko zuen basozaina hurbilekoa izan zitekeen edo, beste era batera esatearren, basozainak ez zuen lehengusua begiz jota izanen. Martinek gogoan zuen Pedrotxok Aste Santuan kontatu ziona: antza denez, Patton errodatzen hasi baino lehen mendiko pista bat zabaldu behar izan zuten, konboi oso batek igaro behar zuen mehaka batetik, eta pago bat zenez afera, hura botata konpondu zuten arazoa. Zudairiko Evaristok markatu zuen ordukoan pagoa. Hiru egunen buruan, markatutakoa eraitsita ote dagoen ikustera joan da eta, espero moduan, motzondo bat izan da aurkitu duen arrasto bakarra. Baina hori ez da dena, hamar metro eskasera beste bat aurkitu baitu, noizbait pago lerdena izandako mozkina. Hura ikusitakoan, Evaristok zuzenean jo du Pedrotxorengana kontu eske.

      — Zertan aritu haiz, ez al nian bakarra markatu?

      — Badakizu maitasuna zer den, bat bota eta bestea zoratu egin da —horixe izan zen Pedrotxoren erantzuna.

      Pete Domezainek hurbiltzeko keinu egin zien bi txortei. Luisek amerikanoa zegoen tokiraino gidatu zuen jeepa.

      — Badaezpada ere, haritza lehenbailehen bota behar dugu. Ba al da basozainik inguru honetan?

      — Irubide jatetxean topatuko dugu baten bat —erantzun zion Martinek—. Nahi al duzu neu arduratzea?

      Martinek berak bete nahi zuen mandatua, kosta ahala kosta.

      — Eskertuko nizueke. Eguerdia da eta nik ibilgailuez arduratu behar dut. Goρi lotinant-koronelarekin negoziatu behar nuke hau. Baina lotu beharrekoak ia beti Alvarez sarjentuarekin lotzen ditut. Lehen ikusi al dituzue aparkalekuan?

      — Goρi ez, baina Alvarez bai, morroia ez da Armadaren dendatik mugitu ere egiten —korroskada bat eskapatu zitzaion Luisi—, gaua ere bertan ematen duela diote.

      — Akort, itzul gaitezen Olaztira —Petek eskuin eskua eraman zuen sabelera—: Non bazkaldu behar duzue zuek?

      — Irubide jatetxean bertan. Zain izanen nauzue, lekua hartuko dut denontzat.

      Bizkor ibili zen Martin, bizkor ibili zenez.