Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

25

 

Amaituak ziren, itxura guztien arabera, Patton filmaren grabazio lanak.

      Nekez sartuko zen jende gehiago Maisonnaveko kafetegian. Hotelera baino lehen La Campanako ostatura joana zen Martin, jangela pribatua erreserbatu eta axuri erdi bat erretzeko eskatzera Josefari. Pedrotxo herrian, Luis izebaren txaletean, gerta zitekeen Pete Domezainekin buruz buru afaldu behar izatea.

      — Buona sera! —Martinek Salvatore gozatu nahi izan zuen.

      — Arrastion —Domezainek itzuli zion diosala.

      Pete erretzen ari zen. Whiski batekin Salvatore.

      — Zer behar duk? Patton koktela agian?

      — Goizegi da erasorako. Baso-erdi bat.

      Salvatore, edalontzia barra gainean utzita, komun aldera aienatu zen. Lizarbe barmanak ardo kopa bat ipini zuen Martinen aurrean.

      — Zer gisa Ultzaman?

      — Ongi, bai Ultzaman bai Basaburuan. Ihabenen ere filmatu diagu —Petek ke kiribil zuri bat egin zuen airean—. Zer egin diok Salvatoreri? Muturtuta dabilkiala zirudik.

      — Deus ez. Zer du ba?

      — Agerikoa duk zerbait gertatu zaizuela goizaldean.

      Tabakoak horituak zizkion atzamar muturrak.

      — Ederki pasatu zuen ba Casa Marinan!

      — Eta ondoren?

      — Txaleteko guztia egin genuen —Martin hitzak neurtzen ari zen, inoiz baino gehiago, galdeketa batean zegoela sentitu baitzuen.

      — Koadro bat ikusi omen dik.

      — Kontatu dizu orduan.

      — Jakina. Eta badakik halako gauzak maite dituela. Madonna bat zuan, ez da hala?

      — Hori esan du berak. Nik ez dut begiratu ere egin.

      — Ba al dago koadro gehiago?

      — Maindirepean, dozena bat edo bai. Anabasa da soto hura.

      — Portatu hadi inorekin baino hobeki italiarrarekin —aholkatu zion Petek, eta isildu egin zen gero, Salvatore bazetorrela konturaturik.

      Martinek edan gabe utzi zuen ardo kopa.

      — Goazen, La Campanakoa erreserbatu dut.

      Josefak sukaldetik jangela txikira pasatzeko keinua egin zien. Domezain eseri zen mahaiburuan, ezker-eskuin zituela Martin eta Salvatore. Erretilu bete uraza ekarri zuen etxeko andereak.

      — Edateko... Bargotakotik gaur ere?

      — Plazer handiz —onetsi zuen Petek.

      — Axuriari gutxi falta zaio. Nahi al duzue aitzinetik ezer pikatu?

      — Perretxikoak.

      — Arrautzetan?

      — Ez, bere horretan, mesedez —amaitu zuen Petek.

      Sukaldera erretiratu zen emakumea. Domezainek zerbitzatu zuen ardoa. Salvatorek bi bider biratu zuen edalontzia ezpainetara eraman aurretik.

      — Handia al da koadro hori? —gai bakarra zeukan Petek.

      — Ez dakit. Arestian esan dizut, ez dut ikusi ere egin.

      — Θ piccola —oharra egin zuen italiarrak.

      Martin orduantxe konturatu zen Salvatorek dena ulertzen zuela.

      — Gauzak ongi bidean, bihar goizean goiz txaletean sartuko zarete berriz ere.

      — Nola dakizu zuk bihar goizean libratuko dela txaleta? —bizkor ibili zen Martin.

      — Hori geroxeago argituko diat. Ez gaitezen bidetik aldendu. Martin, hiretzat ez duk zaila izanen koadro hori feriatzea. Salvatorek hori eta gehiago merezi dik.

      Espero zuen Domezainen proposamena Martinek, baina jabetu ezinik zebilen koadroaren garrantziaz, are gutxiago balioaz.

      — Zer du ba zorioneko koadro horrek?

      — Historia luzea dik.

      — Ikasteko prest naiz beti, hori zuk ere badakizu —Martinek ez zuen nahi lotu gabeko soka muturrik.

      Zizekin agertu zen Josefa. Salvatorek, zatitxo bat sardexkaz ziztatu eta, berehala antzeman zuen laztana aho barrenean. Italiarra laketurik ikusita, irri egin zuten beste biek, lehenbiziko aldiz.

      — Harira —segitu zuen Petek—. Horiena ez duk diru garbiketa hutsa. Salvatorek ederki zakik hori.

      — Hau ere gerran ibilia al da zure gisan?

      — Ni baino gazteago dirudien arren, Europako gerra egindakoa duk. Alta, ni ez bezala, ezkutuan aritu zuan. Komando berezia zuan Salvatorerena. Ezaguna genian naziek artelanentzat zuten jaidura. Egun ere ehunka dituk desagertuta dauden obrak, juduenak izandakoak gehienak. Aliatuen lehorreratzea gainean zela igarririk, Frantziatik eta Italiatik artelan franko Alemaniara bidean jartzen hasi zituan naziak. Zerbitzu sekretuek sarritan jasotzen zitean operazio horien berri. Frantzian Erresistentziakoak eta Italian partisanoak, noski, arrunt sentiberak zituan kontu horiekin. Artelanen gaia lehentasun bilakatu zuan zerbitzu sekretuetako agente zenbaitentzat. Hirekin zizak jaten ari den hau duk haietako bat.

      Josefak labetik ateratako erretilua paratu zuen azpiko ohol karratu baten gainean. Hiru gizonen oniritzia bildu zuen arkume errearen usainak. Domezainek saihetsen puska handi bat zerbitzatu zion Salvatoreri, eta Martinekin erdibanatu zuen izterra. Bigarren ardo botilatik gutxi edan zuten axurikia plateretan zen bitartean. Domezainek, azkenean, beretzat bakarrik hartu zuen arkumearen buru erdia, inori eskaini gabe.

      — Salvatorek, nola ez, Italian jardun zian. Naziek, hegotik iparrera ihesean, ez zitean aukerarik galdu edozer arpilatzeko. Trenez eraman izan ohi zitiztean Alemaniara. Harrapaketaren tamainaz oharturik, sikiera tren horien ibilbideez zerbait jakiteko sistema bat asmatu zitean Salvatoreren komandokoek, partisanoen eta, bereziki, trenbideetako langileen laguntzaz. Markatu egiten zitiztean ustez artelanak zeramatzaten bagoiak. Kodigo arrunt batzuk zituan: hizki pare bat eta zenbaki multzo txiki bat. Inizialek non izan ziren ebatsiak adierazten zitean; zenbakiek, berriz, lapurreta datari egiten ziotean erreferentzia. Kodigo horiek baliatuz, inoiz bagoi oso bat husteko parada izan zitean partisanoek. Baina bagoi gehienak Suitzak irensten zitian.

      Axurki burua garbi platerean, Domezainek zapian igurtzi zituen eskuak. Ardo xorta bat eskaini zion Salvatorek.

      — Lehorreratzearen ondotik, Frantziako Erresistentziak eta partisanoek aisekiago pasatzen ziotean informazioa elkarri, gu tarteko.

      — Zu ere tarteko? —Martinek miretsirik aditzen zuen.

      — Baietz esan dezagun. Ondarea berreskuratzen laguntzea zuan gure misio berria. Patton jeneralari gasolina akitu zitzaioan edo, zuzen esateko, akitu ziotean. Eta guk geldirik ez genekienez, bestelako zereginetan aritu gintuan. Ez nadin desbidera. 1944ko bigarren erdiko anabasa hartan, partisanoek markatutako bagoi batzuk atzeman genitian, hutsik gehienbat. Baina patua zer den, gugandik aski hurbil kausitu genian NIX30 marka zuen bagoia.

      — Non?

      — Donibane Garazin.

      Ardoa eztarrian trabatu zitzaion Martini. Eztul txiki bat egin zuen.

      — Alimalekoa da naziek atxiki eta egun ere desagertuta dauden artelanen kopurua. Eta nonbait horietako bat duk, hain zuzen, Salvatorek ikusi duena Argaraiko txaleteko sotoan. Ez da hala? —galdetu zion Petek italiarrari—. Bat dator ustez NIX30 bagoian zihoan koadroetako batekin. Napolin 1943ko irailaren 30ean Belsito jauregitik ebatsitako Madonna.

      Azalpenak xehetasun egokiz eman zituela adierazi zion Salvatorek eskuarekin. Martinen edozein erreakziori adi segitzen zuen.

      — Eta zer pisu dute Gendulainek eta Goρik honetan guztian?

      — Dibisio Azulean ibilitakoak dituk biak. Europa zeharkatu zuten hartan ez zituan gudu zelaietan laketu preseski.

      — Nola dakizu hori?

      — Bazakiat, kito. Errusiatik itzuli zirenean hor segitu zuen naziekin izandako hartu-emanak, mugaldeko aferetan nagusiki. Gaur bertan frogatu ahal izan dudanez, aski ongi kontrolatzen ditek muga.

      — Mugaldean ibili al zarete?

      — Bai, baina hori gero kontatuko diat. Battle of the Bulge filmatu genuenean ezagutu nitian birigarro horiek. Gendulainen eta Goρiren txosten bana genian Espainiako Armadak gure filmaziora bidali zituenean. Gu zelatatzea eta kontrolatzea zuan haiek zuten egiteko nagusia.

      — Zerbitzu sekretukoak dira biak!

      — Dibisio Azularen garaietatik. Gero Gerra Hotza hasi zuan, mundu osoko militar ugari formatu diagu gure akademietan. Fort Leavenworthen trebatu zituan Gendulain eta Goρi, ez biak batera. Esan dezagun geroztik ez dela oso joria haiekin izan dugun harremana.

      — Zein dira ba haien interes pertsonalak?

      Battle of the Bulge filmatzen ari ginenetik gaur arte nabarmena duk jokoa. Armadan egindako iruzurretatik erdietsitako dirua non kokatu, horixe duk haien helburua. Sosa ditek jainko bakar. Andorra baino La Jonquerako muga ibili ohi ditek, baina mugalde hori gero eta begiratuago zagok. Bestalde, txapelokerrak ere hor zabiltzak, beren partea nahi haiek ere... beti atera ziotek etekina muga zaintzeari.

      — Baina zer ikusi dauka horrek koadroekin?

      — Duela hiru bat urte egin zitean irrist. Margolan bat merkatu beltzean saltzen ahalegindu zuan Miarritzeko martxant bat. Frantziako Poliziak ez zian koadroa atxiki, baina bitartekariaren aldetik erdietsi zitean Goρi lotinant-koronelaren deskripzioa. Horrek jarri gintian haien arrastoan. Saldu nahi zuten koadroa Garazin agertutako bagoiko bat zuan.

      — Beraz, horregatik hurbildu zinen joan den asteartean guregana Maisonnaveko kafetegian... Zuentzat lanean ari gara oharkabean.

      — Esan dezagun zuen jukutriek dena erraztu digutela. Goiz edo berant harrapatuko genitian.

      — Baina horiek jaun eta jabe dira hemen. Zer egin dezakezue, atxilo hartu?

      — Arrazoi daukak horretan, ezin ditiagu harrapatu. Baina Garaziko bagoiaren ekuazioa argitu diagu. Artelanak dituk gure interesa. Laburbilduz: dirua zuendako, koadroak guretako.

      — Demagun zuen proposamena onartzen dugula. Demagun koadroak Argaraiko txaletetik eskuratzea lortzen duzuela. Baina nola eginen duzue horiek Iruρetik ateratzeko?

      — Hori gure afera duk, adiskidea.

      Jangelako atea zabaldu zen. Botila bat Napoleon ekarri zuen Josefak. Topa egin zuen Pete Domezainek.

      — Akort?