20
Jarautan jendea lepo zebilela ikusita, botikako horman margoturiko Diana Ehiztariaren paretik igaro eta, ezkutuan bezala, nahiago izan zuen Santo Domingotik barrena joan Casa Marinara. Gazte aldra bat zegoen museoaren atarian eta, haien artean unibertsitateko ikaskideren bat egon zitekeelakoan, burua makurtu eta pausoa bizkortu zuen Martinek.
Bakar-bakarrik aurkitu zuen Marina anderea egongela handian.
— Berandu al nabil?
— Tenorean.
— Libre da egongela txikia?
— Orain bai.
— Eta Gisele?
— Gaur ez.
— Baina inon egonen da...
— Ganbaran —bekaiztu egin zen anderea.
— Zenbat da? —Martinek patrikan sartu zuen eskua.
— Hiru zerbitzu.
— Ez al dira bi?
— Chela eta Esmeralda, biak eraman ditik atzerritarrak.
Marina andereari sei billete eman eta ganbarara igo zen. Zabalik zegoen Giseleren logelako atea.
— Heldu haiz... —mutilaren zain zirudien.
Martinek musu gozo bat utzi zion ezpainetan.
— Gaur ez dun egitekorik?
— Hilekoa diat.
Emakumeak eskutik heldu eta ohean etzanarazi zuen. Besarkaturik igaro zuten tarte luze bat, uler ez zitezkeen murmurio trukean, irrika gehiago zirrika baino.
— Gogor daukak! —esan zion Giselek halako batean.
— Bai.
Praken botoiak askatu eta mihiaz busti zion zakil-burua.
— Geldi...
Baina Giselek osotoro irentsi zuen eta arrunt fite isuri zen.
Martinen bularrean pausatu zen gero burua. Eta eriekin sabelpeko bilo leunak ferekatzen ari zitzaiola kontatu zion:
— Joanarekin topo egin diat botikan.
— Zein Joana?
— Nire herrikoa.
— Luzaideko bentan ari dena?
— Hori bera. Eta gizon begi urdina aipatu zioat.
— Goρirekin batera hemen izan zen hura?
— Bai. Bankaria duk. Garazin dik bulegoa. Baina firin-faran zabilek mugaz bi aldeetan. Diru kontuak ditik militarrekin. Baina ongi konpontzen duk txapelokerrekin ere.
— Eta?
— Guardia zibilak aztoraturik omen zabiltzak. Gogoan al duk Fonseca, zuen bailaratik Luzaidera joandakoa?
— Bai, Gola hoteleko ostatuan ikusi dinat goizaldean.
— Inoiz baino zakarrago zabilek egunotan. Ez duk inorekin fio. Herenegun bertan ia biluzteraino miatu zian Joana. Noiznahi paratzen ditiztek kontrolak. Zerbaiten bila ari direla esanen nikek.
— Joana berriz ikusiko dun?
— Bihar arte ez duk Luzaidera itzuliko. Eugiko osaba Fausto ospitalean ditek, baina bihar arratserako Luzaiden behar dik.
— Egin berarekin egoteko modua, eta hauxe esaion: “Mendiz igaroko dute muga jeep batean”.
— Ez diat entelegatzen.
— Txapelokerren bati esan behar zion, ahal dela Fonsecari berari. “Mendiz igaroko dute muga jeep batean”. Buruan jira-bueltaka dabilkidana egia bada, lagungarria gertatuko zaion zakur horri.
— Ados. Baina Fonsecak galdekatu eginen dik ondotik. Eta zer esanen dio orduan?
— Agintari militar batek putetxean esandakotik dakiela.
— Eta horrela esanda entelegatuko al du?
— Ulertu edo ez, arrastoan jarriko din txapelokerra. Hala espero dinat bederen.
Bi kaxkateko entzun ziren bat-batean atearen bestaldean. Prakak lotu eta zutik jarri zen Martin. Atea ireki zuen Giselek. Marina anderea sartu zen logelan.
— Militarra hirekin tematurik zagon.
— Gaur ez nago inorendako, badakizu.
— Orain inorekin ari haiz —andereak ez zion behatu ere egin Martini.
— Ez da ber gauza.
— Presta hadi! Sikiera igaro ezan tarte bat berarekin. Zerbait asmatuko dun.
Giselek adatsak atondu zituen ispiluan. Aldakatik gora igo zuen soinekoaren kremailera ezer esan gabe irten aurretik.
— Eta hi nire gibeletik —agindu zion Martini Marina andereak—. Egongela txikia libre zagok. Albait lasterren bidaliko ditiat Luis eta atzerritarra hara.
Martinek aurretik zuen Marina eskaileretan behera. Emakumezkoen algarak entzun zituzten bigarren solairuan.
Egongela txikian sartu orduko egin zion so erlojuari Martinek, hurbil zen gauerdia. Jarraian paretako zeramikazko platera jiratu zuen. Behatxulotik bi gizonezko ikusi zituen egongela nagusian: Goρi lotinant-koronela eta Gendulain kapitaina, sofan eserita biak. Eta biak zutitu ziren Gisele sartu zenean. Handik bost bat minutura Esmeralda izan zen egongelan agertu zena. Goρik bilogorriaren gerrian eskua paratuz elkarrekin joateko keinua egin zion; Gisele aurrez aurre jarri zitzaion eta bi besoez inguratu zuen militarra, geldiarazi egin nahi baitzuen nola edo hala. Esmeraldak ere gauza bera egin zuen Gendulainekin. Une horretantxe zabaldu zen egongela txikiko atea. Isilean sartu ziren Luis eta Salvatore.
— Bazen garaia! —protesta egin zuen Martinek.
— Finita comedia.
— Komedia orain hasiko duk Nabarrerian.