Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

31

 

Lizarran zezen plaza ondoan aparkatu zuten. Entraρas aldaparen hasieran geratu eta ibai aldera begiratu zuen Martinek. Egaren emari biziak bereganatu zuen gaztearen soa. Luis lagunarengana itzulikatu zen:

      — Zer ari haiz hor geldi?

      — Barrandan.

      Martinek ibai ertzeko etxetzarraz ohartarazi zion. Ibilgailu berde andanak inguratzen zuen Guardia Zibilaren kuartela.

      Entraρasetik sartu ziren Santiago plazan. Mariano taberna jendez mukuru zen San Juan elizako ezkilek arratsaldeko laurak jo zutenean. Kafe huts bana hartu bitartean arreta erakarri zieten El Pensamiento Navarro kazetaren lehen orriko bi argazki handiek.

      — Ostia! Lehengo eguneko pintada duk hori, ezta? —esan zuen Luisek—. “GORA Dn CALO, firmo yo”.

      — Edo kale egin zitean ortografiarekin —zuzendu zion Martinek— edo guk izutu genitian jeeparekin pasatu ginenean.

      Albiste labur bat ageri zen bi argazkien aldamenean: “En la Calle Aralar. Tres disparos al aire”.

      — Atzo Iruρean izandako tiroez ari duk. Nonbait gizonezko baten atzetik ari zituan, baina atxiki ez.

      — Terroristaren bat izanen zuan...

      — Edo gu baino ebasle premiatsuago bat.

      Tabernatik irten eta Kale Nagusitik abiatzear zirela, jende multzo batekin topo egin zuten. Ia karrika osoa hartzen zuen alderik alde pankarta batek: “Franco: Ya lo ves, el Carlismo con los Borbσn-Parma”. Ez baitzegoen erdialdera sartzerik, San Juan plazaren sarrerako ezkerreko arkupean geratu ziren Martin eta Luis. Han ere zailtasunez mugitzen zen jendea, txapel gorriz gehienak, txapel zuriz gutxi batzuk. Kioskoaren inguruan pankartak astintzen ziharduten; haietarik nabarmenena: “Franco a la horca”.

      — Iaz Javier gure erregea Espainiatik kanporatu zutenez gero, ez zaudek gozo diktadorearekin.

      — Ze errege eta ze kristo! —erantzun zion Martinek—. Burua galdu al duk hik ere?

      Kea zerion plazari, su bat piztu zuten kiosko aldean. Hiru gaztek koadro bat altxatu eta garretara bota zuten. Beste batzuk harri kozkorrekin zetozen goiko arkupeetatik, erasorako prest. Kristal hautsien asotsa entzun zen plazako hainbat tokitan. Jendearen oihuek tentsioa areagotu zuten.

      — Goazemak! Hemen ez zagok giro.

      Oρati kaletik barrena utzi zuten San Juan plaza, eta lasaiago zegoen Santiago plazara itzuli ziren. Eskuineko arkupeetan, mahai luze baten inguruan eserita zen taldean, Luisen aita aurkitu zuten; gizon sendo bat, mendiko bota handi batzuk zeramatzan.

      — Hara berantiarra!

      — Bahituta gauzka Unibertsitateak. Martinekin etorri naiz.

      Gizonarengana hurbildu zen ameskoarra. Bostekoa eman zioten elkarri. Pattar hutsa zen haren hatsa.

      — Izeba ez al da zurekin? —galdetu zion semeak.

      — Hor zehar ibiliko duk. Maria Teresak eskua eman diola-eta, ezin kabiturik zabilek.

      Solasak ez zuen gehiagorako eman. Inork ez zuen interesik luza zedin, inork ez baitzuen esateko ezer, are gutxiago Luisen aitak. Zertarako hizketan segi deus ez esateko? Batez ere Kaldereriatik txapel zuriz apaindutako dozena bat margarita hurbiltzen ari zenean, eta haien artean izeba Paula.

      — Heldu zarete!

      — Bai, baina ez dakigu zertara —esan zion Luisek.

      — Gu ere bagoaz! Hemen ez dugu zereginik! —purrust egin zuen andereak—. Gazte buruarin horiek!

      — Ba zuk mugiarazi beharko duzu aita, baina Oriamendi abesteko puntuan dira kuadrillan.

      — Zer iskanbila! Zuek ere hobe zenukete Iruρera itzultzea.

      Anaiaren mahaira joan zen izeba Paula. Jeepa utzia zuten zezen plaza ingururantz joan ziren bi gazteak. Sorbaldara eraman zuen eskua Martinek, ez zitzaion mina arintzen. Entraρas aldapan berriz ere, Ega ibaiaren aldera begira geratu zen: guardia zibil saldoa zegoen kuartel ondoko zubian, formazioan, berrogeita hamar bat.

      — Ez zirudik trafikoa zuzentzeko plantan daudenik.

      — Horiek ere erasorako prest!

      Kotxe ilara astiro zihoan errepide nagusitik. Zubi parera iritsitakoan gelditu egin behar izan zuten, kuarteletik geltoki aldera errepidea zeharkatzen ari baitziren txapelokerrak. Trafikoa zuzentzen ziharduena ezagutu zuten. Fonsecak aurreneko kotxeei pasoa eman zien, baina Armadako jeepari erreparatu bezain laster altxatu zuen eskua.

      — Hara nortzuk ditugun hemen! Non zineten gaur eguerdian? —esan zuen guardia zibilak—. Tira, segi bazterrera!

      Errepide nagusiaren eskuinaldean aparkatu zuen Martinek. Fonsecak beste kide bati trafikoa zuzentzeko agindua eman eta gazteengana heldu zen.

      — A ze marikoiak Armadako hauek! Eguerdian ez zarete kapaz izan artaburu hauek gelditzeko Lizarran sar ez zitezen! Eta orain lan zikina guretzat!

      — Bestelako zereginak genituen guk —xalotasunez erantzun zion Luisek—. Patton filmaren grabazio lanetan laguntzen dihardugu.

      Patton, bai, marikoikeriak! —Fonsecak Martini tinkatu zion begirada—. Eta hik zer, ez al daukak mingainik?

      — Agintarien mandatuak bete besterik ez dugu egiten.

      — Zuen agintariak! Kakatzarra! Esaiek muga ez dela filmazio tokia. Esaiek hori ez dela haien eremua.

      Jeepa miatzen hasi zen Fonseca, atzealdeko otarrea zabaldu zuen, eskuan hartu zuen zizez betetako beirazko potea.

      — Filmazioko produktua al da hau?

      — Ez, jauna —esan zuen Martinek.

      — Nora zoazte?

      — Iruρera itzuli behar dugu lehenbailehen.

      — Zertara?

      — Gaurkoaren berri eman behar dugu.

      — Segi aitzina, zerriak!

      Zizak konfiskatu eta ilaran sartzeko bidea eman zien Fonsecak. Aurreraxeago geltokiranzko bidean ezkerraldean guardia zibilen multzoa ikusi zuten hiriaren erdigunera hurbiltzen; eskuinean, aldiz, berebizikoa zen jendearen mugimendua aparkaturik ziren autobusen inguruan. Kosta egin zitzaien Lizarratik irtetea, Luisek tarteka biraoren bat botatzen zuen guardia zibilen kontura, bereziki Fonsecaren kontra. Hiltegi parean foruzainak ari ziren trafikoa zuzentzen. Hortik aitzina karabanan egin zuten Gareseraino. Han ordu laurden bat geldirik egon behar izan zuten metalezko zubian.

      Ilunabarra zen Iruρeko aldirietara iritsi zirenerako. Martinek leihatila jaitsi zuen laguna lozorrotik atera zedin.

      — Itxi ezak hori!

      — Izebarenean utziko haut, ezta?

      — Bai, txikituta nagok. Egun gogorrak izan ditiagu.

      Apaiztegitik sartu ziren Baztan kalean. Izeba Paularen etxera heldu baino lehenago gelditu zuen jeepa, motorra martxan.

      — Hemen utzi behar al nauk?

      — Zabaletaren Seat beltza zagok hor!

      — Eta zer egin behar duk, hemen zelatan geratu?

      — Ez, banoak. Hik zainduko duk, ea bakarrik dagoen, edo militarrekin, edo Estherrekin, Almandoztik bueltatu baldin bada.

      — Bai, to! Ni ohatzera noak. Ezin diat gehiago.

      — Hoa goiko pisura eta begiratu leihotik. Dirua ebatsi zieagu eta orain maleta hutsarena nola hartu duten jakin behar diagu.

      — Ziur pozez zoratzen ari direla.

      Zain geratu zen Martin harik eta Luis txaletean sartu arte. Biharamunean Komandantzian ikusiko zuen Gendulain; litekeena zen Goρi lotinant-koronela ere han izatea. Zabaleta noiz itzuliko ote zen Madrilera? Alde batetik ez zitzaion batere inporta; gertatuak gertatu, hobe horiengandik urruti. Baina bestalde jakin-minak barruak kiskaltzen zizkion: zer gertatu ote zen goizean?

      Autobus geltokitik igaro zen etxerako bidean. Han ere guardia zibilak zebiltzan Armadak hustu berriko Kuartel Zaharraren inguruan. Mendi ostatuaren parean aparkatu zuen. Loa, sorbaldako mina eta gosea, denak batera etorri zitzaizkion Txarok emandako otarrea atzealdetik ateratakoan. Astiro igo zituen eskailerak, argia piztuta zegoen sukaldean, korridorean utzi zuen otarrea, balkoiko logelara joan zen, maleta hartu zuen ezkutatu zuen tokitik. Ireki ez ireki egon zen une batez. Azkenean maleta bere tokian utzi, korridorea zeharkatu eta sukaldean sartu zen.

      — Gabon.

      — Gabon, bai.

      — Hauxe eman dit Txarok —Martinek harriaren ondoan ipini zuen otarrea.

      — Ongi da. Zer moduz? Lizarran egon al zarete?

      — Itzuli bat eman dugu arratsaldean. Zer moduz zure aldaka?

      — Hor da, hobeki. Ezer afaldu nahi al duzu?

      — Ez, ohatzera noa. Bihar egun luzea dut.

      Logelan berriz, maleta zabaldu zuen. Zortzi billete multzoei begira geratu zen, berandu baino lehen banatu behar lituzkeela erabaki zuen. Gendulain kapitainaren bisaia irudikatzen ahalegindu zen. Pete Domezaini ulertu zionez, Armadaren parte-hartzea ia akitua zen filmazioan, hurrengo egunean teorian zeregin berriak aginduko zizkieten eta, ohi zen gisan, zerbait antolatuko zuen berak iskin egiteko. Maleta ezkutatu, argia itzali, ohatzean biluzik sartu eta Giselerekin gogoratu zen.