Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

30

 

—Martini bana, ezta?

      Gazteek ameto eman zuten buruarekin.

      Mahai baten bueltan bi agure ziren Eulateko ostatuan. Artean itxita zegoen jantokiko atea, baina barazki usaina iristen zen sukaldetik. Remigiok zerbitzaria agurtu zuen. Laurak barran zirelarik tangaren asotsa entzun zen komunean eta, segituan, gizon bat irten zen.

      — Hara, osaba Jeronimo! Zer moduz zaude?

      — Orain hobeki. Eta zuek nolatan hemen?

      — Aspaldiko partez, badakizu, igandea da-eta —esan zion Martinek—. Begira, Luis, hauxe dugu osaba Jeronimo.

      — Urte askotarako.

      — Iruñeko lagun bat da Luis, elkarrekin gabiltza Unibertsitatean.

      — Zuek beti estudiatzen deus ere ez ikasteko.

      Remigiok eskuan zeukan diru-zorroa.

      — Zer hartu behar duzue zuek?

      — Etxerako asmotan ginen, baina atera guri basoerdi bana.

      — Orduan, hiru basoerdi eta lau martini —eskatu zuen Remigiok denentzat—. Oliba batzuk ere bai.

      Zerbitzariak bere denbora hartu zuen. Bi aizkolariren argazkia zegoen botilen apalean; Martinek bietako bat ezagutzen zuen, nahiz eta izena gogora etorri ez.

      — Zer? —Remigio adarra jo nahian ari zitzaion Jeronimori—, ez zara Lizarrarako animatu?

      — Oraindik ez diat burua galdu.

      — Ba bi gazte hauek bai, joatekoak dira.

      — Egin dezatela nahi dutena. Aski gurutze-bide eduki genian bere garaian. Ni ez naitek bi aldiz engainatuko.

      — Ikusiko duzue —Remigiok zealdo plantak egin zituen—, gehienak arrailduta itzuliko dira Lizarratik.

      — Arratsaldean ez naute hemen harrapatuko —esan zuen osaba Jeronimok—. Oraindik nor direla uste dute, eta gaurkoa bezalako egunetan txapela buruan jarri eta kaskoa berotzen diete. Total, arrastoan segi dezaten.

      — Goazen bazkaltzera —despeditu zen Remigio—. Gero, nahi baduzue, mus partida bat botako dugu.

      Pedrotxo haren gibeletik sartu zen jantokian. Jeronimok mahaiko bi agureak agurtu ondotik, Luisekin eta Martinekin irten zen tabernatik. Kopilotuaren tokia utzi zion Luisek.

      — Aizu, osaba —berehala galdegin zion Martinek—, zer egin zuen Fonsecak deia jasotakoan?

      — Norabait hots egin zian. Luze eta sutsu aritu zuan hizketan, baina ez nian ezer konprenitzeko modurik izan; “Goizaldean, goizaldean” errepikatzen zuela, besterik ez.

      — Eta deia akitutakoan?

      — Deus ere esan gabe alde egin zian, aparkalekutik beherantz.

      Aranaratxeko frontoi aldamenean aparkatu zuen Martinek. Ez zioten erreparatu izkina batean zegoen pintadari.

      — Kasu eman, ez ibili jolasean Fonsecarekin! —gaztigatu zion osabak.

      — Lasai. Baina zuk belarriak tente.

      — Hori beti.

      Latsarritik gora desagertu zen Jeronimo. Bakarrik bazkalduko zuen. Aitaren aldetiko osaba gazteenak mendia eta ardoa zituen bizio bakarrak. Honek ere jakinen zuen bi ahizpen artekoa, azken batean Txaro eta Irene, biak ala biak koinata zituen. Pedrotxo kenduta, Jeronimo zen familia hurbileko fidagarriena Martinen begietan.

      Etxean mahaia prest zegoen lau lagunendako.

      — Eta Pedrotxo? —Txarok botila ardoa paratu zuen—. Ez al da zuekin etorri?

      — Bazuen beste plan bat...

      Ia isilean eman zuten otordua hirurek. Baba gorriak jan zituzten, eta gero txahal xerra birrineztatuak piperrekin. Luis ez zen gose geratu. Pitxer bat natilla ekarri zuen Txarok. Mahai ondoko komodaren gainetik hautsontzia hartu zuen Martinek, Luisek zigarreta bat erre zezan. Eta horrelaxe bukatu zen bisita.

      — Kaferik hartuko al duzue?

      — Ez. Luisek Lizarran behar du arratsalderako.

      — Ados —platerak batu zituen Txarok.

      Bi gazteak mahaitik altxatu ziren.

      — Hago! —agindu zion emakumeak—. Otarre bat eraman behar duk bueltan.

      Aldi berean ama eta izeba zen Txaroren eskua ferekatu zuen Martinek otarrea hartzean, baina nahita egin ote zuen ezin jakin.

      — Hurren arte.

      — Bai, hurren arte.

      — Mila esker bazkariarengatik —Martinek emakumearen masaila bilatzeko imintzioa egin zuen.

      — Ez da zeren —eskua luzatu zion Txarok.

      Lizarrarako errepidean, Jurramendiko gurutze-bidetik zetorren trafikoarekin topo egin zuten. Nahaste-borrastea zegoen leku guztietan; istripu txiki bat ere bai: auto batek motoa jo zuen, edo alderantziz.

      — Zer dakigu gure jeep berriaz? —galdetu zion Luisek.

      — Pedrotxok esan didanez, udarako edukiko diagu sakramentu guztiekin.

      — Dirurik eman al diok?

      — Hik adina jaso dik.

      — Eta gainerakoarekin, zer?

      — Gastu guztiak berdindutakoan ikusiko diagu.

      — Egin ditzagun gauzak garbi —nabari zen Luis ez zela konforme.

      — Duela astebete nork esan behar zian hiri jeep bat eta hogeita hamar mila duro edukiko hituela?

      — Ez nauk kexu.

      — Ba eman ezak bakea behingoz. Eta fida hadi nitaz.

      — Ez diat beste erremediorik.

      Luisek begiak itxi zituen kuluxka bat egiteko. Martin usu baino astiroago gidatzen ahalegindu zen.

      — Zer plan daukak Lizarran?

      — Ez diat planik —begirik zabaldu gabe jarraitu zuen Luisek—. Giroa ikusi, besterik ez. Izeba Paula edo aita ez ikusita ere, berdin zaidak. Bihar kontatu ahal izanen zieat bederen San Juan plazan egon naizela arratsaldean.

      Zalduko gurutzera iritsi eta zezen plaza aldera jo zuen Martinek.

      — Ez al duk kuartelean aparkatu behar?

      — Utikan kuartela! —esan zuen Martinek—. Zer gerta ere, hobe horiengandik urruti.

      — Gu ere horiek gaituk.

      — Ez. Gu, gu gaituk. Ez atzendu inoiz, Luis.