12
Lezarugiko txabolen inguruan, goiko larreetan, udaberria eta uda igarotzera joandako artzain bat ari zen barrutiak gobernatzen. Pedrotxok tripazorriei kasu egiteko proposatu zuen:
— Hartuko al diogu gazta bat?
— Eutsi egiok goseari, motel. Zorte pixka batekin Olaztin gaituk ordu erdi barru.
Martin kopilotu zihoan, Luis eta Salvatore atzealdean tar-tar batean ari ziren:
— Roma?
— Non, io sono di Napoli.
— O!, bona pasta!
— Buona pasta?
Ez zuten elkar ulertzeko kontuan aitzinamendu handirik egin iruinsemeak eta Napolikoak, baina biek ala biek ez zekiten isilik. Bitartean, Martin hausnarrean beti, planaren hari muturrak lotu nahian ari zen. Bioitzan errepide nagusia hartu eta portua jaisten hastean, oldozpenetatik atera eta aginduen tenorea heldu zen:
— Ordu biak dira; bostak aldera elkartuko gara Gendulain, Goρi eta enparauekin. Bada, lehendabizi ibilgailuak hornitu behar ditugu. Gutxienez metalezko banderaren bat lotu beharko diogu, eta pegatinaren bat itsatsi. Ondoren sabela berdinduko dugu filmaziokoen autobusean, baina bostak baino lehen nahitaez solastu behar dut Domezainekin.
— Eta Uranga?
— Horrenak ez dik presarik. Filmazioa diagu helburu, eta horretarako Alvarez sarjentua ahalik eta urrutien mantendu behar.
— Ez dadila zelaigunera hurbildu —bota zuen Pedrotxok soraio.
— Bai, baina nola? —Luisek arazoa besterik ez zuen ikusten—. Azkonar hori ez da ibilgailuetatik aise aldenduko.
— Gendulainen edo Goρiren aginduren bat behar luke, aitzakiaren bat topatuko dugu Olaztiko aparkalekuan gera dadin —Martini soluzioak ahitzen ari zitzaizkion—. Domezainek lagunduko digu nola edo hala.
Hornitzea aski fite eginik, hirurak jota ziren aparkalekura heldu zirenerako. Salvatore eta Luis izan ziren jatetxera igotzen aurrenak. Self-service modukoa zen Super Ser markako autobus hura, mahaitxoak zituen ezker-eskuin, erdian korridore bat, eta handik zetozen makillaje eta attrezzoko emakumezkoak, Maisonnaveko blonda tartean. Luisek begi kliska egin zion eta emakumeak musu bat utzi zuen airean.
— Conosci Margaret?
— La donna? Mio amico.
— Capisco —irri egin zuen italiarrak.
Janari eskaintza ez zen sobera oparoa, baina laurak, bereziki Pedrotxo, edozer irensteko prest ziren. Errazioa hartzera zihoazenean, Salvatorek tupust egin zuen ilaran aurrean zuen Espainiako Armadako ofizial batekin. Hau italiarrarengana itzulikatu zen ordea eta Salvatoreren erretilua jo eta airean atera zen. Pedrotxok berak ere ulertu ez zion juramentua bota zuen italiarrak. Bi gizonak bekoz beko zeudelarik sartu zen Pedrotxo tartean.
— Lasai, bada denendako janaririk.
Pedrotxok erretilua zorutik bildu zuenerako bertan zuen zerbitzarietako bat, erratza eta pala eskuetan. Luisek erretilu huts bat ekarri zion Salvatoreri, eta aferak iraun zuen bitartean napolitarrak ez zion begirik kendu gainetik Armadako ofizialari.
Mahaian jarrita, Salvatore lasaitzen ahalegindu zen Pedrotxo. Honen ondoan, jangartsu zebilen Martin. Bi mahai harantzago zuen soa, eta halatan hara non gizon ezagun bat ikusi zuen jantokian sartzen: Alvarez sarjentua batu zitzaien txokoan zeuden ofizialei.
— Heldu da azkonarra! —gaztigatu zien Martinek lagunei—. Zuek geldirik hemen.
Alvarez sarjentuak zutitzekoa egin zuen Martin berarengana zetorrela konturatutakoan. Biek ala biek ez zuten bisaia mudatu bi minutuko solasaldian. Berehala zen Martin lagunen mahaian.
— Zer esan dik?
— Bera ere lotuko zaigula Goρirekin eta Gendulainekin biltzen garenean.
— Zeri buruz jardun behar dugu? —Luis larritzen hasita zegoen.
— Ez zakiat. Baina susmoa diat horrek ere pelikulan parte hartu nahi izanen duela. Goρi eta Gendulain zabalgunean egonen dituk. Ez diat dudarik egiten biek pozik onartuko dutela Domezainen gonbita filmazioan egoteko. Baina Alvarez ez zaiguk han komeni, eta haiekin nahiko dik. Ez nauk fio, usna oneko txakurra duk hori.
— Figurante moduan aritzeko eskainiz gero —proposatu zuen Pedrotxok— produkziokoen aginduetara egon beharko dik, aktore plantak egiten harro asko.
— Ez duk ideia txarra. Horixe eskatu behar zioat Domezaini. Ibilgailuetatik urruti eduki behar diagu higuingarri hori.