Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

1

 

—Vodka! Hori da koktel horrek behar duena!

      Barraren izkinatik zetorren gaztigua. Hara itzulikatu ziren Martin eta Luis. Gizon luzanga bat zen, zigarreta ezkerreko eskuan, kopa eskuinekoan.

      — Lagundu nahi? —beraiekin biltzeko gonbita egin zion Martinek.

      — Dastatzen ez behintzat —armagnacetik ari zen gizona.

      Filmaziokoa zen inondik ere, janzkerak salatzen zuen.

      Gauerdi irian berebiziko mugimendua zegoen Maisonnave hoteleko kafetegian, hamar egun zeramatzaten errodajekoek han ostatu hartuta. Patton izeneko militar bati buruzkoa zen pelikula, Iruρean eta Ultzaman, eta bereziki Urbasan filmatu behar zutena.

      Martin eta Luis ez ziren arrotzak kafetegian, baina amerikanoen etorrerak sarriagotu egin zituen haien bisitaldiak; zerbitzuan ziharduten, argia izan baitzen Gendulain kapitainaren agindua:

      — Filmatze lanek irauten duten bitartean libre zaudete kuarteleko betebeharrez. Amerikanoak hornitzea izanen da zuen ardura aurrerantzean.

      Espainiako Armadak kontratua egina zuen ekoizlearekin. Bere gain jeep, tanke, kamioi eta gainerako ibilgailuak jartzea; baina ez hori bakarrik, soldadutzan ari ziren txortak ere figurante moduan beharko zituzten amerikanoek.

      1969ko apirila zen. Unibertsitatean Kazetaritza ikasketak amaitzeko gertu, bost hilabete pasa zeramatzaten bigarren urtez jarraian Martinek eta Luisek soldadutzan, alferez izateko bidean. Ameskoarra zen Martin, baina Iruρeko izeba Ireneren etxean erroldatu eta, herriko karlista amorratu baten laguntza tarteko, zailtasunik gabe lortua zuen gaua kuarteletik kanpo igarotzeko baimena. Luisek, iruinseme petoa, ez zituen barrakoietako izarak inoiz erabili, haren aita ez zen-eta alferrik ibili Gendulain kapitainarekin gerra garaian.

      Unibertsitatean bertan tratukide bilakatu ziren bi gazteen arteko konplizitatea areagotu baino ez zuten egin aurrena soldadutzak eta ondoren Gendulain kapitainaren agindupeko zeregin berriek. Negoziorako beste ate bat zabaldu zitzaien bat-batean, gasolinaren iruzur aukera nabarmen biderkatzen baitzuen amerikanoentzako horniketak. Luisek ezaguna zuen Gipuzkoa etorbideko gasolindegiko jabea. Tratua garbia zen: bi zerbitzatu eta lau kobratu; ebatsitakoaren parte bat gasolindegikoak atxikitzen zuen, bestea Martinen eta Luisen patriketara. Diru erraza. Erregaiaren kontsumoak gora egin zuen filmazioarekin, txortez zamaturiko ibilgailuek egunero egin behar baitzuten Urbasarako joan-etorria eta horrek asko handitu zituen gasolinaren kontsumoa eta, honenbestez, iruzurra.

      — Vodka gehiago, jauna?

      Martini ezaguna begitandu zitzaion koktelarentzat vodka iradoki zuen gizon luzanga hura, Patton pelikulako kontuak hasi berriak baziren ere, amerikanoak aspaldi ari ziren-eta Nafarroan barrena toki aproposen bila, filmatzeko kanpoaldeak eta atseden txokoak.

      — Morroi horrek —ohartarazi zion Martinek Luisi— badik zerbait Goρirekin...

      Otsailean, Goρi lotinant-koronelak Gendulain kapitainari bisita egin zionean, Martin Luisekin zen Komandantzian. Kapitainak bi txortei adierazi zienez, Goρi zen arrain nagusia. Bost urte lehenago, Battle of the Bulge filmatu zenean ere, Goρi izan zen Espainiako Armadaren arduradunetako bat. Eta 1956ko Embajadores en el Infierno, Dibisio Azulari buruz Forquek egindako pelikulan ere aholkulari aritu zen.

      Koktel berariazkoa asmatzearen kontua Martini bururatu zitzaion, Maisonnave hotelean zeuden amerikanoekin harremanetan sartzeko aitzakia gisa. Emakumezkoak laketago bazituzten ere, filmazioan ari zen edonorekin irabazpideren bat sortzeko irrikatan ziren bi lagunak. Migel Lizarbe barmanari gustatu egin zitzaion Martinen proposamena eta Patton izeneko koktela sortu zuen; bazeukan zer berri eskaini aseezinak ziruditen attrezzoko eta makillajeko emakumezkoei.

      Koktela prestatzen ari zen bitartean, Luis eta Martinez gain, hiru emakumezko zituen Lizarbek botilen dantzari begira: whiskia, Grand Marnier, laranja azala eta azkenik...

      — Vodka neurri bat ala bi?

      — Bat ez, bi! Ez utzi Patton jauna gasolina premian! —eta amerikanoak aulki altua ekarri zuen bi alferezgaien eta emakumezkoen taldera.

      Blonda izan zen Patton koktela dastatzera ausartu zen lehena. Kopa zabalari musu eman ondoren Luisi eskaini zion edalontzia.

      — Zure neurriko tragoa duzu.

      Luisek zekien ingeles apurra frantsesarekin dotoretzen zuen amerikanoekin solasean ari zelarik:

      — D’accord, baina zure ezpainetatik nahiago... horiek bai nire neurrikoak.

      Emakumearengana luzatu zuen burua. Hura ez zen kikildu, musu gozoa utzi zuen Luisen ezpainetan. Zirri-festa ez zen horretan amaitu, koktelaren aitzakian musu gehiago lapurtu zizkien Luisek hiru emakumezkoei, lotsagabeki banatzen zituen lausenguak.

      Amerikano luzangak ez zuen koktela dastatu nahi izan, baina txama egin zuen Martinekin. Luisek aski lan bazuen makillajeko blondarekin, attrezzoko bi emakumezkoek logeletarako bidea hartua baitzuten musuen jostetaz asperturik.

      Laugarren armagnacak mingaina askatu zion amerikanoari. Pete zuen izena, Domezain abizena, Aezkoakoa sortzez, 30eko hamarkadaren hasieran osaba baten deiari kasu egin eta San Frantziskora joana, denbora gutxi igaro zuen artzain lanetan, osabak berehala lortu baitzion beharra tailer batean. Erabateko kanbiamendua 40an heldu zitzaion, soldadu sartzea baitzen nazionalitate amerikarra lortzeko bide errazena; Europa zuen helmuga, baina aurretik Afrikatik igaro behar, Siziliatik sartu ziren, eta handik ia Europa osoa korritu Patton jeneralaren agindupean. Sherman tankeek ez zuten sekreturik Pete Domezainentzat. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta Armadan jarraitu zuen, baina segituan heldu zitzaion Hollywoodeko deia.

      — Irudien bidez edertu behar genuen garaipena —sakonetik mintzo zen Pete—. Gerra-zinemak adituen premia zeukan. Halaxe utzi nuen Armada eta produkzio lanetan hasi nintzen.

      Efektu bereziez arduratzen zenaren bigarrena zen Pete Domezain. Urte batzuk lehenago Battle of the Bulge pelikulan ibilia zen Segovia aldean.

      — Orduan ez zaizu arrotza hemengo tresneria —Martinek bere aldera bideratu nahi izan zuen elkarrizketa, bazekien-eta Espainiako Armadaren ibilgailu zenbait Bigarren Mundu Gerran amerikanoek erabilitakoak zirela.

      — Ez tresneria, ezta beharginak ere.

      Martinek ulertu zionez, Goρi lotinant-koronelaz eta enparauez ari zen. Patton honen filmazioan ez zuen Battle of the Bulge hartan gertatutakoak berriz gertatu behar.

      — Alimaleko lana egin lokalizazioak topatzen eta prestatzen, eta ia ez ginen Bruneteko kuartel ingurutik irten! Diru gehiegi horren emaitza eskaserako.

      Pete Domezainek argi zeukan, oraingoan ez zuten edozein toki onartuko. Otsailean filmatzen ibiliak ziren Almerian eta Segovian, kanpoaldeen grabazioari Nafarroan eman behar zioten akabera.

      Patton Nafarroan filmatzeak parez pare zabaldu zion sorterrira itzultzeko aukera Domezaini, Aezkoako Orbaran geratzen zitzaion familia bakarrari bisita egitekoa.

      — Izeba bizirik ote den jakiteko bederik.

      Solasaldiak iraun zuen bitartean, Martinek tarteka galderaren bat egiten zion edo burua mugitzen zuen kontakizunaren hariari jarraitzen ziola adierazi nahian.

      Ordu biak jo hurren bost lagun bakarrik ziren Maisonnave hoteleko kafetegian: barra garbitzen Lizarbe koktelaria, Luisen eskua ipurtaldetik ezin askaturik blonda, Pete Domezainen kontakizunari adi Martin.

      — Berandu gabiltza —zutitu egin zen Pete—. Bihar Frantzia zeharkatu behar dugu.

      — Cobra operazioan parte hartu al zenuen? — Martinek gustuko zuen zapaltzen zuen lurra ezagutzea, are gehiago Gendulainen agindua jaso ondoren; kapitainak George Smith Patton jeneralaren biografia bat ekarri zion kuarteleko liburutegitik.

      — Han galdu nuen bigarren Sherman tankea —Pete Domezainek patriketan sartu zituen eskuak.

      — Non lehendabizikoa?

      — Alameinen.

      — Jarraituko al dugu festa Casa Marinan? —Luisek eten egin zuen haien solasa, makillajeko blondak orduantxe ihes egin baitzion gaueko musu luzeena emanik.

      — Ni gabe izan beharko du —Pete hoteleko hallera abiatu zen—. Bihar Urbasara joan beharrean gara.

      Martinek kaleko atetik agurtu zuen Pete Domezain.

      Baina Luisek ez zuen presarik:

      — Hi, nora hoa? Hondarrekoa hartu behar diagu!

      — Hemen ez behintzat —Lizarbe barmanak lehor erantzun zion eskuan erratza zuela.

      Luis kalera irten zenerako Martin hotel ondoko jauregiari beha ari zen. Lagunaren eskua sentitu zuen besotik heltzen:

      — Goazen Casa Marinara, Martin...

      — Ez. Gaurkoan eskuz hustu beharko dituk barrabilak. Bihar zeregina diagu.

      Luis ez zegoen erraz amore emateko. Kontseiluko plazara ailegatutakoan banku batean eseri zen:

      — Logurarik ba al dugu ba!

      — Altxa hadi. Urbasan behar diagu argitzen duenerako.

      — Zer esaten ari haiz? Ez gaituk inoiz eguerdia baino lehen Olaztira joan.

      — Uranga tailerrean harrera eginen zioagu Domezaini.

      San Antonera iristean kalea neurtzeko imintzioa egin zuen Luisek, Martinek besotik kontu egin zion. Gisa horretan joan ziren etxeraino, ameskoarra isilik eta iruinsemea etengabeko purrustadan.

      — Ez zakiat zer kristo darabilkian buruan, Martin. Mereziko ahal du behintzat! Gaurkoa ez diat nolanahi barkatuko.