15
Gasolindegirako asmoz, Gipuzkoa etorbiderantz abiatu zen Martin. Sosak jasotzeko tenorea zen.
Berdeak, kakiak, azulak... maleta, sinfonierra... dirua honi, dirua hari; ez ziren huskeria garunean zerabiltzan borborra eta datuen burrunba. Entzun izandakoak aztertzeari ekin zion Martinek, gidatzen zuen bitartean. Pete Domezainek esan zuen lehendabizi: “Horiek sosa besterik ez dute buruan, diru beltza, eta diru horiek non kokatu ari dira”. Eta orain bazekien puzzlearen zatiak nola lotzen hasi: Goρi lotinant-koronelaren taldeak negozioa egiten zuen filmazioaren kontura, eta hor sartzen zen begi urdina ere, apirilaren 30eko gauean Goρik Casa Marinara eraman zuen garaztarra, Esmeraldarekin jostetan ibili zena. Litekeena zen, beraz, sosa mugaz bestaldera igaro nahi izatea, gero auskalo non gordetzeko.
Susmoa hor zerabilen. Martin seguru zegoen Estherren nagusi madrildarrak ere bazuela zerikusirik jukutria hartan; Dibisio Azulean ibilitakoa zen Goρirekin eta Luisen aitarekin, nahiz eta gero ez zuen karrera militarrik egin; negozioak zituen Madrilen eta han bizi zen, baina Iruρera eta etortzen zen aldika, Argaraiko txaletera, eta izeba Irenek aipatu zionez, hementxe izanen zen, noiz eta asteburuan. Lagun batzuekin juntadizoa eta inor ez nahi etxean. Madrildarra ere diru beltzaren kontuan nahastuta zebilen, ez zen dudarik.
Izeba Irenek esanda zekien Martinek, Jaime Zabaleta deitzen zela, ezkongabea zela eta diruz ustelduta zegoela. Madrilen kontrata publikoak zeramatzan, antza, eta Estherrek behin eta berriro esatera, zeken hutsa zen. Martin ziur zen filmazioko diruen aferan nahasita zegoela. Are gehiago, lepoa eginen luke txaletean bilduko zituztela sosak larunbat gauean, maiatzaren 3an. Hainbeste diru non gordetzeko asmoa zuten ere, esanen luke. Bestela, zertarako paratu sinfonier hori bi oheen artean? Elkarrekin ere fio ez zirelako, diruak erdian lo egin dezan! Bestela, zertarako agindu Estherri sinfonierraren erdikoa hutsik uzteko? Maletarena ere hor zegoen, apalaren neurri berekoa izan behar hori...
Maleta hartan bukatuko bazuen diru beltzak, Martin puzzlea osatzen ari zen kaskoan, ez zen txori kaka izanen! Baina hor hasten ziren kezkak: nola antolatu operazioa, nola feriatu aurrena eta nola atxiki gero laster diruz mukuru egonen zen maleta hura. Nahitaez ikusi beharra zeukan sinfonier hura txaletean, inoren susmorik piztu gabe, Esther ohartu gabe, badaezpada ere.
Eta horretan zebilela ailegatu zen Martinek gidatzen zuen jeepa Gipuzkoa etorbideko gasolindegira. Atzealdean tailer txiki bat zeukan, han egon ohi zen eguerdietan jabea, Moises Estonba.
— Zer gisa?
— Jainkoak egun on! Hor daukak hirea —Estonbak bulegoko mahai gaina seinalatu zion.
Martinek gutun-azala hartu eta bi eskuekin estutu zuen, multzoa neurtzearren.
— Ez al haiz fio? Dena zagok. Barnean aurkituko duk erreziboa ere, saldutako litroen kopuruarekin. Mugimendu handiko astea, ezta?
— Zeu zara batere mugitu gabe dena eskura datorkizuna.
Hitz kontua baino ez zen, baina giroa zatartzen hasi zen.
— Neu nauk behi mekanikoari errapeetatik gasolina ateratzen diodana eta marmitak zuen esku jartzen dituena. Baimenik gabeko komertziala haizen aldetik, hobe huke harropuzkeriarik gabe alde egitea.
— Hurrengo astean moteldu eginen da hau guztia. Molde zaharrera itzultzeko tenorea helduko zaigu.
— Ze molde zahar? Betiko moldea, esan nahiko duk. Tratua aldatu egin nahi duk, ala?
— Ez da hori. Diru gogorren garaia pasatua da. Eta badakizu uda honetan lizentziatuko gaituztela...
— Zuek biok ez zarete galduko!
— Zeu ere ez, hementxe egonen zara beti zure behi mekanikoarekin.
— Eman ezak bakea, eta hoa heldu haizen bidetik.
Une horretan bisera zikin bat zeraman gizon baten burua agertu zen bulegoko atetik. Gasolina tankea betetzera etorria zen kamioizalea zen. Giltza batzuk utzi mahai gainean eta ezer esan gabe joan zen.
— Adio ba.
— Itxaron... Goρi koronela etorri duk goiz partean.
— Goρi bera?
— Nik ez diat ikusi, artatu duenak kontatuta zakiat. Bidoi pare bat eraman ditik jeepean. Zerbitzu hori ere erreziboan sartu diat, hire alde, kexa besterik ez daukak-eta.
— Bidoi pare bat orduan?
— Bai. Urbasan gasolina eskas dutela, halaxe jakinarazi ziok nire mutilari.
Zurtuta zegoen Martin. Zer deabrutan ari ote ziren Goρi eta bere lapurrak? Urbasako filmazioa akitua zen, gehienez ere Ultzaman grabatu beharreko eszenetara hurbil zitezkeen, baina han ez zen jende askorik behar. Zertarako gasolina bidoietan? Kasu bihurrienean, muga igaro behar bazuten ere. Nolanahi, ez zen horren urruti, eta mugaldean ez zen gasolindegirik falta.
Jeepean sartu eta eskua altxatuta agurtu zen Martin. Estonba maniobrari beha geratu zen. Erlojuari eman zion begia, ia ordu biak ziren. Honezkero Pedrotxo Basotxoan edukiko zuen zain.
Gasolina... Goρiren taldeak gasolina behar zuen garraiorako, baina nondik nora ibiltzeko? Atari Berria igarotzean entzun zituen San Lorenzoko kanpaiak. Lehengusua ikusi zuen zebrabidean, eskuetan maleta bana zeramala. Ez zion bozinarik jo, leihatilatik keinua egin zion aurrera jarrai zezan. Martinek, trafikoa oztopatuz, Basotxo kalearen hasieran gelditu zuen jeepa; lehengusua bizkor ibili zen, atzealdeko atea ireki eta maletak sartu zituen.
— Egina?
— Bai, egina. Aukeran astunegiak dituk.
— Zergatik?
— Bi maleta nahi hituen, ezta? Ba igual-igualak eta nahi bezalako tamainakoak, horiek dituk bakarrak.
Pedrotxok atzealdera begiratu zuen, ea maletak ongi zihoazen. Martinek ez zion kontrastik egin. Navas de Tolosara heldu zirenean, ezkerretara jo zuen.
— Nora naramak?
— Argaraira.
— Bazkaldu gabe gaudek!
— Luis iratzarri behar diagu. Eta ondoren Estherrengana goazak, haren maleta uztera.
— Mokadu ziztrin bat ere ez?
Pedrotxok ez zuen Martinen arraposturik izan. Berde harrapatu zuten Generalisimo Franco etorbideko lehen semaforoa, bigarrena ez ordea. Pedrotxo ez zebilen gozo, bazen han protesta. Gosea. Mola plazara iristean zakar eragin zion bolanteari Martinek, Orhy hotela igaro, eskuinetara jo, Amaia kalean sartu eta handik hogei metrora aparkatu zuen kotxea, ezkerraldean.
— Tira, azkar —Martinek jeepetik kanpo zeukan oin bat.
La Navarra ostatuan sartu ziren. Izkina batean bi gizon heldu ari ziren, gomazko botak jantzita, amuarrain bana neurtzen barra gainean. “Enea bai luzea” bota zuen bi gizonetarik garaienak. Poltsikotik labana bat atera eta marka egin zuen eztainuzko estalkian, zerbitzaria erne zuela. Gizon txikiak bere amuarraina neurtu zuen ondoren: “To, hau bai ederra”. Zerbitzariak irri egiten zuen. Martin hiru lagunei begira ari zen. Txikiak ere bere txuria atera zuen, ostatuko barrak bi hozka berri zituen. Zerbitzaria arrantzan ibilitakoengandik aldendu eta Martin eta Pedrotxorengana hurbildu zen.
— Ba al duzue ajoarrierorik?
— Baiki.
— Ajoarriero erdia eta patata tortilla pintxo bana.
— Segituan.
Sukalderantz abiatu eta, arrantzaleen paretik pasatzean, ostatu goialdera igotzeko keinua egin zien. Amuarrainak barra gainean utzita, eskaileran gora aienatu ziren, txikiari erronka egiten garaia: “Errebantxa Euskalen!”.
Mutiko gazte bat sartu zen, marra urdinak zituen txabusina batekin. Zuzenean jo zuen sukaldera. Une hartantxe emakume sendo bat agertu zitzaion atalasean, tortilla pintxoak eta ajoarrieroa zekartzala. Mutikoari matrailean musu eman eta amuarrainak jaso zituen barratik.
Pedrotxok patata tortilla irensten ziharduela, Martinek hirugarrenez ikuskatu zuen ostatua: goian ziren arrantzan aritutakoak, mutikoak pinta bat ardo eta oliba platera zeramatzan haiendako erretiluan, eskaileran gora. Arrantzale txikiak ukabilkada eman zuen mahai gainean: “Min hartuta badago ere, ni Raulen alde!”. Kolpeak ezustean harrapatu zuen mutikoa, baina ezohiko abileziaz orekan mantendu zuen erretilua. Martinek eta Pedrotxok ajoarrieroan sartu zituzten sardexkak.
— Nekez topatuko duk Hiri Buruzagi osoan patata tortilla eta ajoarriero hauen parekorik —esan zuen Martinek—. Bizkor, Luis altxarazi behar diagu. Paga ezak hik, nik halako bi jan duk-eta.
— Beti aitzina —Pedrotxo ez zen arranguratu.
Generalisimo etorbidea hartu zuten atzera ere.
— Lau urte dituk espetxe horretatik alde egin nuela —bota zuen Pedrotxok inorendako.
Anitz gauza eskertu behar zizkion Martinek Pedrotxori. Haietarik bat Seminariokoa, Pedrotxo izan baitzen Iruρeko apaiztegitik ospa egiten lehenbizikoetakoa, eta apaiz-bideak uzteak Martinen ukoa erraztu zuen gero. Pedrotxo ez zen, baina, esku hutsik joan Seminariotik. Bizimodua aise ateratzen zuen mendian, bai, baina irakurzaletasunari eutsiko zion betiko, ikasiak zituen latina eta italiera poxi bat. Eta solfeo oinarrizkoa.
Apaiztegira ailegatu baino lehen ezkerretara jo zuten. Victor Eusak diseinatutako eraikinaren hesiak, ikastetxe baten hormak eta txalet zerrenda batek eratzen zuten kalea. Erdi parean zirela, barneko bideari segitu zioten. Hantxe zegoen Luisen izebaren txaleta. Pedrotxori jeepean gelditzeko agindu zion Martinek.
Zabalik kausitu zuen Argaraiko sarrerako langa. Lorategi txiki bat zeukan, eta honek Estherrek gobernatzen zuen txaletera ematen zuen. Hain zuzen ere, hesi baxu batek bereizten zituen Jaime Zabaleta madrildarraren etxearen eta izeba Paularenaren lorategiak.
Martinek luzaroan jo zuen txirrina.
— Egun on, Martin —permanentea egina zuen emakumezkoak ireki zuen atea—. Lo seko dago zure laguna. Pasa zaitez. Segituan abisatuko diot.
Izeba Paulak foulard bat hartu zuen atearen ondoko pertxerotik.
— Lasai eseri, mutikoa, akiturik izanen zara. Luisek kontatu dit gau eta egun lanean diharduzuela filmazioan. Pozik egonen dira zuen agintariak. Gendulain kapitaina ikusten badut, eskatuko diot nire iloba hobeki zain dezan. Horrek kasu eginen dit, kasu eginen didanez.
— Bai, anderea, ez digu Unibertsitatera joateko betarik ere uzten. Erabat emanak gaituzu filmazioaren zereginetara.
— Ongi segi, Martin. Eta goraintziak izeba Ireneri.
— Zure partetik, anderea.
Pijama urdin argi bat jantzita jaitsi zen Luis, balantzaka. Iluntzera arte despeditu zen emakumea, kartetan jokatzera zihoan. Sukaldean zen Martin, harraskaren aldameneko leihotik begira.
— Zer arraio gertatzen da? —makarrak kendu zituen Luisek—. Arazoak?
— Ez. Gauza inportanteak zauzkaat kontatzeko.
— Kopon! Hik beti baduk zerbait.
— Begira ezak hor kanpora...
Luisek ez zuen ezer berezirik ikusten leihoaren bestaldean. Denak bere tokian zirudien.
— Operazio berri bat diagu —esan zion Martinek—. Madrildarraren txaletean sartuko gaituk.
— Zer ostia galdu zaiguk ba hor?