29
Lizarra inguruetan espero zen pilaketa saiheste aldera, Deierritik joatea deliberatu zuen Martinek. Etxauri igaro eta Garesko bidea hartzen zuten ibilgailu gehienek. Guardia zibilak ari ziren trafikoa zuzentzen. Portua igotzen hastea eta trafikoa arintzea bat izan zen. Ohartzerako behean zuten ibarra, gereziondoak han-hemenka aspalditik loretan, eta ibaia erdian sigi-saga. Gaina pasatu eta batera agertu zitzaien Estellerri iparraldeko ordeka. Laster hasiko ziren gorritzen galsoroak eta garagar sailak. Euri giroa zekarren iparrak.
— Zergatik ez dugu mokadu bat jaten? —proposatu zuen Luisek.
— Ama hamaiketako mezetara joaten duk. Aldez aurretik eman nahi zioat pakete hau —Irenek prestatutakoa erakutsi zion Martinek.
Ama hitza ahoskatzeak bere baitan sortutako oihartzunaz jabetu zen Martin. Arrunt gutxitan erabiltzen zuen ama hitza, arrunt gutxitan egoten zen-eta Aranaratxeko amarekin. Orain bi zeuzkan, Iruñekoa eta herrikoa. Edo beharbada, ez zuen ama bakar bat ere?
Jaitzeko gatzagetara heltzear zirela txapelgorri multzo bat ikusi zuten bide bazterrean. Martinek moteldu egin zuen abiadura.
— Lizarrarako asmorik bai arratsean? —galdetu zion Luisek.
— Ea zer dioen Pedrotxok. Gaur akitu nahiko dik jeepen atontzea. Nik bederen, ez diat Lizarrarako txirrinta kendu beharrik. Hik?
— Izeba Paula gozatzearren. Sesioa jasan beharko diat bestela.
— Igual gaur bertan izanen duk errieta. Piura horrekin Falangera pasatu haizela pentsatuko dik —trufatu zen.
Abartzuza igaro eta eskuineko kamioa hartu zuen. Bakea ematen zion paisaia hark, haurtzarora itzultzea zen neurri batean. Eraulera iritsi aitzineko lepoan, laguna larri zetorrela-eta, enbor lodiko arte oker baten ondoan gelditu ziren. Hantxe hustu zuen maskuria Luisek.
— Hau al da Concha jeneralaren artea? Muruko batailakoa?
— Hori izanen duk, bertakoek milurtekoa esaten ziotek.
— Aitak inoiz kontatu didanez —esan zuen Luisek brageta ixten ari zela—, gure birraitatxik Concha jenerala zauritu zian bataila hartan.
— Gureak, berriz, beso bat galdu zian hor —Martinek Eraul eta Etxabarri arteko muinoa seinalatu zuen.
Presa zuen heltzeko, baina Luisekin ez zitzaion erraza. Eraulgo portua jaitsita, Urbasarako bidean, goseak heldu zion:
— Martin, Larriongo ostatua...
— Loinen aroztegia.
— Geratuko al gara? Mokadu bat sikiera...
— Utz ezak Larrion beste baterako. Dena bukatzen denean izanen diagu parada Aste Santuan egin genuen afari legea errepikatzeko.
Era guztietako generoa biltzen zuen Pedrotxok Urbasan. Beste batzuen gisara, zizez hornitzen zituen inguruko tabernak eta jatetxeak.
Ez zuten ia trafikorik aurkitu goranzkoan. Lizarrakorantz, aldiz, etengabea zen kotxeen emaria. Zudairi ondoren, karlisten autobus batekin topo egin zuten Ameskoa goiengo gurutzean. Martinek jeepa gelditu zuen autobusak maniobratu bitartean.
— Berandu zabiltzak gurutze-biderako.
— Gu gaituk garaiz ez gabiltzanak —Martinek bizkortu egin zuen abiadura, atzeko gurpilak doi bat lerrarazirik.
Arimarik ez Eulaten. Mezatan izanen ziren herrian geratu zirenak. Aranarache iragartzen zuen kartelaren aldamenean aparkatu zuen Martinek, ondoan zegoen ama bizi zen etxea.
— Hau duk tenorea! —zakar hartu zituen emakumeak.
— Ezin lehenago heldu. Kotxe ugari dabil. Irenek pakete hau eman dit zuretzat. Eta orain Pedrotxorengana joatekoak gara.
— Utzi jangelan. Ni presatuta nabilek —elizako ezkilaren deia entzun zuen emakumeak—. Banoak.
Urbasarantz igotzen hasi eta ezkerreko bidexka batetik jo zuen Martinek.
— Nora hoa?
— Pedrotxo Remigiorenean ote dagoen begiratuko diagu.
Ehun bat metrora, estalpe handi bat zegoen ordoki batean, haritzak zituela inguruan. Aise ezagutu zuten Remigioren kamioi zaharra, zenbait parte faltan zituela. Hertsirik zen itxuraz eraikina, baina mugimendua sumatzen zen barnean. Berehala ireki zieten.
— Txerrenek egun on! —gizon gihartsu bat agertu zen atalasean—. Heldu zarete-eta!
Remigio eta Pedrotxo izanen ziren mezatara huts egiten zuten bakarretakoak inguru hartan. Mendian ustez beharrean jarduteak salbuesten zituen ofizioetatik.
Ebatsi zuten kamioi berriaren aitzinaldean ari zen Pedrotxo.
— Zaharraren ikurra paratu diot.
— Dotore dago —esan zuen Luisek.
— Zer moduz joan da maleten trukea?
— Egina —erantzun zion Martinek—. Eta trukea ez dena ere bai. Gero kontatuko diat.
Gazta eta ardoa atera zien Remigiok.
— Zein da gaurko plana? —Martinek Pedrotxoren eskuetan utzi zuen zahatoa.
— Kamioia ia prest zagok, ezin diagu askoz gehiago itxuratu. Nire jeeparen atontzea bihar akituko diat.
— Eta gurea?
— Zuenak ez dik presarik. Orain badarabilzue Komandantziakoa. Soldadutza akitzen duzuenerako prest egonen duk. Momentuz paperak jeep batendako bakarrik atxiki ditiat.
— Gestoriako Hartzarekin egon haiz orduan.
— Bai.
— Eta?
— Arazorik ez. Baina dena legeztatzeko beste ibilgailu baten baja behar diagu —azalpenak eman zituen Pedrotxok—. Remigioren kamiona eta nire jeep zaharra bi ibilgailu dituk, beste baten paperak feriatu behar ditiagu zuena sakramentu guztiekin martxan jartzeko. Baja emanen duen jabeari ere zerbait eman behar zaiok. Eta gainera, guardia zibilen hozka aintzat hartu...
— Eta zer abizen du horrek guztiak? —diruen kontabilitatea egin nahi zuen Martinek.
— Milako batzuk. Hartzak eginen dik dena, baita txapelokerrekikoa ere.
— Hori ez duk galduko, ez!
— Judua beti judu.
Martin estalpeko atera hurbildu zen. Remigio eta Luis ikusi zituen kanpoan kamioi zaharraren lohi-babesa askatzen.
— Eta zenbat emanen digu Remigiok? —galdetu zion Pedrotxori.
— Gestoriako eta Uranga tailerreko zorrak kitatzeko lain.
— Gutxi duk hori.
— Guk sartu genian afera honetan, ez zian berak bilatu. Pozik egon hadi, zerbait emanen ziguk.
— Remigio irabazten atera duk gisa guziz.
— Ez hadi zekena izan! —gaitzetsi zion Pedrotxok—. Eta gureaz, zer? Ez didak ezer kontatu behar trukeaz?
Billete multzoa atera zuen praketatik Martinek.
— To, hor dauzkak hogeita hamar mila duro.
— Zenbat zegoen denera? —Pedrotxok sorta eskuratu zuen.
— Hori duk hire partea.
— Beste horrenbeste al daukazue zuek?
— Luisek bai. Nik oraindik ez diat deus ere hartu.
— Ez adarrik jo niri!
— Tira, bai, bazagok gehiago. Diru horretatik gestoriakoa eta Urangarena ordainduko dituk hik, aski eta sobera daukak. Eta osorik hiretzat izanen duk Remigiok emanen duena. Gure jeepa prest dagoenean eginen ditiagu kontu guztiak.
— Baina esan behar al didak zenbat zegoen?
— Ez diat dena zenbatu.
— Kilo bat?
— Hortxe, hortxe.
Pedrotxok zaplada bat eman zion bizkarrean.
— Amerikarrek ezer jaso al dute?
— Horiek ederki ordainduta zaudek.
— Beraz, ez gaituk Luis eta biok izan zatiren bat hartu dugun bakarrak...
— Amerikarrek espeziean jaso ditek ordaina.
— Konforme geratu dira Josefaren jatekoekin eta Casa Marinako libertimenduekin?
— Zabaletaren txaleteko sotoan zeuden artelanak eraman ditiztek.
— Koadroak ordain saritzat?
— Bai. Ez henbilen sobera desbideraturik Uranga tailerreko aparkalekuan Domezainen interesaz galde egin hidanean.
Martinek hasi eta buka azaldu zion koadroen afera lehengusuari. Kontakizuna luzatu ahala harridura, lilura eta poza tartekatu ziren Pedrotxoren bisaian.
— Aluak! Tira, igual horrela hobe.
— Ez zakiat zer esan, ihes egiten zidak artelanen balioak. Hori bai, koadro bat utzi zigutek, Basiano jartzen duena sinaduraren tokian.
— Kotizatua duk gurean!
— Hura utzi badigute guri, ez diat jakin nahi zer balio izanen duten eraman dituztenek.
Estalpeko atea zabaldu zen. Lohi-babesaren mutur bati heltzen zion Luisek eta beste muturrari eutsiz zetorren Remigio atzetik.
— Hauxe da azkena. Aukeran txiki samarra, baina moldatuko gara ongi gera dadin. Lohi-babesarengatik ezagutzen dute nire kamioia.
— Gutxi fida txapelokerrekin —Martinek sorbalda mindura eraman zuen eskua—. Ipurtzuri horiek zerbait galdetuko dizute.
— Bai Ameskoan bai Kongon, berde zein zuriekin mondongo!
Denek irri egin zuten Remigioren ateraldiarekin.
Eguerdiko ordu bata irian amaitu zuten lohi-babesaren moldatzea. Piezak ez zuen aurrealde osoa betetzen, betiere ongi eusten zion. Koipez zikindutako eskuak garbitzera alde egin zuten Luisek eta Remigiok.
— Gurera al hator bazkaltzera? —galdetu zion Martinek Pedrotxori.
— Hire amaren etxera? —lehengusuak ez zuen ulertu Martin gaiztoz ari zela.
— Noiztik hekien ez dela nire ama?
Pedrotxok sakonetik hartu zuzen arnasa.
— Txikia nintzela sesioan harrapatu nitian izebak, sei bat urte edukiko nitian. Hire aita hil zorian zegoan, atakea eman zionetik hilabete bat ohean geldi. Hi ibiltzen hasia hintzen, jostailu bat hintzen niretako, jostailua eta lotura. Arratsaldero eskola ondoren joaten ninduan zuen etxera. Izeba Irene arrunt gutxitan etortzen zuan herrira, ordukoan hiletaren bat kari izanen zuan. Ni hire loa zaintzen ari ninduan bazkal ondoan, huraxe zuan nire zereginetako bat. Hi lo utzita, sukaldetik zetorren sesioak erakarri nindian, ganbarako eskaileretatik entzun nian. “Puta!” izan zuan izeba Txarorengandik aditu nuen gozoena, eta tarteka izeba Ireneren negar zotinak. Denborarekin ulertu nian izeba Txaroren haserrearen arrazoia.
— Ni al naiz hau guztia ez zekien bakarra?
— Konturik ez duk atera gure etxeetako hormetatik landa.
— Eta aitak zer zioen?
— Gure aita bere anaiaren ifrentzua zuan. Gureak men egiten zioan zuen aitak esandako guztiari. Hire aitak ez zian neurririk.
— Eta honetaz inoiz mintzatu al haiz nire anai-arrebekin?
— Zerbait jakinen ditek, baina nik ez zieat sekulan ezer aipatu. Badakik, hi haiz nire lehengusu kutuna.
Remigioren eta Luisen kalakak iristen ziren estalpe kanpotik.
— Gozatu ezak hire ama —esan zion Pedrotxok—. Izeba Irene bezalakorik ez zagok familian.
Kanpokoen solasa gero eta gertuago aditzen zen barnetik. Remigio sartu zen aurrena estalpean:
— Gaur ere otordua irabazi dugu. Bazkaltzeko asmorik?
— Amarenera joatekoak gara —erantzun zion Martinek.
— Eta hik, Pedrotxo, lagunduko al didak Eulateko ostatura?
— Ez da plan txarra.
— Nire kontura Eulateko bermuta! —esan zuen Remigiok—. Eta gero nahi baduzue, etxekoak egindakoan, heldu zaitezte guregana, ez da mus partidarik faltako.
— Lizarrarako asmotan gaude —esan zuen Martinek, Luisi begira.
— Hala txapeloker nola txapelgorri, buruan hazka egin eta mila zorri!
Algaren oihartzuna Aranaratxeko herri kaskoraino iritsi zen.