Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

9

 

Gozo esnatu zen maiatzaren lehena. Ireneren etxeko sukaldean Luis esne-zopak gosaltzen ari zen Martin Komandantziatik heldu zenean, tantez eta birrinez zipriztinduta zuen mahaia.

      — Garbi al daukak gaurko operazioa?

      — Bai, baina azalduko diat bidean. Orain ez diagu betarik.

      — Gosaltzen amaitzeko ere ez?

      Pauso hotsak aditu ziren korridorean. Izeba Irenek txabusina lotu zuen bi gazteen aurrera agertu aurretik.

      — Goiz zabiltzate gaur ere.

      — Egunon, izeba.

      — Atzo Pedrotxok hots egin zian —izeba Irenek kikara bat bete zuen—. Hamarretarako agertuko omen duk adostutako tokian.

      Izebak eskainitakoa onartu eta Martinek hurrup bakarrean irentsi zuen kafea.

      — Gaur ere galtzak bete lan...

      — Mutilak, prest utzi dizuet mokadu bat lapiko horretan.

      — Eskerrik asko, izeba; bidean janen dugu.

      — Estherrenera joanen nauk, ez zakiat Argaraitik noiz itzuliko naizen.

      — Zer du ba Estherrek? —Martinek aski ongi ezagutzen zuen izebaren laguna. Iruñeko Seminariotik gertu, Argaraiko txaletetako batean ari zen lanean. Etxebizitza hutsik zegoen ia beti, jabea Madrilen bizi baitzen.

      — Nagusia zatorrek. Atzo bertan eman zioan gaztigua eta den-dena txukundu behar dik astebururako.

      Bi aste lehenago izan ziren Luis eta Martin azkenekoz bertan. Luisen izeba Paulak ere txalet bat zeukan kolonia hartan, Estherrek lan egiten zuen etxearen ondo-ondoan.

      — Goraintziak emazkiozu —eta Martinek keinu batez altxarazi zuen Luis.

      — Ongi pasatu eguna, Irene —Luisek zutik irentsi zituen azken hondarrak.

      Eskailerak jaisten ari zirela, Martinek jeeparen giltzak bota zizkion lagunari.

      — Gaur hiri tokatzen zaik.

      — Zer, hire bilogorriak akiturik utzi hau bart, ala?

      — Hik segi Aitzoaingo kuartelera.

      — Ez al gara gasolindegian sartuko?

      — Gaur ez.

      Aitzoaingo kuartelean sartu-irtena egin ondoren, Luisi plana azaldu zion Martinek:

      — Pedrotxo hamarretan agertuko duk Uranga tailerrera.

      — Noiz hitz egin duk ba lehengusuarekin?

      — Ez diat hitz egin, azkenean abisua osaba Jeronimori eman nioan gaztigua pasa ziezaion.

      — Eta seguru haiz Pedrotxo etorri eginen dela?

      — Hik zer uste duk? —Martinek ez zuen luzamenduetan aritzeko gogorik—. Bazkalaurretik eraman behar ditiagu gure ibilgailuak Urbasako ezkutalekura.

      — Eta Armadakoak? Trukea egin beharko diagu ba!

      — Hago isilik eta entzun. Pedrotxo zain edukiko diagu Uranga tailerrean. Bi bidaia egin beharko ditiagu. Lehendabizikoan, gure jeepak eta kamioia portura igo.

      — Kamioia?

      — Bai, kamioia. Ez zakiat nola, baina kamioi bat ere ebatsiko diagu. Haiek ezkutalekuan utzi eta segidan aparkalekura jaitsiko gaituk besteen bila.

      — Eta nola jaitsi behar dugu ba, txingoka?

      — Lau gaituk. Domezain ere gure bila helduko duk hara gora.

      — Beraz, ederki limurtu duk amerikanoa...

      — Ez duk debalde izan. Ez ahantzi erdi bana dela bart gaueko libertimendua.

      — Erdi bana, doike!

      — Ibilgailuak gordean ditugula, Armadako ikurrak kendu eta geureei paratuko zizkieagu. Hori eginda, Petek esandako moduan kokatuko ditiagu. Dena filmaziokoak heldu aurretik egin beharra zagok. Ez zakiat gaur bazkaltzeko betarik hartuko dugun.

      — Urruti al dago ezkutalekua filmazio tokitik?

      — Pedrotxok jakinen dik hori.

      — Baina ez ote da hobe, gure ibilgailuak hara eraman beharrean zabalgunean bertan uztea, filmatu behar duten tokian berean?

      Martinek zalantza egin zuen une batez. Irribarrea loratu zitzaion.

      — Ez duk ideia txarra.

      — Pozten nauk. Beti esaten didak “utzi niri, utzi niri!”, eta heu bakarrik korapilatzen haiz heure hitzetan.

      Orduan kontatu zion Martinek Pete Domezainena, nola onartu zituen plana eta tratua Casa Marinatik Maisonnave hotelera bidean.

      Trukea egun argiz eginen zuten, errodajekoak agertzerako erre beharreko ibilgailuak prest behar zituzten zabalgunean. Gero hamar bat orduz edukiko zituzten gordean. Horrek bazuen abantaila bat: jeepak eta kamioa itxuraldatzeko aukera izanen zuten. Espainiako Armadako ahalik eta ikur gehien lortu beharko zituzten erre beharreko ibilgailuei itsasteko. Zer gerta ere, komeni zen haiek jeepen karrozerian agertzea.

      Bazuten beste arazo bat, Alvarez zen Martinen kezka nagusia, sarjentuak berehala antzemanen baitzuen horiek ez zirela Armadako ibilgailuak. Horretan ere Pete Domezainen laguntza izanen zuten, zerbait bururatuko zitzaion aetzari Alvarez fidagaitz hura aparkalekutik mugi ez zedin.

      Pedrotxok ahalik eta goizen egon beharra zuen Uranga tailerrean. Aurretik ezkutalekua aukeratuko zuen, hura kamuflatzeko materialik ez zitzaien faltako, pagoak zein haritzak aski ongi jantzirik zeuden-eta maiatzeko hasiera hartan.

      Urrutitik antzematen zen Olaztiko aparkalekuaren berde kakia. Jeepak, tankeak, kamioiak erasorako prest ziren. Inoiz baino behargin eta teknikari gehiago zebilen inguruan, baina aparkalekuan ez zen Domezainen arrastorik.

      — Hi gera hadi Peteren zain —Martin bulegora abiatu zen.

      Uranga gaztea bulegoaren atzealdeko eremuan zegoen, mangera eskuan, bezperako filmazioan goitik behera lokaztutako kamioia garbitzeko prest. Luis ez zen jeepetik jaitsi.

      — Uztak hori! —agindu bat izan zen Martinen diosala.

      — Heuk egin nahi duk, ala? —Urangak ez zion begiratu ere egin.

      — Garbitu ez, lokaztu egin behar ditiagu traste zaharrok!

      Urangak mangeraren gakoa itxi zuen.

      — Kamioi bat behar diagu —eskatu zion Martinek.

      — Hara bestea! Eta nik tanke bat!

      — Serio ari nauk. Kamioi bat, zaharra bada hobe.

      — Garajean ez diagu horrelakorik. Tira, hor daukak Portlandekoen autobus zaharra, kamioi baten tankerako muturrarekin —Urangak aparkalekuaren bazter batera so egin zuen—, baina ez zakiat martxan jarri ahal izanen dugun.

      — Goazemak —Martinek bultza egin zion mekanikariari.

      — Hago, geroxeago saiatuko gaituk, hik bisita daukak —Urangak bulegoko sarrera seinalatu zion Martini; honek berehala erreakzionatu zuen, bazekien nor topatu behar zuen estalpe barnean.

      — Garaiz heldu haiz. Non daukak jeepa?

      — Estalpearen gibelean —Pedrotxo ez zen besaulkitik higitu lehengusua sartzean—. Osaba Jeronimok ez zidak gauza handirik kontatu, munta handiko zereginen bat dugula besterik.

      — Hik... nahi al huke jeep berri bat?

      — Galdetzea ere! Baina zeren truke?

      — Merke aterako zaik —Martinek burua jiratu zuen, Uranga bulegoan sartzera ote zihoan erreparatzeko—. Luis zain zagok aparkalekuan, hark azalduko ditik gaurko egitekoak. Nik beste horrekin solas egin behar diat orain.

      Pedrotxo eta Uranga estalpearen atalasean gurutzatu ziren. Higuin keinuz agurtu zuten elkar.

      — Azkar despeditu duk lehengusua —Uranga trapu batez eskuak xukatzen ari zen.

      — Bizkor, ea autobus hori martxan jartzen dugun.

      Urangak erreminta kutxa hartu zuen estalpetik.

      — Heldu egiok honi. Gasolina hartu behar diat.

      Portlandekoen autobusa jendea garraiatzeko prestaturik zegoen, baina nondik begiratuta, kamioia zirudien. Mekanikariak aurrealdeko kapota altxatu zuen. Minutu pare bat eman zuen bihurkina dantzan. Gero bidoia hartu eta gasolina bota zion ibilgailuari. Lehendabiziko saiakeran ez zuen arrankatu, bigarrenean kostata, baina martxan jartzea lortu zuen; ihes-hodiak ez zion inbidiarik Etna sumendiari, keak albo batean zen Martin inguratu zuen.

      — Listo, hau bazabilek —ibilgailutik jaitsi zen Uranga.

      — Esan, zenbatean aterako zait txatarra hau?

      — Txatarraren prezioan ez.