Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

10

 

Bizkor egin zuen Martinek aparkaleku nagusirainokoa. Han topatu zituen solasean Luis eta Pedrotxo. Azken honek berehala sumatu zuen Martinen ezinegona.

      — Urangak dirua nahi du —bota zien deblauki.

      — Eta? —Luisek.

      — Berehala nahi duela.

      — Zenbat eskatu du ba?

      — 40.000.

      — Kopon!

      — Aluak barrabiletik harrapatuta gauzka. Orain erdia emanen diogula esan diot.

      — Eta hik ba al daukak erdia? —Pedrotxok bazekien ezetz.

      — Eta hik?

      — Nahi bai.

      Aparkalekuan, tankeen inguruan ari zen behargin gehien; erdian, denen buru, aginduak ematen ari zen militar espainiar bat eguzkitarako betaurreko distiratsu batzuekin. Aurreko astean Komandantzian Gendulain kapitainarekin ikusi ote zuen iruditu zitzaion Martini.

      — Arre edo so? —Pedrotxo izan zen isiltasuna urratu zuena.

      — Hik zenbat daukak?

      — Otordu on bat egiteko lain.

      — Ederki gaudek!

      Ez zen 10.000 pezetara iristen hirurek aldean zeramatena.

      — Ahal dudana ekarriko dut nik Altsasuko La Vasconiatik —esan zuen Luisek.

      — Baina maiatzaren lehena da, dena itxita dago.

      — Aitabitxia dut La Vasconiako zuzendaria, nire ama zenaren anaia. Ateratzen ahal dizkiot hiru mila bat ogerleko...

      — Hoa bizkor! Esaiok bi aste barru itzuliko dizkioala. Asmatuko duk ipuinen bat.

      — Hire esanetara! —jolasti, eskua lokira eraman zuen Luisek.

      Martin estalpera abiatu zen berriz ere, eta ezer esan gabe billete multzo bat eman zion Urangari, ordubeteren buruan falta zena ekarriko ziola aginduta. Diru freskoa ukitzeak Uranga beratuta, haien esku utzi zuen ibilgailuen garraiorako premiazkoa zutena. Jeepa itxuraz ez zen sobera zaharra, baina filmazio tokira eramateko garabia beharko ote zuten deliberatzen aritu ziren. Portlandekoen autobusa, berriz, mugitu, mugitzen zen, baina ezin zuen 30 km orduko abiadura gainditu kezko gortina oparoa hedatu gabe. Hirugarren ibilgailua Pedrotxoren jeepa zen. Denetan puskaz zaharrena izanik ere, aski ongi zebilen.

      Hiru lagun behar ziren ibilgailuak filmazio tokira eramateko. Maisonnave hoteleko atarian adostu moduan, Pete Domezainek bi gazteen jeepa hartu eta haien bila joanen zen, Olaztira itzuli eta bigarren bidaian lapurreta egin zezaten.

      Dena kontrolpean zutela zirudien, baina Martinek ezin zuen kezka disimulatu: eguzkia gero eta gorago zegoen eta Pete ez zen inondik ageri.

      Eta bestetik, Pedrotxorekin hitz egiteko beta ere hartu beharko zuen. Egiaren aitortzeko, ordura arte ezer gutxi kontatua zion operazioari buruz. Lehengusuak zekien bakarra zen jeep berria feriatuko zuela berarendako, eta Luisi ulertu zionez egun eta gau osoko lana zuten aurrean.

      — Eta orain, Martin, ezer kontatuko al didak behingoz?

      — Filmazioko batekin egin diagu txama. Sortzez nafarra duk, aetza, baina aspaldi ari duk Ameriketan. Agintzen duenetakoa duk produkzioan, eta ibilgailuen trukea egiten lagunduko ziguk, zaharren ordez berriak!

      — Horraino entelegatu diat —baina Pedrotxok gehiago jakin nahi zuen—. Ulertzen ez dudana duk zer irabaziko duen morroi amerikano horrek. Urangak berea eramanen dik. Tira, puska bat eraman dik dagoeneko... Baina amerikanoak ere zerbait nahi izanen dik, ezta? Martxa honetan garesti aterako zaidak jeep truke hau.

      — Utzi niri amerikanoa. Libertimendu apur bat eskaini zioagu bart arratsean, eta baita gehiago eskainiko ere. Baina horrek ez dik sosik eramanen.

      — Seguru al hago? Galdegin al diok?

      — Maisonnave hotelean gurekin elkartu zen unetik orain arte edozertan lagunduko digula esan ziguk, eta ez dik ezer eskatu. Nonbait gustura zabilek gurekin, ongi pasatzen dik.

      — Hik jakinen duk... —Pedrotxok poltsikotik Jean tabako paketea atera eta zigarroa piztu zuen—. Osabak gaztigatu didanez, gaur izan behar zian eguna, txapelokerrak geldi egonen baitira Eulateko tabernan kartetan. Eta gero... non sartuko ditugu ibilgailuak?

      — Horixe duk hire lana, hain zuzen ere. Hamar bat orduz ezkutatu behar ditiagu.

      — Ezkutatu? Ez al ziren ba eramatekoak eta akabo?

      — Gau partean ezkutalekutik hik erabakitako tokira aldatuko ditiagu, eta kito. Baina orain zerbait bururatu behar zaik, begiluzeengandik urrun eduki ditzagun.

      — Ez didak astirik eman, lehenago erran behar hidan.

      — Oraintxe esan diat eta orain pentsatuko duk.

      — Jeepak nonahi ezkuta daitezkek, Arrizuriko gure txabolan edo. Baina kamionarendako zerbait zabalagoa beharko diagu —Pedrotxok kakalardo bat bezala zapaldu zuen zigarroa lurrean—. Aizak, jeep bat niretako eta bestea zuendako; baina kamiona... norendako da trastetzar hori?

      — Ez zakiat. Kamioi zahar bat ibiltzen dik Remigiok mendi lanetarako, igual aldatzeko tenorea heldu zaiok.

      — Ez zagok gaizki pentsatua. Iturtxipiko estalpean sartuko zioagu kamiona. Remigiok ez dik aurkikuntza salatuko.

      — Horra! Badiagu ibilgailuok non gorde.

      Horretan ari zirela, Luisek jeepa gelditu zuen bi lehengusuen ondoan, bueltan zen Altsasutik.

      — Hustu al duk La Vasconia?

      — To! —Luisek gutun-azal horixka bat luzatu zion Martini—, hiru mila ogerleko zaudek hor. Kontabilitatea zehatz eraman, e!

      — Ekar itzak giltzak ere...

      Martin jeepera igo eta bulegoaren atzealdeko orubean utzi zuen, aparkalekutik ez ikusteko moduan. Uranga gaztea bulegoaren atalasean zuen zain.

      — Hemen hire diruak.

      Urangak berehala zenbatu zituen.

      — Ez hartu apururik, baina ez zagok dena.

      — Eta orduan?

      — Bihar-etzietan ekarriko diat falta dena.

      — Akort. Kamioiak ez dik gasolinarik, har ezak beste bidoi bat biltegitik.

      Estalpe ondoko biltegira zihoala aditu zuen Martinek Pedrotxoren txistua. Lehengusuak Luis eta Pete Domezain zituen lau bat metrotara solasean.

      — Erasorako prest? —agur egin zion Martinek, ohi zuen bezala.

      — Beharko. Orain solastatuko nauk Alvarez sarjentuarekin —dena kontrolpean daukanaren konfiantza ematen zuen amerikanoak.

      — Asmatuko al duzu gero tokia aurkitzen? —Martinek eskuarekin seinalatu zuen portu aldea.

      — Ez nauk galduko. Esandako tokian paratu ibilgailuok zuek. Ahalik eta lasterren hurbilduko nauk ni.

      — Eraman zuk gure jeepa, estalpearen atzealdean topatuko duzu —Martinek giltzak eskaini zizkion amerikanoari—. Hemen duzun hau da gure hirugarren gidaria; lehengusua dut, Pedrotxo.

      — Urte askotarako —Petek bostekoa eman zion, eta amerikanoak espero baino tinkoago estutu zion eskua Pedrotxok.

      Domezain hiru gazteengandik urrutiratu zenean, Pedrotxok esan zuen:

      — Kamion moduko autobus hori neronek gidatuko diat.

      — Bai, baina ahaztu baino lehen... bazagok besterik: aurrena haritz bat bota behar diagu!

      — Pasatu zidaan gaztigua basozainak, bai.

      — Beraz, ekarri duk tresneria.

      — Baiki.

      — Feriatuko dugun kamioian sartuko diagu egur-lotea.

      — Pozik jarriko zaiguk Remigio. Kamion berria, zama eta guzti.

      Martinek zabaltzen zuen segizioa, Pedrotxoren jeepa gidatzen. Lehengusua zuen atzetik, Portlandeko ibilgailuarekin. Eta azkena Luis, bigarren jeepean, bideari nola edo hala jarraitzen, autobusak botatzen zuen kezko laino batek inguratuta.

      Bidean ez zuten eragozpenik izan. Zabalgunera iritsitakoan Pedrotxok maniobra egin zuen kamioi moduko hura ezpondan geldiarazteko, bezperan Pete Domezainek aukeratutako tokian doi-doi. Bitartean Luisek Pedrotxoren jeepeko zahatotik edan zuen ardo zirrista bat. Eta Martinek eraitsi beharreko haritzaren enborra igurtzi zuen, animalia bat balitz bezala.

      — Hasi haritza botatzen, guk lehenbiziko jeepa kokatu diagu.

      Pedrotxok motozerra atera zuen, aski zelaia zen zuhaitza zegoen eremua. Bi gazteek jeep zaharrena zegokion tokian paratu ondoren, Pedrotxorena hustu zuten: paperak eta trasteak zaku batean sartu eta orubearen bazterrean utzi, erreminta handien aldamenean.

      Lagunaren izerdi usaina etorri zitzaion Martini. Katearen hotsa enborra eraitsi nahian, auskalo nondik entzun ahal izanen zen. Pedrotxok baztertzeko oihua egin zien, goitik behera zetorren-eta arbola. Adarrak mozteari ekin zion gero. Eta Martin eta Luis enbor eta adarrak orubearen behealdera garraiatzen ari zirelarik entzun zen Pete Domezainek zekarren jeeparen asotsa, Martinek eta Luisek erabiltzen zuten kuartelekoarena.

      — Bizkor egin dugu dena —esan zion Martinek Domezaini.

      — Bizkorrago ibili beharko duzue ba!

      — Zer dugu orain? —Luis aspertzen hasita zegoen amerikanoaren aginduekin.

      — Gendulain kapitaina etorri da. Zuengatik galdetu du. Lanean ari zinetela esan diot. Arratsaldeko bostetarako Olaztiko orubean nahi zaituzte.

      — Kakatzarra! —Martin haserretu egin zen—. Pedrotxo, geldi ezak motozerra! Aparkalekuko ibilgailuak ekarri behar ditiagu lehenbailehen.

      — Ekarri bai, baina nola eramanen ditugu ezkutalekura? Hiru besterik ez gaituk —Luis urduritzen hasi zen, gogoan baitzuen Martinen plana.

      Filmaketa baino lehen egin beharra zegoen trukea; baina horretarako hiru ibilgailuak gehi txorten jeepa mugitu behar bazituzten, laugarren gidari bat behar zuten garaiz itzuliko baziren. Petek abisatua zien eguerditik aurrera ezin izanen ziela lagundu ibilgailuen garraioan.

      — Arduratuko nauk ni Gendulain kapitainaz —esan zion Domezainek Martini—, hori ez duk aparkalekutik mugituko. Eta bilatuko diat norbait, zuen jeepa honaino eta ondoren ezkutalekuraino gidatuko duena.

      — Fidatzekoa?

      — Bai, bazakiat nork egin dezakeen hori.

      Martinek ez zion berehala erantzun. Operazioa sobera korapilatzen ari zela besterik ezin zuen pentsatu.

      — Baina norbait horrek... horrek ere zeozer nahi izanen du, ezta?

      — Ongi ezagutzen diat, libertimendu poxi bat ematea aski izanen duk —Petek sorbalda gainean paratu zion atzaparra Martini.

      Martinek irri egin zuen hori entzundakoan, eta Luisi eta Pedrotxori bizi ibiltzeko adierazi zien.

      — Hau dena prest utzi beharra dugu, eta azkar!

      Lanari lotu zitzaizkion lau gizonezkoak. Tresneria zabalgunearen eskuinaldean pilatu eta haritzaren adarrez estali zuten. Kamioia eta Pedrotxoren jeepa ezpondaren hasieran zeuden eta azken jeepa bi ibilgailuetatik beheraxeago. Hiru ibilgailuak filmatzeko moduan kokatu eta, laurak jeep bakarrera igota, Olaztirako bidea hartu zuten.

      Maite zuen Martinek paraje hartan gidatzea. Ederra zitzaion ordeka zabalaren soiltasuna. Osabekin ibiltzen zenetik ezagutzen zuen, muino, bidezidor, errekabide bakoitzak zuen bere izena bakardade hartan. Errepidera heldu zenean ohartu zen:

      — Ostia, ikurrak trukatzea ahaztu zaigu!

      — Lasai, baditek nahiko lokatza —arrapostu eman zion Domezainek—. Zaila izanen ditek ezer antzematea. Salvatorek ere lagunduko dizue ibilgailuak atontzen.

      — Jakin liteke nor arraio den Salvatore? —Luis ernegatuta zihoan.

      — Lagunduko dizuen morroia. Italiarra. Maisua da attrezzo kontuetan.